Baserritik saioko urteko lehen protagonista Aintzane Garmendia da, bere bikote Iñaki Goikoetxearekin batera. Garmendiak 2017an jarri zituen lehen txerriak Amezketako Argaia Goena baserrian: «Gure markako haragia saltzeak egiten digu ilusio gehien»
Xabier Almandoz da bigarren protagonista. Donostiako kaleak Tolosako Aldaba auzoko baserri zahar batengatik aldatu zituen. Lagun artean sortu zuten Aldaba Zahar elkartea, eta baserritik eta inguruko errekurtsoetatik ateratzen du bizimodua. Ekologikoan lan egiten dute, eta ahuntz taldearen ardura da berea. Horrez gain, okindegia dute eta baratzean ere aritzen dira. «Bertako jendeak bertakoa kontsumitzen ez badu, baserritarrok ezin dugu bizi».
Pedro Zubelzu ez da baserrian jaioa, baina istripu bat tarteko Ibarrako piperrekin hasi zen lanean ia duela 30 bat urte. Harrez gero, makina bat berrikuntza eta inbertsio egin ditu, eta bide luzea egina du Zubelzu piperrak modu ezberdinetara salduz. Zubelzuk etorkizuna ikusten dio Ibarrako piperrari, baina baserri aldetik oso etorkizun txarra ikusten du: «Ni soroan ibiltzen naiz gusturen piperrak umeak bezala zainduz».
Jabier Intxaurrondo Berastegiko Arbide baserrian jaioa da, eta duela 30 urtetik baserritik bizi da. Enpresan lanean hasi bazen ere, ez zion baserriko lanari utzi eta esnetarako behiak kendu eta larreko behiekin hasi zen lanean. Txekorrak hazten ditu, eta inguruko harategietara saltzen du haragia. Inoizko garairik txarrenak bizitzen ari direla esan du. Guztiaren prezioak gora eta haragiarenak bere horretan jarraitzen du. Gustuko lana du, eta lasaitasuna ematen dio baserriak: «Izan daitekeen egoerarik txarrenean gaude».
Ainhoa Zuriarrain artzaina da. Donostian jaio bazen ere, umetatik izan du Amezketarekin lotura, eta baita baserriarekin ere. Beste lan esparru batzuetan aritu eta gero, Jon Ander Goñi senarrarekin batera erabaki zuen artzaintzatik bizitzea. Amezketako Oteiza Goikoa baserrian bizi dira eta gaztak ekoizten dituzte. Zuzeneko salmenta bidez saltzen dituzte, eta gaztak egiteak ardura eskatzen dio Zuriarraini. «Egoera honi eusten diogun bitartean jarraituko dugu, eta egunen batean ezin bada, utzi egin beharko dugu».
Koro Artola artzaina baserrian jaio zen, eta umetatik izan du gustuko baserriko lana. Beste lan esparru batzuetan aritu bazen ere, Berastegiko Iturregi baserriko lanari ekiteko aukera suertatu zitzaionean ez zuen zalantzarik izan. Duela 30 urtetik artzaintzatik bizi da, eta begiradarekin transmititzen du pasioz bizi duela baserria: «Argi nuen ez nuela berriz kalera joan nahi lanera».
Mattin Jauregi ikaztegietarra eta Inaxio Arin tolosarra. Erlezainak dira, eta erlezaintzatik bizitzea dute nahi eta helburu. Kale edo bale, horretan ari dira duela bost urtetik. Jauregi hasi zen erle beltzarekin lanean, eta laguna duen Arini erlezaintzarako harra piztu zion. Balerdipeko Erleak proiektua sortu dute. Erlezaintza tradiziotik harago eraman nahi dute, eta produktu berriak sortzeak motibatzen ditu. Erleak munduan duen garrantziari begiratu behar zaiola azpimarratu dute:«Uste den baino garrantzitsuagoa da erlezainon lana».
Maider Murua artzaina da. Orendaingo Zelaieta baserrian bizi da, eta negozioa Joxe Antonio Garmendia senarrarekin eta Joan Mari Garmendia koinatuarekin batera darama aurrera. Kaleko artzainen familian jaio zen Murua, eta umetatik izan du harremana ardiekin. Artzain Eskolako lehen urtean egin zituen ikasketak, eta garbi zuen artzaina izan nahi zuela. Aralarko larreetan pasatzen ditu maiatzetik urrira bitarteko asteak eta gustura joaten da mendira: «Nahiago nuke gure lana lasai egiten utziko baligute».
Arantxa Sorrondegi Tolosako Urkizu auzoko Urkizu-Azpi baserrian bizi da, eta haragitarako behiekin egiten du lan. Lasartearra ez da baserrian jaioa, baina txikitatik ezagutu du baserri mundua, eta behin Urkizura bizitzera etortzean ez zuen zalantzarik izan baserriko lanari heltzeko. Hasi zenetik egoera bera bizi dutela salatu du, eta egin duen apurra txarrerako izan dela. «Tristea da beti ate joka ibili beharra hemen gaudela erakusteko».
Ainhoa Labaka Zizurkilgo Ugarte baserrian jaio zen, eta bertan bizi da. Esnetarako behiak ditu, eta anaiarekin eta aitarekin batera kudeatzen du baserria 2016az geroztik. Une zailak bizitzen ari direla kontatu du, eta esnearen prezioa igo badiete ere ez dela nahikoa. Diru laguntzei esker ari dira aurrera egiten, bestela «ez da bideragarria», dio. «Esne hautsa hartu behar badu mundu guztiak, bada esne hautsa hartu beharko du».
Ainhoa Landaberea eta Eneko Agirre bikotea da Baserritik saioko protagonista. Asteasuko Masustategi Berri baserrian bizi dira 2017. urtetik. Landabereak hamar urte daramatza baratzetik bizitzen, eta Agirrek iazko udan utzi zuen lana bikotearekin batera baratzetik bizitzeko. Nekazaritza ekologikoan lan egiten dute, eta gaur egun Donostia, Lasarte, Usurbil, Andoain eta Tolosan dituzte kontsumo taldeak: «Letxuga bat bera ere landatu gabea nintzen, eta zerotik hasi nintzen».