ATARIA IRRATIKO Baserritik saioko protagonista izan da Ainhoa Zuriarrain artzaina. Amezketako Oteiza Goikoa baserrian bizi da, eta senarraren bideari jarraituz artzaintzatik bizi da. Ardiak zaindu, gaztak egin eta saltzeaz arduratzen dira. Damurik ez, baina buruhauste eta zalantzak sortzen dizkio gaur egun bizi duten egoerak: «Egoera honi eusten diogun bitartean jarraituko dugu, eta ezin bada utzi egin beharko dugu».
Baserrian jaio zinen?
Ez, Donostian jaio nintzen eta Intxaurrondon bizi izan nintzen.
Eta ume garaian izan zenuen baserriarekin loturarik?
Bai. Aita amezketarra zen, eta baserrian jaioa. Larunbatero Amezketako baserrira etortzen zen, eta gu umeak ginenean ere bai. Hortik ezagutu dut baserri mundua. Aitona eta amona bizitzen ziren, eta ardirik ez zuten, baina behiak eta behorrak edukitzen zituzten.
Gustura joaten zinen?
Bai, gustukoa nuen. Aitona-amonei laguntzen nien jaten eman, azpiak atera edo behiak larreratu eta berriz baserrira ekartzen. Larunbata horrela pasatzen genuen eta gustura. Astean behin izaten zen, eta lana baino gehiago saltsa hori gustura egiten nuen.
Gaztaroan, lan mundura salto egin zenuenean baserria aukeratu zenuen?
Orduan ez. Behor bat edo bi ibiltzen nituen aitona eta osabarekin batera, baina ez nuen baserrirako begiradarik eta lan egiteko asmorik.
Noiz eman zenuen artzaintzatik bizitzeko pausoa?
Gaur egun nire bikotea den Jon Anderrekin Goñi jada urte batzuk baneramatzan, berari ardiak betidanik gustatzen zitzaizkion, eta beti ibiltzen zen ardiekin, nahiz eta, tarteka beste lan batzuk egiten zituen. Anaiarekin batera artzaintzatik bizi izan zen senarra, eta bion artean erabaki genuen artzaintzatik bizitzea.
Senarrarentzat ezaguna zen, beraz, mundu hau?
Bai, txikitatik ezagutu du. Bera da gazteena eta anaiak ere artzainak izan ditu. Beti horra tira izan du.
Zu ere eraman zaitu.
Baietz esango dugu. Atzetik jarraika hor ibili naiz, eta azkenean hemen bukatu dut.
Artzaina izango zinela esatean zein izan zen ingurukoen erantzuna?
Amari pena eman zion ni baserri mundutik bizitzeak, baina pasa zaio.
Nola gogoratzen dituzu lehen hilabete haiek?
Oso desberdina zen. Lantegi ezberdinetan egina nuen lana, arrandegian ere bai... eta langabezian geratu nintzen. Orduan erabaki nuen gizonarekin batera artzaintzatik jarraitzea. Garai hartan gizonak lana egiten zuen eta ni ardiekin ibiltzen nintzen. Hasiera gogorra izan zen. Asteburuak lotuagoak, festara joan eta hurrengo eguna igandea izanagatik jaiki egin behar lanak egiteko... Udara jada lasaiagoa izaten zen.
Gaur egun nolakoa da zuen egunerokoa?
Lan batzuk erabat bion artean egiten ditugu, eta beste lan batzuk banatuago ditugu. Adibidez, arkume garaian biok batera aritzen gara. Momenturik gogorrenetakoa hori da. Azaroan hasten dira, eta azkenak martxoan jaio dira. Orain alabak ere laguntzen digu eta beste mutil bat ere badugu. Ardiak jetzi ere bion artean egiten ditugu. Ardien errapeekin erreparo handia izan behar dugu, eta baita esnearekin ere. Analisi klinikoak egin behar dira, eta hor esaten digute benetan artaldea zer moduz dagoen.
Zaindu egin behar da ardia.
Bai. Elikadurarekin zaintzen dugu ardia, eta ardiek ere izaten dituzte beraien gaixotasunak. Ardiak jezten ari zarenean, egunero aritzen zarenez, konturatu egiten zara. Eta emaitzetan ere ikusten da hori. Ilea eta azazkalak ere moztu behar zaizkie.
Urte sasoiaren arabera zein da lan gehieneko garaia?
Artzaintzan gaur egun momentu ezberdin asko daude. Txarrenetako bat arkumeen jaiotzak daudenekoa da; eta aldi berean gaztak egiten ari gara eta salmentak ere guk egin behar izaten ditugu. Eskaerak preparatu eta gero eskaera horiek banatzeak ere denbora asko eskatzen du. Gabonak bukatu eta urtarrila erdi aldetik aurrera, jaiotzak gutxitzean arnas pixka bat hartzen dugu. Baina orain udaberrian belarretan hasten gara, artoa,... eta beste guztiarekin ere jarraitu behar dugu.
Zure kasuan zein urte garai duzu gustukoena?
Guri begira atseden antzean ibiltzen garen garaia iraila da. Abuztua eta iraila.
Ardi guztiak ezagutzen dituzu?
Nik ez, baina gizonak bai.
Zer eskatzen du gazta bat egiteak?
Ardura handia izan behar duzu esnearekin. Garbiketa ona eta eguneroko martxari jarraitu beharra. Mimo handiz eta tentuz ibili beharra dago.
Sekreturik bada?
Nik uste dut sekretu sekreturik ez dagoela. Ardiari zer ematen zaion jateko da oinarri handi bat. Jada bezeroak kontuan hartuta eskua hartuta dugu, eta maitasun pixka batekin, badakigu nondik nora ibili behar dugun.
Erronka ere izango da.
Zure ustez egunero gazta berdina egiten ari zara, baina ezberdina ateratzen zaizu. Artisau lana da, eta ezin duzu berdin-berdina egin.
Noiz arte ekoitziko dituzue gaztak?
Abuztu bukaera bitarte edo. Ugaritzen ez da joango. Ardiei ere esnea poliki-poliki gutxitzen-gutxitzen joaten zaie, eta gaztak egiten ere lan gutxiago izango dugu.
Salmentaz ere zuek arduratzen zarete.
Bere lana du. Bezeroak lortu eta mantendu egin behar ditugu, eta tokiz toki banatu: denda txiki eta handiak, harategiak, sagardotegiak,...
Zer ematen dizu baserriak?
Garbi esanda ematen duen lanaz aparte, hau da, inguruak-eta mantentzeak lana du, eta gaur egun ez da lehen bezala. Esan dudan moduan ez dira ardiak bakarrik. Ez dut hitz bat zer ematen didan esateko, baina bai kalera joaten naizenean, esaterako, Donostia edo Errenteria aldera, etxera iritsitakoan neure buruari esaten diot: 'A zer nolako lekuan bizi garen!'. Patxada eta lasaitasuna dugu hemen.
Damutu zara inoiz hartutako erabakiarekin?
Ez zait behin ere etorri damurik. Bai izan ditut egun txarrak eta amorrazioz beteak, baina ez dut inoiz esan hobe nuela hemen inoiz hasi ez banintz. Gustura nago.
Uste duzu gizarteak baloratzen duela baserritarrok egiten duzuen lana?
Ez dut oso garbi ikusten. Inguruko jendeak bai, baina orokorrean oraindik asko falta dela esango nuke.
Zalantzan dagoena animatu zenuke artzaintzatik bizitzera?
Itsu-itsuan ez nuke animatuko, baina gogoa ere ez nuke kenduko. Gustuko lana izan behar du, eta esaerak dioen moduan gustuko lekuan aldaparik ez da. Nik taberna ere ezagutu nuen, eta hor ere asteburuetan lana gogor egin behar da. Artzaintza ere azkenean beste lanbide bat gehiago da.
Tolomendik babestutako tartea