Gaur goizean ospatutako osoko bilkuretan udal hautetsi berriek hartu dituzten euren karguak. Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan boto gehien eskuratu zituzten zerrendetako hautagaiek hartu dituzte bateko eta besteko alkatetzak. Orotara, 222 pertsonek hartu dute zinegotzi kargua eta ardura hori izango dute 2027ra arte.
Aurpegi berriak arituko dira udaletan datozen lau urteetan. Eskualdeko 13 herritan alkate berriak izango dira. Adunan Kristina Rodrigez, Alegian Regina Sorarrain, Amezketan Mikel Arteaga, Anoetan Egoitz Luisa, Baliarrainen Ugaitz Garmendia, Berastegin Andoni Zuriarrain, Berrobin Aitzol Izquierdo, Bidania-Goiatzen Joan Inazio Zinkunegi, Gaztelun Eider Olazar, Hernialden Luis Arana, Ikaztegietan Alba Garmendia, Tolosan Andu Martinez de Rituerto eta Zizurkilen Maite Amenabar. Altzon ere alkate berria izango dute, Xabier Olano, nahiz eta hau aritua den lehenago alkate bezala 1987-1991 agintaldian. Lehenengoz alkatetzan ariko direnen artean zortzi EH Bilduren hautagaiak dira eta beste bostak herri plataformetakoak (Aurrera Alegia, Baliarraingo Auzolanean Bizirik, Berrobi Bizi, Bidania-Goiazko Ibiri eta Hernialdeko Herniope).
Bigarren legealdia abiatu dute gaur Albizturko, Alkizako, Amasa-Villabonako, Belauntzako, Elduaingo, Ibarrako, Irurako, Larraulgo, Leaburu-Txaramako, Lizartzako, Orendaingo eta Orexako alkateek. Horietatik 9 dira EH Bilduko hautagaiak, hiru herri plataformetakoak (Albiztur Bizirik, Alkizako Abertzale Ezkertiarrak eta Belauntzako Denok Bat) eta bat PSE-EEkoa.
Tolosaldeko bi udaletan laugarren agintaldiari eman diote gaur hasiera. Abaltzisketako Ion Zubizarreta eta Asteasuko Pili Legarra dira laugarren legealdia hasi dutenak. Zubizarretak Herrigintza plataformaren eskutik jarraituko du alkatetzan eta Legarrak Asteasu Batuzekin.
Generoari dagokionez eskualdean 18 alkate gizonak izango dira eta 10 emakumeak.