Zizurkilgo Ugarte Berri baserrian jaio eta bizi da Ainhoa Labaka baserritarra, eta umetatik ezagutu ditu esnetarako behiak etxean. Anaiak eta biek aitaren lanari jarraipena ematea erabaki zuten 2016an.
Nolakoa zen zure ume garaiko baserria?
Umea nintzenean aitak etxe azpian zuen ukuilua, eta gerora, orain dugun ukuilua egin zuen baserritik kanpo. Beti ikusi dut nahiko moderno eta makinekin, eta beti izan ditugu esnetarako behiak.
Baina lan munduan sartzean, hasieran ez zenuen baserria aukeratu.
Eskola bukatu eta modulu bat egin nuen, eta segidan lanean hartu ninduten. Gero, ordea, aitak jada nazkatuta edota nekatuta zegoela, eta uzten joango zela esan zigun. Behin hori entzutean, txikitatik ikusi eta ezagutu duguna, hau da, pabilioi guztia hutsik geratzeak pena eman zidan. Anaia ikasketak bukatzen ari zen, eta probatu egingo genuela hitz egin genuen.
Eta noiz erabaki zenuten baserriari heltzea?
2016an izan zen. Aitak hori esan zuenean, ia jarraian izan zen. Anaia ikasketak bukatu eta hasi zen lanean, eta ni ere nire ordezkoa hartu eta hari erakutsi ostean, lana utzi eta baserrian hasi nintzen.
Erraza izan zen erabakia hartzea?
Bai. Gizonarekin hitz egin nuen eta ez zidan inongo arazorik jarri. Ama izan nahi nuela ere buruan nuen. Donostian egun guztia etxetik kanpo eta soldata baxu samarrarekin ikusten nuen horrela ezingo nuela. Lana utzi beharko nuela ikusten nuen, baina era berean, lanik gabe ere ez dago aurrera jarraitzerik. Eta honek bere alde txarrak dituen moduan, erraztasunak izango nituela ere ikusten nuen bai haurrak eskolara eramateko edota oporrak dituztenerako. Aita ikusten nuen jai eta aste lanean, baina guretzat ere tartea hartzen zuen. Oporretara ere aita eta amarekin urtero joan izan gara astebete bat. Ondo antolatuz gero libratzeko aukerak ere badirela ikusten nuen.
2016tik aldatu da baserria?
Bai. Makineria zahartzen hasita zegoen, eta guztia berritu behar izan genuen. Ikulua handitu eta behiak jezteko sala berria jarri, traktore berria... Gauza asko eta oraindik ere ari gara. Orain eguzki panelak jartzeko asmoa ere badugu. Inbertsio dezente egin genuen.
Aldaketa handia izan zen lanez aldatzea?
Aldaketa izan zen, baina gustura. Niri etxe inguruan ibiltzea gustatzen zait, eta egun guztia etxetik kanpo pasatzen nuen. Etxean nagoela gozatu egiten dut. Ordubete libre badut, etxeko lanak egiteko, otorduak prestatzeko edota erosketak egitera joateko aprobetxatzen dut. Niri gustatzen zaidana da. Beste batzuk ito egingo lirateke egun guztia etxean egonda.
Nolako da zure egunerokoa?
05:30-05:45ak aldera ukuilura etortzen naiz, eta 06:00etarako behiak jezten hasten gara. Behiak jetzi, txekorrei biberoiak eman, hazia jarri behar zaien behiei hazia jarri, erditzerik bada haiei begiratu,... Lan dezente izaten da goizetan. 06:00etatik 08:00etara beti lan bera da. Eta nire kasuan, gero etxera itzultzen naiz seme-alabengana. Semea eskolara eraman eta 10:00etan itzultzen naiz berriz 13:00ak aldera arte; hemen ez dago ordutegi finkorik. Eta hor izaten dira lan ezberdinak. Batean belarretara joan beharra dago, bestean azpiak atera beharra daude, edo bigak larrera atera, edota bulegoan lan pila bat izaten dut, banketxera joan beharra.
Zuk antolatzen duzu eguna?
Azpiak atera, itxitura konpondu eta horrelako lanak ez dira bakarrik egitekoak, eta langilea, aita eta anaiarekin batera egin behar dira, eta horretarako hitz egiten dugu. Eguraldiaren arabera ere izaten da, eta ezusteko gauzak ere gertatzen dira. Nahikoa da zerbait izorratzea goiz osoa horretan aritzeko. Eta 14:00etan berriz behiak jezten ditugu, eta bestelako lanak izaten dira; 21:00etan berriz jezten ditugu. Horietan batzuetan tokatzen zait eta besteetan ez, txandaka egiten dugu.
Goiz hasi eta berandu bukatu.
Bai. Tarte libreak izaten ditugu, baina egun guztiko lana da. Jana ere bi aldiz ematen diegu. Guk bezala egin berria gusturago jaten dute. Lan gehiago da, baina jendea bagaude eta txandaka egiten dugu hori ere.
Ez dira urte asko, baina inoiz damutu zara hartutako erabakiarekin?
Ez. Bestela badakit ezingo nuela seme-alabekin egon. Kontziente naiz eta ez naiz damutu. Baina bai dagoen egoerarekin, eta lan pila batekin nabilenean edo langile bat falta danean, estres hori duzunean, momentu batzuetan bai pentsatzen duzu, baina gero pasa egiten zaizu.
Zein da esnetarako behien gaur egungo egoera?
Okerrera egin du, dezente gainera. Txarra da. Pentsuaren igoeratik hasita. Orain dela urte eta erdi tona bat, gure kasuan, 280 bat euro zen; orain 470 ordaintzen ari gara. Ikaragarria da. Hilean esnearekin irabazten duzunaren erdia baino gehiago ordaintzen dugu pentsua bakarrik, eta geratzen denarekin nominak, gasolioa, argindarra,... zenbat gastu dauden. Baina erdia baino gehiago jada pentsua da. Ezinean gabiltza. Laguntza bat atera dute, eta hori sartuko digute, baina guk ez dugu laguntzetatik bizi nahi. Eta esnearen prezioa igo ziguten, baina zentimo horiek ez dira nahikoa.
Horrela zaila da hilabete bukaerara iristea?
Oso zaila. Ez da pentsua bakarrik. Artoa ere ematen diegu, eta iaz 55 euro zen tona bakoitzeko eta aurten 88 euro da. Eta behiek jateko erosi beharra daukazu. Egoera beltza da. Batzuk okerrago joango dira eta beste batzuk hobeto. Gu hain itota ez gaude, baino lehen baino okerrago, eta gauzak ditugu ordaintzeko.
Zein dira aurreikuspenak?
Urte bukaera bitartean segi egin beharko dugu eusten, baina horrela jarraitzen badu nik uste dut denok itxiko dugula, ez guk bakarrik, denok. Eta hor ikusten dut ez dela Euskal Herriko esnerik izango, eta jendea orduan konturatuko dela esnerik ez dagoela. Orduan izango da arazoa, baina bitarte horretan joan eta merkeena erosiko dute. Jendeak ez daki horren atzetik zer lan dagoen, ze prezio dauden, guri zer iristen zaigun,... Borroka asko egin beharra dago, eta ari dira, baina ez dakit zer pasatzen den eta zaila dago.
Baloratzen dela uste duzu egiten duzuen lana?
Niretzat gutxi. Konfinamendu garaian batzuk konturatu ziren baserri mundua nola den. Oso kontziente ez dira, eta kontziente izango dira esne guztia bukatzen denean. Gure kasuan esnea, baina barazkiak, haragia,... faltako dira. Orduan konturatuko dira, eta berandu izango da. Hau guztia ixten baldin badugu, berriz ez gara hasiko guztia martxan jartzen prezioa igo dutela eta. Hau itxita baldin badago itxita dago. Esne hautsa hartu behar baldin badu mundu guztiak, bada esne hautsa hartu beharko du. Tristea iruditzen zait, baina bide honetan horrela bukatuko dugula ematen du.
Bazterrean zaudetela uste duzu?
Ez. Eusko Jaurlaritza eta aldundia egia esan ondo portatzen dira, eta beraiei esker ari gara eusten. Eta laguntza atera dute esne behietarako, eta urte bukaerarako edo sartuko digute eta arnasa ematen du. Gainerakoan, honez gero, guztiok itxita ginen, zeren ez da errentagarri ateratzen.
Zein mezu emango zenieke herritarrei.
Honek horrela jarraitzen badu bertako ezer gabe geratuko garela, eta bertakoa kontsumitu behar dela.