EH Bilduk udal hauteskundeak irabazi ondoren, gaur hartu du alkate kargua Andu Martinez de Rituerto Arregik. Olatz Peon Ormazabal azkeneko zortzi urteetan alkate izan denaren eskutik jaso du aginte makila.
Legealdi berrian, 9 zinegotzi izango ditu EH Bilduk, 7 EAJk eta bakarra PSE-EEk. Hauek izan ziren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetako emaitzak.
Martinez de Rituertok, alkate izendatu berritan, hitz batzuk egin nahi izan dizkie bilkura aretoan bildutako herritarrei. Hitzartzean esan du "apaltasun osoz eta erantzukizun handiz" jaso duela aginte makila eta aipatu du "ohore handia" dela Tolosako alkate izatea. Hitz eman du "gogotik eta ilusioz, zintzo eta gardentasun osoz" egingo duela lan. Alkateak betidanik izan dituen kezka sozial eta ekologikoak aipatu ditu: "Nire hoberena emango dut. Beti saiatu naiz nire aukeren baitan nire ingurukoak zaintzen eta beraien bizitza hobeago egiten. Orain beste maila batean bada ere, berdina egiten saiatuko naiz". Udaletik tolosarren beharrizan oinarrizkoak asetzen saiatuko direla esan du Martinez de Rituertok.
"Nire tokatuko zait erabakietan azken sinadura jartzea, baina katearen azken katebegia baino ez naiz izango. Denon parte hartzea nahi eta behar dugu, behetik gora eta elkarrekin egin beharreko bidea da hau, hautetsiok, teknikariak, eragileak eta herritar ororen parte hartzea bermatu nahi dugu", esan du alkateak. Bere bulegoko ateak zabalik izango dituela esan du eta lanabes bezala hitza izango duela aipatu du. "Sortuko diren gatazketan, zentzuz, lasaitasunez eta elkarri zor diogun errespetuz jokatuko dugu". Indibidualismoa indartzen ari den honetan komunitate izaera eta solidaritatea indartuko ditu udal gobernuak, Martinez de Rituertoren esanetan. "Tolosak berezkoa duen izaera solidario indartuko dugu, elkarri babesa eman eta inor atzean utziko ez den herria izango da gurea"
Honenbestez, gaurtik aurrera, Tolosako udalbatza ondorengo hautetsiek osatuko dute:
- Andu Martinez de Rituerto Arregi (EH Bildu)
- Esti Kortejarena Ugarte (EH Bildu)
- Goiuri Ezeiza Arandia (EH Bildu)
- Ander Figuerido Zubiria (EH Bildu)
- Josune Sanz Vidal (EH Bildu)
- Aitor Agirresarobe Murgi (EH Bildu)
- Kristina Pelaez Errazkin (EH Bildu)
- Aitzol Garcia Azurmendi (EH Bildu)
- Garbiñe Marzol Ormazabal (EH Bildu)
- Xarles Iturbe Pasaban (EAJ)
- Biotxa Agirre Ugalde (EAJ)
- Leire Zubeldia Rezola (EAJ)
- Xabier Balerdi Tolosa (EAJ)
- Ainhoa Dominguez Landa (EAJ)
- Patxi Amantegi Zubiria (EAJ)
- Iker Uson Gonzalez (EAJ)
- Jose Maria Villanueva Telleria (PSE-EE)