elkarrizketa

«Tristea da, baina politika jartzen dute gure lanaren aurretik»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko eka. 15a, 19:59

Maider Murua artzainak Orendaingo Zelaieta baserrian egiten du lan senarrarekin eta koinatuarekin; udak Aralarren pasatzen ditu, eta haserre agertu da agintariekin, eta zalantzak ditu, «behar gaituzte benetan?».

ATARIA IRRATIKO BASERRITIK saioko protagonista izan da Maider Murua artzaina. Orendaingo Zelaieta baserrian bizi da, eta negozioa Joxe Antonio Garmendia senarrarekin eta Joan Mari Garmendia koinatuarekin batera darama. Kaleko artzainen familian jaio zen Murua, eta umetatik izan du harremana ardiekin.

Kaleko artzainen alaba zara.

Bai amaren eta baita aitaren aldetik ere guztiak artzainak izan dira, baina denak kaleko artzainak. Denek zituzten artaldeak, eta negua pasatzera beste baserri batzuetara joaten ziren.

Arraroa da kaleko artzaina izatearena?

Garai batean esango nuke gehienak kaleko artzainak zirela. Baserrikoa behiak zituena izaten zen, eta artzaina kalekoa. Neguak beste baserritan pasatzen zituen bertako larreak janez.

Beraz, umetatik izan duzu ardiekin harremana.

Bai. Etxean ardiak izateak lotura ekartzen dizu eta ardi artean ibiltzeko aukera. Gustura ibiltzen nintzen; kaleko artzainak izateaz gain mendikoak ere izan gara. Eta aitona-amonekin udara mendian pasatzen nuen. Oso oroitzapen politak ditut.

Lan mundurako jauzia garbi izan zenuen?

Ikasketak ez nituen amaitu eta urte hartan Artzain Eskola sortu zuten. Lagun batek esan zidan bertara joateko. Etxekoek ere animatu egin ninduten, eta Artzain Eskolako lehen urteko ikaslea izan nintzen.

Nolako esperientzia izan zen?

Polita. Ondo ibili ginen, eta praktikak egitera beste artzain baten etxera joan nintzen. Gabirian Ameliarekin egin nituen praktikak. Teorikoa jasotzera Arantzazura joaten nintzen, eta negu polita pasa nuen.

Eta noiz erabaki zenuen artzaintzatik bizitzea?

Eskolatik bueltan etxean banituen ardiak, eta Abaltzisketatik beste ardi mordoxka bat erosi nuen. Artaldea handitu eta jarraitu egin nuen.

Kaleko artzain moduan hasi zinen zu ere?

Bai, aitak borda bat zuen, baina ni kalean bizi nintzen. Baserrira urte batzuetara etorri nintzen nire senarra ezagutu nuenean. Nik pabiloi bat egiteko asmoa nuen, eta nire senarra eta anaia ere orduan ari ziren egiten. Hiruron artean leku batean egitea erabaki genuen, eta Orendainen egin genuen Zelaieta baserrian. Bi artaldeak bateratu genituen.

Nolakoa da zuen egunerokoa?

Lana normalean denok denetarik egiten dugu, baina bakoitzak baditugu hartuta ardura batzuk. Artzaina izateaz gain hiru seme-alaben ama ere banaiz, eta haurren ardura gehiago neronek betetzen dut. Behin umeak eskolan utzi eta, segidan, ardiak jeztera sartzen naiz. Normalean hirurok batera aritzen gara ardiak jezten, eta gaztak agian biren artean gehiago egiten dira. Salmentaz ni arduratzen naiz batik bat, eta salmentan nabilenean beste bat sartzen da gaztak egitera.

Hiru izateak abantailak izango ditu.

Bai, horrek asko esan nahi du. Normalean artzaintzan bakarra hasten da, eta gaur egunean, oso-oso pisutsua da bakarrarentzat. Ezinezkoa da bakarrik, oso-oso zaila da. Lana ardiekin bakarrik ez dago, orain paper kontuetan ikaragarrizko lana daukagu. Ia batek horretara egon beharra dauka. Lehen ez zegoen lan bat orain obligaziozkoa da, eta etxetik egin beharrekoa.

Urte sasoiaren arabera, lan karga ezberdinak dituzue.

Azaroa eta abendua dira gogorrenak. Orduan hasten dira arkume guztiak jaiotzen, eta gau eta egun beraien gainean egon beharra dago. Nekagarria egiten da. Behin Eguberrietan arkumeak kentzen zaizkie eta ardiak jezten hasten gara, eta gazta egiten. Salto horiek pisutsuagoak dira.

Urte hasiera gogorra, beraz.

Erabat jezten hastean eta arkumeak gutxiago jaiotzen direnean errazagoa da. Ekaina hasiera bitartean Zelaietan bertan aritzen gara gaztak egiten, eta gero jada mendira igotzen gara eta hor beste hilabete batez aritzen gara gaztak egiten. Egunero-egunero egiten ditugu gaztak.

Horrek ere bere lana du.

Bai. Goizean egiten dugu gazta, baina arratsaldean ere trapuak kendu, moldeak garbitu, gatz uretara bota... Arratsaldea bertan pasatzen zaizu. Gazta ez da egitea bakarrik, lan handia du. Kameran sartu, bueltak eman, gero saltzeko preparatu behar dira. Jarraipen handia du.

Zer suposatzen du gaztak egiteak?

Garbitasun handia eraman behar duzu. Garbitasuna jezten hasten zaren momentutik. Esneak garbi joan behar du eta gaztandegia ere garbi eduki behar da. Eta oso konstantea izan beharra dago; gazta egiten hastean gazta egin behar duzu.

Zein da sekretua?

Esne ona bildu behar duzu, eta larreetan ibiltzen den ganaduak bere grazia badu. Esnea, garbitasuna... asko ditu, eta produktu on bat egiteko hasiera-hasieratik hasi behar duzu ona biltzen, eta hori esnea da.

Erronka izango da gazta berdintsuak egin beharra.

Egun berdinean egiten duzun gazta ere ez da berdina ateratzen. Eskua hartua dugu, baina lana egunero lehenengo eguna izango balitz bezala egin beharra daukagu, kontzientzia guztiarekin. Ardura handia da, eta guri jaten horrek ematen digu.

Nolako esperientzia da Aralarren bizitzearena?

Beste bizitzeko era bat da. Oso ezberdina da. Gustatu egin behar zaizu, eta niri ikaragarri gustatzen zait. Baina, era berean, salmentarekin jarraitu egin beharra dago eta hiru seme-alaba ditudanez eskola bukatu arte nik behera jaitsi beharra daukat.

Gora eta behera ibili behar.

Bai, oporrak hartu bitartean bai. Gero, jada, gora igotzen gara.

Gustura joaten dira?

Bai, eta jaio direnetik hori ezagutu dute. Azken biak jaio eta segituan eraman nituen mendira. Mendian hazi dira. Hori bizitu dute eta asko gustatzen zaie. Askatasuna dute han, eta txiki-txikitatik ohitu dira ganaduarekin.

Zenbat hilabeteko egonaldia egiten duzue Aralarren?

Maiatzaren amaieran igo eta urriaren amaiera aldera etortzen gara bueltan.

Badira hilabete batzuk.

Motzak egiten zaizkigu guri. Eta uste dut urtetik urtera motzagoak egiten zaizkidala. Negua luzeagoa da hemen. Mendian gusturago egoten gara, eta lan karga ere txikiagoa da. Hilabete batez ardiak jezten aritu eta gero, jada ez dugu jezteko lanik izaten. Beste bizitza bat edukitzen dugu.

Salmentak ere bere lana emango du.

Bai, eta agian lanik pisutsuena bera da. Kotxea hartu eta alde egitea suposatzen du, eta hemengo lanak beste batek egin behar ditu. Hasiera gogorragoa da. Urte batzuk badira eta jada bezeroak eginak ditugu. Gazta baloratzen duen jendea badago eta gustua ematen du.

Arkumeak ere saldu behar.

Arkumea oso ondo saltzen da, baina, prezioa da arazoa. Hor ez dakit zer gertatzen den. Aurten ere dena gora eta gora, baina guri oso gutxi igo digute prezioa. Baten batek eskua sartu beharko du bere balioa emateko. Guri zergatik ez zaigu behar dena ordaintzen? Nork jasotzen du hor dirua? Baten batek hartzen du, eta neurtu beharko lukete.


Zer ematen dizu baserriak?

Bizitzeko era hau gustatu egiten zait. Asko ematen dit eta baloratzen dut nire umeei dedikatzeko denbora izatea. Nik antolatzen dut nire lana, askotan gauari kendu behar izaten badiot ere.

Gustura zaude hartutako erabakiarekin?

Ez naiz inoiz damutu. Beti izan dut gustuko, baina jende baten menpe bizi gara eta ez nago batere gustura agintzen duten jende horiek nola eramaten duten.

Baloratzen da baserritarrok egiten duzuen lana?

Gazta erosten duenak baloratzen du, baina telebistan baserritarrei lagundu behar zaiela esanez ateratzen denak, gero benetan ez du laguntzen. Hortxe arkumearen prezioa, eta mendian ere begira zenbat arazo ditugun. Jende batek ez du baloratzen, eta pena da jende horrek agintzen duela; udaletxeetan sartuta daudenetatik hasita. Tristea da, baina politika jartzen dute gure lanaren aurretik.

Bazterrean sentitzen zara?

Ez dakit nola esan. Horiek ez dute bizimodu hau behin ere bizitu, eta normalean lan oso erosoak ditu jende horrek. Hau zer den ezin dute ezta imajinatu ere egin, eta mendian ere zer lan egiten dugun ezin dute irudikatu.

Zuen lana gehiago ezagutu beharko lukete?

Bizitu egin beharra dago horretarako. Mendia garbitzen dugu, baina nola bizi gara? Orain ondo txabola onak ditugu, eta gaitzerdi. Baina kasu askotan jende asko biderik gabe dago mendian. Niri, orain ere, eguzki panelek ez didate egiten. Gero osasunekoa etortzen da bat eta beste bete behar ditugula esanaz, baina horiek betetzeko baliabiderik ez dut txabolan. Nire lana behar bezala egin ahal izateko baliabideak behar ditut. Eta hori ez badidate jartzen nik ezin ditut bete.

Kate bat da.

Ez dute laguntzen, eta beti arrastan goaz. Nire gizonaren txabolan joan den zazpi urteetan ez dugu ur berorik. Ontziak behar bezala garbitu ahal izateko ura berotzen aritu behar izaten dugu. Baldintza batzuk bete beharra dauzkagu. Sukalde guztia urak estaltzen du, esaten zaie konpontzeko, eta ezer ere ez. Nire artaldea goiko larreetara joan ahal izateko dena oteak hartuta dago. Denak sokan joan beharko dute nonbaitetik. Lagundu baino gehiago okertu egiten dute. Nahiago nuke bakean utziko baligute gure lana egiten, eta agintzeari utzi. Ez dute ondo agintzen gainera.

Oztopoak?

Oztopoak jartzen dituzte eta nahiagoko nuke inor azalduko ez balitz. Nik ezin dut nire txabolan ezer egin, ez baita nirea. Baina ez dago baldintzetan. Txabola daukadan moduan daukat, nire etxea beste maite dudalako.

Erakundeez zer esan?

Ahoa betearekin gauza asko esaten dituzte, baina gero ezer ere ez. Gu mendi horretan alokairuan gaude. Mendira joaten gara baina alokairua ordaintzen dugu, txabola, ardi edo bildots bakoitzeko. Ordaintzen ari gara. Mendia garbitzen ari gara, eta gainera ordaindu egiten dugu. Eta hala ere ez dute errazten ezer. Ni ondo, bidea dudalako txabolaraino, eta iaz gizonari egin zioten. Atzetik, ordea, zein gazte joan behar da? Oso zaila dago egoera, eta jendeak aldatu beharko du pentsaera! Eta ez badute inor nahi, esan diezagutela eta ateak itxi ditzatela. Nire galdera da: Behar gaituzte benetan? Nik jada zalantzak ditut.

 

Tolomendik babestutako tartea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!