«Esne hautsa hartu behar badu mundu guztiak, bada esne hautsa hartu beharko du»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urr. 17a, 19:59

Ainhoa Labaka da Baserritik saioko protagonista. Zizurkilgo Ugarte baserrian jaio zen, eta bertan bizi da. Esnetarako behiak ditu, eta anaiarekin eta aitarekin batera kudeatzen du baserria 2016az geroztik. Une zailak bizitzen ari direla kontatu du, eta esnearen prezioa igo badiete ere ez dela nahikoa. Diru laguntzei esker ari dira aurrera egiten, bestela «ez da bideragarria», dio.

Ainhoa Labaka zizurkildarrak txiki-txikitatik ezagutu ditu baserrian esnetarako behiak. Umetatik bizitu du baserria barrutik, baina baserriari eusteko erabakia aitak utzi egingo zuela esatean etorri zen. «Pena eman zidan txikitatik ikusi dugun hori hutsik ikusi beharrak, eta anaiarekin hitz egin nuen». Anaia eta biek proba egitea erabaki zuten. 2016an.

 

Erraz hartu zuen erabakia. «Etxe inguruan ibiltzea gustatzen zait, eta egun guztia etxetik kanpo pasatzen nuen». Seme-alabak izateko ere abantailatzat du etxean lan egitea.

 

Jaten egunean bitan ematen diete behiei, eta esnea jetzi, berriz, egunean hirutan egiten dute. Udak ditu gustuko, baina lan askoko garaia izan ohi dute, eta “nekatuago” bukatzen duela eguna aitortu du. Negua, berriz, nahiz eta lanik ez falta, lasaiago pasatzen dutela kontatu du.

 

Denei sufritzea egokitu zaie aurtengo uda lehorrarekin eta beroarekin. Belar gutxiago jaso dute, eta aurten jatekoa falta zaienean erosi egin beharko dutela adierazi du, eta horrek berarekin kostu gehiago izango du.

 

Naturarekin kontaktu zuzena izateak lasaitasuna ematen dio Labakari, eta seme-alabak ere baserrian hazteak bete egiten du.

 

Egoera dezente okertu dela esan du Labakak:“Esnearen prezioa igo digute, baina ez da nahikoa” eta “egoerak horrela jarraitzen badu denok itxiko dugu”, azpimarratu du, ez direla beraiek bakarrik izango, eta “ez da Euskal Herriko esnerik izango, eta jendea orduan konturatuko da esnerik ez dagoela”.

 

Gizarteak baloratzen ote duen galdetuta: “Gutxi baloratzen dute, eta supermerkatura joan eta merkeena erosten da”. Gizartea “ez dela oso kontziente” esan du, eta ohartarazi du “berandu” konturatuko direla “esne, barazki edota haragi faltaz”. Gero, jada, berandu izango dela dio: “Hau dena behin ixten baldin badut, prezioa igo dutela eta, berriz ez naiz hasiko guztia martxan jartzen”, zehaztu du. Tristea iruditzen bazaio ere, “esne hautsa hartu behar badu mundu guztiak, bada esne hautsa hartu beharko du”.

 

Eusko Jaurlaritza eta aldundiaren laguntzei esker ari direla aurrera egiten azpimarratu du. “Laguntzarik ez badugu ez da bideragarria”.

 

Mezu garbia utzi du: “Jendeak bertakoa kontsumitu dezala, baserritarrok ahalik eta gehiena iraun dezagun”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!