ATARIA IRRATIko Baserritik saioko protagonista izan da Aintzane Garmendia baserritarra, bere bikote Iñaki Goikoetxearekin batera. Garmendiak 2017an jarri zituen lehen txerriak Amezketako Argaia Goena baserrian. Salmenta zuzena eginez saltzen dute ekoizten duten haragi guztia, eta harategia dute baserrian jarrita. Txerrikiaz gain, txahal haragia eta oilaskoak ere saltzen dituzte. Nahia bai, baina oraindik ez dute lortu biek baserritik bizi ahal izatea.
Nolatan erabaki zenuen baserrira bizitzera etorri eta baserritik bizitzen hastea?
Aintzane Garmendia. Sena beti izan dut hor. Egia da beti ezinezko moduan ikusi izan nuela baserritik bizitzea. Ikasketak bukatu eta bulego batean hasi nintzen lanean, baina beti nengoen gora begira. Bizi behintzat banekien baserri inguruan egin nahi nuela, nahiz eta afizioz animalia batzuk eduki. Ama ere banintzen eta hirugarren umea ere bidean zetorren, baserriko obra ere martxan zegoen eta Amezketako baserritar batek egin zidan planteamendua. Laguntza batzuk bazirela eta, burua pixka bat berotu zidan. Informazioa jasotzen hasi nintzen eta gauza batek bestea ekarri zuen. Bizitzen jarri, amatasuna tarteko eta ezin behar bezala lotu kalekoa. Ilusioa piztu zitzaidan, eta azkenean sektoreari heldu nion.
Nola hartu zuten zure erabakia ingurukoek?
Garmendia. Etxekoak beti ikaratu izan dira eman dugun pauso bakoitzeko. Baserrira bizitzera etorri behar genuela esan genuenean ere, ea hiru umerekin hemen zer egin behar genuen esan ziguten. Baserrian lanean hastearekin, berriz, beraiek, beraien garaiko baserri hura ikusten dute, eta mundu txarrari edo zailari heltzera gindoazela esan ziguten.
Behin txerriak jartzea erabakita, zein izan zen lanik handiena?
Garmendia. Martxan jartzea izan zen lanik handiena. Ezer ez zegoen eginda. Baso sail handia itxi beharra zegoen eta itxitura asko egin behar zen. Malda gora eta behera lan gehiena hor izan zen, eta beraientzako lekua ere prestatu egin behar da. Txabolak ere muntatu behar ziren, eta hirugarren haurra izan berri nuen. Beti esaten dudan moduan, eskerrak ondo ezkondu nintzen, eta gizonak atera zituen heltzetik babak.
Nola gogoratzen dituzue lehenengo hilabete haiek?
Iñaki Goikoetxea. Ezjakinak ere baginen. Baserrian behiekin lan pixka bat egina nengoen, eta txerriekin esperientzia handirik ez genuen. Ihes egiten zutenean hasieran beldurtzen ginen, baina eskua hartzen joan gara. Hasiera guztiak gogorrak izaten dira. Baserria eta lurrak genituen, baina guztiari buelta bat eman beharra zegoela ikusten genuen, eta txerrien bidetik hasi ginen eta hemen ari gara beste bide batzuk begiratuz, eta aurrera jarraitzeko gogoarekin.
Garmendia. Hasieran kooperatibaren parte izanez hasi ginen, eta gero proiektuaren aldaketa txiki bat egin genuen, gure marka propioaren aldeko apustua egin nahi genuelako. Batez ere baserria txikiago mantendu arazten zigulako. Hasieran kooperatibara saltzen genuen, baina gaur egun gure markako haragia saltzen dugu. Ilusio gehiena batez ere horrek egiten zigun. Zuzeneko salmentak askeago ere egiten zaitu bizimodu lotu honetan; zuk maneiatzen duzu zure produktua, prezio duina zuk jartzen diozu,... Gehiago gustatzen zitzaigun, eta batez ere, sei edo bost aldiz kopuru txikiagoarekin bizimodua ateratzeko bidea ikusi genuen.
Txerriekin hasi, baina egun animalia gehiago dituzue.
Garmendia. Apustu fuertea txerriekin egin genuen, baina gure baserrian beti haragitarako behiak egon izan dira. Orduan ere larreko behiak bagenituen. Orain gehituz joan gara. Txerri haragiaz gain txekorrarena ere saltzen hasi ginen, eta bi horiekin, oilaskoak tarteko, hori da gaur egun saltzen duguna.
Zein da zuen egunerokoa edo nola banatzen dituzue lanak?
Garmendia. Orain bi hilabeteko umea dugun aldetik eskuak lotuagoak ditut, baina esango nuke Iñaki eta biok lana bi partetan banatzen dugula. Berak animalia bizirik dagoen bitarteko prozesua egiten du. Harategian produktuak elaboratzen biok aritzen gara, eta banaketaz, jendeari gure produktuak ezagutarazteaz eta paper kontuak egiteaz ni arduratzen naiz.
Goikoetxea. Saiatzen gara egunak berdintsu antolatzen, baina egun guztiak ezberdinak ateratzen zaizkigu azkenean. Egunerokotasunean badaude jana eman beharreko lanak eta egunero egin beharreko lanak, beti izaten dira, baina eguneroko ordutegia asko baldintzatzen digu harategiko lanak. Baserrian ordu asko pasatzen ditugu, baina guk hartu dugun bidetik harategian ere ordu asko pasatzen ditugu. Lanik ez da falta eta lanak banatzen nahikoa lan badugu.
Zer ematen dizue baserriak?
Garmendia. Baserriak nire mundu propioa edukitzea ematen dit. Hemen gainontzeko mundutik apartexeago bizi gara, bizilekua eta bizimodua da, gure independentzia, gure autonomia edota gure mundua ematen digu baserriak. Hori baloratzen dut, eta nahiz eta inoiz ez den bukatzen lanik eta 365 egun izan, zuk antolatzen duzu eguna. Gure bizia guk antolatzen dugu.
Goikoetxea. Goizean jaiki eta lanera joateko kotxerik hartu behar ez izatea ere baloratzeko gauza da, oraindik ere fabrikara joan beharra dudan arren. Gauza lotua da, baina hemen gabiltza eta gustatzen zaigun seinale izango da, eta gustura ari gara.
Zuzeneko salmenta bidez saltzen duzue guztia.
Garmendia. Animalia jaiotzen denetik bezeroari eskuetan utzi bitarteko guzti-guztia zuk egin beharra daukazula suposatzen du. Bestetik, egiten duzun lana baloratua dagoela. Zuk dakizu zenbat kostatu den eta zein balio duen. Gero, gainera, bezeroak ezagutu egiten dituzu, badakizu haragia zeinen eskuetara doan, badakizu zein iritzi duten zure haragiaren gainean; gehiengoaren kasuan bezeroa gustura ikusten dugu, eta honenbestez gustura sentitzen gara egiten ari garen horrekin.
Baserritarron lana baloratzen dela uste duzue?
Garmendia. Elikagaiak defenditu ezin diren prezioetan daude eta auskalo nongoak. Gehiengoa horretara joaten da, eta nahiz eta beste era bateko antolakuntza egon, mundu honetan, gizarteko zati txiki bat da gugana jotzen duena eta hori da nik baloratzen dudana. Eta baloratu benetan gure lana jende horrek egiten du. Askoz ere errazagoa da merke horretara jotzea. Baina esan beharra daukat horrelako baserriei kontsumituta beraien osasunaren aldeko apustua egiteaz aparte, beraien ingurumeneko apustua egiten ari direla. Horretarako kontzientzia eduki behar da, eta gizarte txiki-txiki batek dauka. Haiek baloratzen dute gure lana.
Bazterrean zaudetela sentitzen duzue?
Garmendia. Bazterrean baino gehiago, gauza antolatuta dagoen moduan, gaur egungo sisteman gure baserriak lekurik ez daukala sumatzen dut. Bizi ezina du sektore honek, eta baserriak bere tokia izateko sistema goitik behera aldatu beharra dago. Desagertzear dago, eta bi edo hiru aldaketek ez dute ezertarako balio, jada iraultza egin beharra dago. Iraultza baserri baten eskuratzetik hasita esan nahi dut. Nik uste baserritar baten lana sortzaile lana izan beharko lukeela, eta ez bezeroak aurkitu eta eskura eramatearena. Instituzioek kezkatu beharko lukete, zein elikagai dituzten herri honetan, zenbat biztanle... eta benetan lagundu baserriei bezeroak aurkitzen, logistikan, baina benetan lagundu. Laguntza mota hauekin, azkenean, bitartekariak daude eta beraien poltsikoa ziurtatuago dute, sortzen ari denarena baino. Guztia dago aldatzeko.
Tolomendik babestutako tartea