Adimen artifizialaren erabilpena ATARIAn

  • ATARIAk atal honetan laburbildu du nola jokatuko duen adimen artifizialari dagokionez, garbi egon dadin nola, noiz eta zertarako erabil daitekeen, eta erabiltzea zilegi denean zer betebehar dakartzan ezinbestean.

  • ATARIA bere komunitatearen zerbitzuan aritzen da beti, eta helburu behinen horren mende eta mesederako denean baino ez du erabiliko adimen artifiziala. Horrek esan nahi du adimen artifiziala ezingo dela erabili kazetaritzako profesionalen lana ordezkatzeko.

  • Giza sormena bultzatu eta lehenetsiko du ATARIAk, bere ikuspegi propioaren bermea izan dadin, eta kalitaterik onena eman nahian.

Irizpide deontologikoak eta balio editorialak

  • Inola ere ez da onartuko ATARIAren irizpide deontologiko eta editorialen kontrako edukirik. Beraz, adimen artifiziala erabiltzea zilegitzat jotzen denean ere, irizpide eta balio horiekin bat eginez erabiliko da. Esaterako, ATARIAren edukia sailkatu eta etiketak jartzeko erabiltzen bada, ezinbestekoa izango da etiketa horietan ATARIAren irizpide editorialak betetzen direla gainbegiratzea.

  • ATARIAk zorrotz babestuko ditu hala herritarren datuak eta pribatutasuna, nola sortzaileen eta artisten eskubideak, eta ez du biderik emango adimen artifiziala erabiliz eskubide horiei kalte egiteko.


Adimen artifizial sortzailea noiz erabil daitekeen

  • Adimen artifizial sortzaileak testuak, irudiak, ahotsak, musika, bideoak eta informatikako kodea eratzen ditu, erabiltzaileak proposatutako parametroei erantzunez. Gaur egun, edozeinen esku dago adimen artifizial sortzailea erabiltzea, baita, beraz, ATARIAren irakurle eta ikus-entzuleen esku ere. ATARIAk, ordea, beste zerbait eskainiko dio beti: kazetaritzako profesionalek euskal irakurle eta entzuleentzako berariaz landutako edukia, ondo egiaztatua, eta ikuspegi berezi batez jorratua.

  • ATARIAn ez da argitaratuko adimen artifizial sortzaileak idatzitako testurik, ez osorik eta ez partez, ez entzuteko euskarrietan eta ez irakurtzekoetan.

  • Informazioa biltzeko, datuak analizatzeko edo ustiatzeko, eta irudien jatorria egiaztatzeko erabili ahal izango da baldin eta erredakzio zuzendaritzak hala egiteko eskatu badu espresuki, edo baimendu esplizituki. Nolanahi ere, kazetaritza lanaren lagungarri izango da beti, eta ez inola ere ordezko.

  • Erredakzio zuzendaritzak esplizituki eskatu ezean, adimen artifizial sortzailea ezingo da erabili ATARIAn testurik, irudirik, bideorik edo audiorik argitaratzeko. Erredakzio zuzendaritzak adimen artifiziala erabiltzeko eskatuz gero, beti eskatuko du pieza jakin bati dagokionez, eta ez da inola ere izango zeinahi edukitarako erabiltzeko baimena.

  • Erredakzio zuzendaritzak hala eskatu eta erabiltzen denean, ezinbestekoa izango da ATARIAko profesionalek zorrotz eta eraginkor gainbegiratzea, eduki hori argitara eman baino lehen. Aurrena, kazetariak berak egiaztatu beharko du horrela eskuratutako informazioa; gero, sailburuak eta editoreak gainbegiratu eta onetsi beharko dute pieza, goitik behera, zernahi euskarritan argitara eman baino lehen.

  • Adimen artifizial sortzailea erabiltzen bada, ATARIAk argiro adieraziko die irakurleei eta ikusentzuleei nola erabili den eta zertarako.

Elkarrizketen transkripzioa

  • Adimen artifiziala erabili ahal izango da elkarrizketatuak ahoz esandakoa idatzira ekartzeko.

  • Hala jokatzen denean, kazetariak arretaz gainbegiratu beharko du testua, grabazioarekin konparatuta, edukia leial jaso dela segurtatzeko.

  • Kazetariak behar diren moldaketak egingo ditu ahozko solasa kode idatzira egokitzeko, transkripzio tradizionalean bezala. Esaterako, komunztadura hutsak zuzendu eta aditz erregimen arautuak erabiliko ditu, eta esaldiaren ordenamendua moldatuko du doinurik ezean gaizki ulertzeko bidea ematen badu, eta abar.


Itzulpen artifiziala


Kazetarien testuak

  • Kazetariak ezin dezake itzulpen artifizialak emandako testurik argitaratu, ez osorik eta ez partez. Izan ere, ATARIAk plaza ematen dio kazetari bakoitzari bere ahotsa landu dezan, kazetaritza estilorako hobetsitako jokalekuaren barruan, askotariko idazkera bizia sustatu nahian.

Iritzi artikuluak

  • Kanpoko iritzi emaileei euskaraz sortutako testuak eskatuko dizkie ATARIAk.

  • ATARIAk eskatu gabe iritsitako artikuluei dagokienez, iritzi emaileak makina bidez euskaratu badu horren berri jakinarazi beharko dio ATARIAri, eta ohar batean adieraziko da, irakurlea jakinaren gainean jartzeko, betiere artikulua interesgarritzat jo eta argitaratzea erabakiz gero.

Analisiak, zutabeak eta gainerako iritzi generoak

  • Kanpoko analista eta zutabegile finkoei euskaraz sortutako testuak eskatuko dizkie ATARIAk.

  • Salbuespen moduan, eta gertaera bakanen batek justifikatzen badu, zilegi izango da analisi edo zutaberen bat itzulia izatea, baina halakoetan ATARIAk bere kontu hartuko du itzultzeko lana.

Irudiak

  • Argazkien, bideoen eta gainerako irudien alderdi teknikoak hobetzeko erabili ahal izango da adimen artifiziala (enkoadrea, argiztapena, kolorea, fokua eta abar), baina ez beste ezertarako, be errespetatuko baita irudiaren egiazkotasuna. Beraz, inola ere ez da onartuko adimen artifiziala erabiltzea irudiak sortzeko, manipulatzeko edo errealitatea modu faltsuan edo engainagarrian irudikatzeko.

  • Adimen artifiziala ez da inola ere erabiliko gezurretako edukia izan baina egiazkoa dirudien bideorik sortzeko.

  • Lekuko baten anonimotasuna gorde behar denean, aurpegia itxuraldatu dakioke adimen artifiziala erabiliz.

  • Irudietan eta bideoetan ez da edukirik gehituko adimen artifiziala erabiliz.


Ahotsa

  • ATARIAk, ahots sintetikoaz baliaturik, modua emango dio hartzaileari idatzizko testuak entzuteko.

  • Adimen artifiziala ez da inola ere erabiliko norbanako baten ahotsa antzeratu eta haren hitzak aditzen ari garela pentsarazteko.


Aurreiritziak, haluzinazioak eta plagioa

  • Bai algoritmoak eta bai adimen artifiziala entrenatzeko erabilitako datu eta testuek berekin ekar ditzakete ATARIAk onartu gabeko aurreiritziak, lerratzeak eta makurdurak.

  • Adimen artifizial sortzaileak haluzinazioak ere baditu: batzuetan, datu zehatzak balira bezala aurkezten ditu oinarririk gabeko asmakizunak.

  • Eduki fidagarria ematen duenean ere, erne: originala balitz bezala aurkez dezake, esaterako, webgune batetik hartutako edukia, eta plagiotzat jotzeko modukoa izan.

* Dekalogo hau estilo liburuan txertatu da esan bezala, eta langile guztiekin eta kolaboratzaile sarearekin partekatu da.