ELKARRIZKETA

«Azpitik nahastu eta beste buelta bat eman nahi diogu erlezaintzari»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko eka. 19a, 07:57

Inaxio Arin eta Mattin Jauregi Balerdipeko erleak proiektuaren gidariak. E. MAIZ

Inaxio Arin Subijana (Tolosa, 1998) eta Mattin Jauregi Etxeberria (Ikaztegieta, 1998) erlezaintzatik bizitzeko helburuarekin ari dira lanean. Dagoeneko Balerdipeko Erleak izenean produktu ezberdinak ekoizten dituzte. Oraindik ez dute produkzio oso handia, eta ekoizten dutena Tolosaldea mailan saltzen dute: «Polita da gure produktu guztiak eskualde mailan saldu ahal izatea, baina bestetik zabaldu ere egin nahiko genuke». Erlezaintza aintzat hartzea eskatzen dute.

Mattin Jauregi ikaztegietarrak eta Inaxio Arin tolosarrak erlezaintzatik bizitzeko apustua egin dute; hori dute helburu eta amets. Tradiziotik harago eraman nahi dute erlezaintza, eta Balerdipeko Erleak proiektua sortu dute. Bedaion dituzten erlauntzez gain Nafarroan ere badituzte.

Balerdipeko Erleak proiektua osatu duzue bion artean. Zer da?

Mattin Jauregi. Balerdipeko proiektuarekin duela bost bat urte hasi nintzen martxan. Kapritxoz, erlauntza batzuk jarri nituen. Erlezain munduak beti erakarri izan nau, eta probatzeagatik jarri nituen. Ideia handirik ez nuen, baina martxan jarri nituen. Lehen urtean ez nuen suerte handirik izan, eta erle guztiak galdu nituen. Gustatu egiten zitzaidanez, berriz ausartu nintzen jartzera, eta geroz eta gehiago jartzen joan nintzen. Laguntza izaten nuen, eta Inaxio betidanik izan dut laguna eta niri laguntzen hasi zen. Hortik harrapatu zuen bera ere erlezaintzak.

Inaxio Arin. Mattin Bedaion hasi zen, Balerdi mendiaren azpian. Eta Balerdi beti han ikusten dugunez, eta Balerdipeko erleak direnez, izen hori jarri genion.

Zein harreman izan duzue erlezaintzarekin?

Jauregi. Nire kasuan ez nuen inor ezagutzen erlezaintzan. Ezagutzen ez nuen ofizioa zen. Behin Hazi fundazioaren ikastaro bat ikusi nuen, eta egitera animatu nintzen. Gustatu egin zitzaidan. Dena berria zen niretzat, eta orduan ez nuen ezta eztia hartzen ere. Eta orain beste salto bat izan da honetan lanean aritzea.

Arin. Nire kasuan harremana zero izan da. Mattinekin mendian ibiltzen hasi nintzen, eta berak erle gehiago jarri zituenez pixkanaka laguntzera joaten hasi nintzen, eta nik galdera asko egiten nizkion. Dena galdetzen nion, eta bere kontuekin liluratu egin ninduen. Azkenean gustatu egin zitzaidan, eta hementxe gaude.

Ikasketarik edo egin duzue?

Jauregi. Ez dakit badagoen ikasketarik erlezaintza definituko duenik. Azkenean denak ikastaro motzak dira; udaberriko erlezaintza, udazkenekoa, erregina hazkuntza edo kosmetika... Ikasketarik ez dago, beraz nola ikasten duzu? Erlezaintza munduan urteak daramatzan jendeari galdetuz eta probak eginez. Aldiro-aldiro esperimentu berriak egin eta horietatik zerbait positiboa ateratzen baduzu, ondo; eta horrela ez bada, beste saiakera bat egin behar. Ikasteko aukera gutxi daude.

Erlezain lanetan hasiko zinetela esatean zein izan dira gertukoengandik jasotako erantzunak?

Arin. Arraro samarra izan da denentzako. Zer egin behar genuen, eta harrituta geratzen ziren. Erlezaintzan, eztia ezagutzen da produktu bezala, baina erlezainaren lana beti ezkutuan geratu izan da. Bideo bidez-eta ikusten joan diren heinean zer egiten dugun, beste modu batera hartu dute.

Inaxio Arin: «Eztia ezagutzen da produktu bezala, baina erlezainaren lana beti ezkutuan geratu izan da» 

Jauregi. Nire kasua antzekoa da. Erleetara lanera noala esatean, erleek bakarrik egiten dutela lan esan izan didate. Eztia agian bakarrik egingo dute, baina hor atzean dagoen lan guztia ez da ikusten. Ordu asko dira; ematen du erlezainok ez dugula lanik, baina astelehenetik igandera prestatu egin behar dira lanak. Denboraldian lan asko izaten da, eta hori jendeak ikustea zaila da. Ez da beraien aurrean egiten duzun lana. Eztia bakarrik ikusten dute.

Non dituzue kokatuta erlauntzak?

Arin. Esan bezala, Bedaion Balerdi azpian ditugu, eta zertxobait gehiago zabalduta, Nafarroan, han erlauntza gehiago dauzkagu. Arbizun, eta erromero eztia ateratzen, Tafalla inguruan.

Eta zein dira bada erlezain batek egin behar dituen ezkutuko lan horiek?

Jauregi. Eguraldiak asko baldintzatzen du gure lana. Eguraldi ona egiten duenean erleak lanean daude, baina erleek lana egin ahal izateko, guk lana aurreratu edo lagundu egin behar diegu. Aurreprestaketa batzuk egin beharra dauzkagu. Erlategiko lanak ere eguraldi onarekin egin beharra daude. Eguraldi txarrarekin ez dugu aukerarik erlategia irekitzeko. Eguraldi txarra bada egun batzuetan jai egin dezakegu, baina aldiz, hamar egun jarraian eguraldi ona bada, ezin dugu jairik egin. Dena aprobetxatu beharra daukagu.

Urte sasoiaren arabera aldatzen da lan kopurua?

Jauregi. Lana urte guztian dago. Udaberrian hasiko da lan karga bat, baina udaberriko lan karga horretarako, negutik prest izan behar ditugu erlauntzak, udaberri horretan fuerte egoteko. Urtaro bakoitzak du bere lana. Esaterako, udaberrian jada erlea indartzen ari da, lorea dator, bizi berri bat dator, eta hor tokia eta laguntza eman behar dizkiogu. Udazkenerako, berriz, neguan erreserbak eduki ahal izateko eztia sartzen ari dira beraiek, eta hor aprobetxatzen dugu guk eztia ateratzeko. Eta neguan, berriz ere, prestatzen edo laguntzen aritu behar dugu, hurrengo udaberrira fuerte iritsi ahal izateko.

Eta zein sasoi da lan gehienekoa?

Jauregi. Lan karga udaberrian izaten da, udazkena bitarte. Udazkenetik aurrera erlea jada hibernatzen hasten da, eta lan askoz ere gutxiago izaten dugu eta errazagoa da, baina gaur egun dauden arazoengatik nahiko gainean egon beharra daukagu. Esaterako, liztorra udazkenean sartzen da bere fuerteenean, edo barbasis akaroa, eta horiei aurka egiteko azkenean urte guztian lana banatu beharra daukagu, nahiz eta denboraldiko etapa fuertea udaberria izan.

Arin. Udaberrian egokitu egiten da erlea, udaberri eta udara alde horretan beraien lana egin ahal izateko.

Inaxio Arin: «Erlea da polinizatzailerik garrantzitsuenetako bat, eta erlerik gabe mundua galdu egingo litzateke»

Zein da beraien lana?

Arin. Beraiek lan asko egiten dute. 40 egun bizi dira eta egunero lana egiten dute. Erle langileak egiten duen lana, erlauntza garbitzetik hasi eta eztia jasotzera bitartekoa izan daiteke. Hor lan ezberdinak daude: beraien etxebizitza garbitzen dute, bertan dauden erle arrautza edo kumeak zaindu egiten dituzte, erle kaxa beti bero mantentzen dute; hau da, beti beroa egon behar du. Honela, beste batzuk kanpora ateratzen dira loreak bilatzera, nektarra aurkitzera, gero eztia eta jana eduki ahal izateko.

Loreak behar dituzte nahi eta nahiez.

Jauregi. Bai. Azkenean loreak bere ernalketa prozesua martxan jartzeko, hau da, ernaldu ahal izateko, osagarri bat askatzen du: nektarra. Erlea nektar horren bila joaten da. Nektar hori hartzen duen momentuan polena hanketan orrazi bidez biltzen du, eta beste lore batera eramaten du. Polena landarearen zati arra da, lorez lore pasa beharra dagoena loreak bere fruitua eman dezan. Azkenean, adibide bat jarriz, sagarrondoak sagarra loretik emango du.

Beharrezkoak ditugu erleak.

Arin. Bai, eta asko aztertu da. Ez da oraingo kontua eta aspalditik datorren ikerketa da. Erlea da polinizatzailerik garrantzitsuenetako bat, eta erlerik gabe mundua galdu egingo litzateke.

Zuek erle beltzarekin egiten duzue lan. Zer esan nahi du horrek?

Jauregi. Erle beltza bertako erle autoktonoa da. Orain dela urte batzuk beste erle batzuk ekartzen hasi ziren, azken batean hemengo akain batzuei eta aurka egiteko beste erle arraza bat egokiagoa izango zelakoan; hau da, italiarra edo errumaniarra edo dena delakoa. Orduan hibridazio batzuk egon ziren, nahasketa batzuk, baina ikusi da bertako erlearen joera bertako arraza mantentzea dela, eta askoz ere egokiagoa dela hemengo klimarako. Azken batean, bizitza guztia darama hemen. Guk horretan sinisten dugunez, bere garrantzia ematen diogu erle beltzarekin lan egiteari.

Intsektu gisa, zaindu beharrekoak al dira erleak?

Arin. Euren lana egiten uzten diegu baina ondo tratatu behar dira; tokia utzi behar zaie eta espazioa eman behar zaie. Kontuan izan behar da beti euren tenperatura mantendu behar dutela. Logistika eskatzen du, eta erlea ere mimatu egin behar da. Lan asko egiten dute bakarrik, baina ez baduzu mimatzen erlea, eta ez baduzu ulertzen beraiek ere nola funtzionatzen duten, azkenean beraiek ere galtzera doaz. Zaindu egin behar dira.

Eta beldurrik edo errespeturik izan behar zaio erleari?

Jauregi. Bai. Erleak azkenean bere etxea zaintzen du eta badu joera agresibo bat. Erle ziztada ez da batere atsegina, gu ohituak bagaude ere, guri ere mina ematen digu. Jantzirik gabe ez da komeni erlauntzaren oso ondotik ibiltzea.

Arin. Beraien funtzionamendua ulertu behar da. Eguraldi txarrarekin edo hotza egiten duenean, erlea etxe barruan egoten da, gu egoten garen moduan. Eta norbait molestatzera edo adarra jotzera baldin badoa, ziztatzera egingo du. Eguraldi ona dagoenean berriz, erlea bera ere zentratuago dago beste gauza batzuetara, eta ez da hainbeste gugana etortzen.

Mattin Jauregi: «Erlea beltza bertako erle autoktonoa da. [...] Bere garrantzia ematen diogu erle beltzarekin lan egiteari» 

Zeruari asko begiratzen diozue?

Jauregi. Bai. Loreak loratu ahal izateko eguraldi epela behar du. Erleak lana egin ahal izateko ere bere tenperatura behar du. Hotzarekin barruan egoten da, eta azken batean sortu duten eztia, gure produktuetako bat izango dena, jaten ari dira, eta ondorioz guk kantitate gutxiago edukiko dugu. Orekatua izan behar du azken batean eguraldiak. Urtaroak orain artean nahikoa ondo joaten ziren, baina jada ikusten da geroz eta diferentzia gehiago dagoela. Azkeneko elurteak beranduago iristen ote diren, euri gehiago edo gutxiago egiten duen, lehorrago... Azken batean, guztiak bere eragina izango du.

Urte bakoitza ezberdina da?

Jauregi. Aurten udaberria oso goiz etorri zen. Erlea martxan jarri zen, baina tartean hotza eta elurtea etorri zitzaizkigun. Erlea geldiarazi egin zuen, eta baita lorea ere. Lorea bere punturik onenean zegoenean elurteak hoztu eta loraldia gelditu zuen. Erlea gelditu zen, eta berriz arrankatzea kostatu zaio.

Lanerako zein garai duzue gustukoena?

Jauregi. Niri lanerako udaberria gustatzen zait. Eguraldi onarekin erlea bere lana ondo ari dela egiten ikustea gauza polita da. Eta ikustea zuk egin duzun lanarengatik erle hori fuerte dagoela, zuk egin duzun lanari esker eta erlearen laguntzarekin aurten fruituak egongo direla, edo hemen dugun paisaia hau ikustea erleetatik datorrela... horrek guztiak animoa igotzen dizu.

Arin. Udaberria eta udara. Zure lana ondo egiteagatik jasotzen dituzu sariak, eta horrek poza ematen dizu. Nik lana ondo egin eta jaso dudan uzta da. Esaterako, koadroak eztiz goraino beteta ikusten dituzunean horrek izugarrizko ilusioa ematen dizu; eztia atera eta ordura arte egindako lan guztiak merezi izan duela sentitzen duzu.

Inaxio Arin: «Erlezaintzan sartu naizenetik, bertako paisaiari askoz ere gehiago erreparatzen diot»

Zer ematen dizue erlezain lanak?

Arin. Nire kasuan, tradiziorik eta ezer izan gabe, naturarekiko lotura oso estua ekarri dit. Nahitaez, naturarekin asko lotzen zaitu eta prozesu bat ikusten ari zara. Gehiago erreparatzen diezu loraldiak nola doazen, beste landare batzuk nahigabe aztertu egiten dituzu. Orain artean gutxiago begiratzen nuen eta orain naturarekiko lotura sortu dit.

Jauregi. Orain artean kaletik nindoanean ez nintzen konturatzen zein zuhaitz zegoen loretan. Ez nion garrantzirik ematen. Orain, berdin du gidatzen, trenean edo paseatzen joan, loretan dauden zuhaitzak ikusten ditut, eta erleak lanean ariko direla pentsatzen dut. Erlezaintzan sartu naizenetik, bertako paisaiari askoz ere gehiago erreparatzen diot. Aberasgarria da bertako loreez gehiago jakitea.

Arin. Orain artean, erleak bazeuden, baina tarteka baten bat ikusi eta hor geratzen zen. Orain, ordea, konturatu gara eta konturatzen ari gara, erlea zeinen garrantzitsua den munduarentzat. Lan garrantzitsua dela eta egin beharrekoa dela sentitzen dugu.

Ateratzen dituzuen produktuek ere beteko zaituzte.

Herritarrei beraien lana erakusteko 'Egun batez erlezain' proiektua jarri dute martxan; irudian, bisitarekin. SUTU PRODUKZIOAK

Jauregi. Erlezaintza oso tradizionala izan da, eta beti eztia izan da produktua. Aurrerapauso batzuk eman dira eta osasungintzarako propolia bezalako beste osagai batzuk daude. Guri gehien produktu berriak bilatzeak motibatzen gaitu; berrikuntzak. Erlezaintzari tradizio horretatik buelta bat emateak, horrek bai betetzen gaituela. Emaitzak lortzen ditugunean aurrerapausoak ematen ditugu, produktu gehiago daude eta lanean jarraitu beharra dago.

Mattin Jauregi: «Arazoari irtenbide bat emateko gure erlauntzak baratze edota fruitu zuhaitzetara eramaten ditugu» 

Erlezaintzatik bizi nahi duzue?

Arin. Hori da gure helburua eta ametsa.

Jauregi. Horretan ari gara lanean.

Zer egiten edo produzitzen duzue zehazki? 

Jauregi. Polinizazio zerbitzua gure eskaintzetako bat da. Jendeari beraien fruitu arbolak polinizatzeko eskaintzen diogun zerbitzua da, gero berak bere fruituak jaso ahal izateko. Propolia edo polena beste eskaintzetako bat da; polen freskoa ere ateratzen dugu; lehortu gabeak bere propietateak hobeto mantentzen dituena baita. Gainera, produktu berri batzuekin ere lanean ari gara, nektarra kasu. Orain artean atera ez den produktu bat da. Eztitze prozesura iritsi gabeko ur gozo bat, alegia. Azkenean, lore batek erlea erakartzeko erabiltzen duena. Horrekin ari gara lanean; hau da, nola atera eta nola komertzializatzen aztertzen ari gara. Horrez gain, erlekumeak direla, kosmetika dela, gastronomian ere eskua sartu nahiko genuke... Kosmetikan garatua da erlezaintza, baina gastronomian eztiarekin edo erleen produktuekin gauza asko lortu daitezkeela iruditzen zaigu.

Arin. Esaterako, bikingoek edaten zuten ezti ura. Gu produzitzen hasiak gara, nahiz eta aspaldiko kontu bat izan, orain berriz ateratzea berrikuntza bat da. Gure inguruan jende askok galdetu digu zer den. Kosmetikari lotuta, ukendua eta kakaoa ere egiten ditugu. Gehienbat gauza berritzaileak egin nahi ditugu. Erlezaintza geldi dagoen sektorea dela iruditzen zaigu, eta azpitik nahastu eta beste buelta bat eman nahi diogu aktiboago bihurtzeko.

Jauregi. Eztiaz aparte produktu asko lortu daitezke.

Polinizazio zerbitzua jarri duzue. Zer esan nahi du horrek?

Jauregi. Erlea lorez lore ibiltzen da loreak askatzen duen nektar edo ur gozoaren bila, eta momentu horretan hartzen du landarearen zati harra eta beste landare baten zati emean uzten du. Horri esker ugaltzen dira loreak. Ugalketa hori gabe, fruituak ez lirateke behar bezala aterako edo lore horiek ez lukete beraien fruta ematerik izango. Orain arte prozesu hori naturalki egin da. Erle asko zegoen eta sagarrondo batek hamar lore bazituen hamarrak ernaltzen ziren. Jende askok zituen erleak, eta bestela ere erle asko zegoen. Erle gutxi dagoen momentutik, arazo bat dago. Hori horrela, arazoari irtenbide bat emateko guk gure erlauntzak eramaten ditugu baratze edota fruitu zuhaitzetara.

Zer esan asiar liztorraz?

Jauregi. 2006 inguruan sartu zen Euskal Herrira; izugarrizko gaitasuna du ugaltzeko eta zabaltzeko. Espezie inbaditzaile handi bat da, eta bertako liztorra baino indartsuagoa da, erlea berriz nahi duen bezala jaten du. Jendea horri aurka egin nahian ari da; badaude ikerketak eta ari dira probak egiten, baina ikusten da ez direla behar bezala garatzen. Liztor horrek duen indarra handia da, eta ezin dugu ezer handirik egin. Hortaz aparte, urtean zehar erlea ahultzen duten beste gaixotasun batzuk badaude. Varroa edo varroasis izeneko akain bat bada, eta asko ahultzen du eta udazken garaian liztorra iristen den momentuan bukatu egiten du erlearekin. Erlezain askok beraien plantilaren %60a galdu izan dute.

Inaxio Arin: «Erlea hain beharrezkoa izanda laguntzak beharrezkoak dira»

Zaila da beraz horri aurre egitea?

Jauregi. Liztor habiak errazago ikusten dira udazkenean, hostoak erortzen direnean, baina hostoa erori bitarteko prozesu horretan oso zaila da liztor habi bat bilatzea. 3.000 liztor badaude, egunean bakoitzak hiru erle jan ditzake. 9.000 erle jateaz aparte, erleak beldurtzen ari zaizkizu. Beldurtuta dagoelako elikaduraren bila ateratzeari uzten dio. Oso zaila da aurre egitea.

Herritarrok zerbait egin dezakegu?

Jauregi. Liztor horrek erreginak udaberrian eta udazkenean ateratzen ditu. Garai horretan, herri mailan tranpa sistema egoki bat egongo balitz, ziurrenik liztor kopurua gutxituko litzateke. Ez erabat galduarazteko, baina herri mailan atera daitezke proiektuak aurre egin ahal izateko edota erlezaintzari lagundu ahal izateko.

Egiten al da zerbait asiar liztorraren aurka?

Jauregi. Eusko Jaurlaritzaren bidez udal guztiek dute aukera herri mailan tranpa sistemak kokatu ahal izateko, baina horrek kostu ekonomikoa suposatzen du eta gainera lana eskatzen du. Udalen aldetik interesik eza dagoela iruditzen zaigu. Tolosaldean, herri txikien kasuan, diru bat horretara jartzea ez da erraza izaten. Erlezainok egin behar izaten dugu lana, gure interes propioaren alde.

Produktuak ekoitzi, prestatu eta saltzeaz ere zuek arduratzen zarete. 

Arin. Produktua ekoitzi eta saltzea ere guri tokatzen zaigu. Horretarako sare sozialak erabiltzen ditugu, eta batez ere Instagram. Azoka berezietara ere joaten gara, eta gainera denda batzuetan ere saltzen dugu. Horrela saiatzen gara gure produktuak zabaltzen.

Jauregi. Eroslea nondik dabilen adi ibili behar dugu, eta baita zer behar duen jakin ere. Erosleari bere beharrak asetzeko gainean egon behar dugu. Erlea zaintzeaz aparte saldu egin behar dugu, gure diru iturria hori baita. Bi lan dira.

Lehen sektorearen barruan, baloratzen al da erlezainok egiten duzuen lana?

Arin. Gertukoek pixka bat baloratzen dute ikusten dutelako zer lan egiten dugun, baina orokorrean ez dago hain baloratuta erlezainon lana.

Jauregi. Lehen sektorean produktu asko daude, baratzezaintzan edo ganaduetatik eratorritakoak, adibidez. Baina erlezainon kasuan, eztia izan daiteke baloratua, baina esaterako, ez da esnea bezain beharrezkoa. Erlezaintza oso gutxi ikusten da. Zer gara gu lehen sektorean?

Bazterrean zaudetela sentitzen duzue? 

Jauregi. Bai. Laguntza aldetik-eta bai. Eman ditugun azalpen guztiekin ikus daiteke erleak zein garrantzia duen bertako produkzioan eta naturan: sagardogintzan, kulturan, elikagaietan edo osasungintzako arloan. Hori dena baloratu ahal izateko lehen sektoreak ere lanketa bat egin beharko luke. Beharbada, uste baino garrantzitsuagoa da ofizio hau.

Arin. Bukaerako produktua hartzen da kontuan. Esnea bada beharrezko produktu bat, baina eztia edo propolia ez. Orduan, hori kontuan izanda, ez zaio behar besteko garrantzia ematen. Atzera begira jartzen baldin bazara, ordea, erlerik gabe segur aski, behiak esnea ekoizteko jaten duen belarrik ez zukeen izango. Atzera begiratu behar da; erleak zein garrantzia duen ikusi behar da, behintzat. Bata bestea gabe ez gara ezer. Produktua lehengai bat ez denez ez zaio garrantzirik ematen.

Instituzioen aldetik zerbait egiten da?

Jauregi. Laguntzak egon badaude, Gaztenek izan daiteke adibideetako bat. Laguntzak, batik bat, lehen sektoreko gazte ekintzaileak bultzatzeko izaten dira. Laguntza horiek ganadu pisutsura bideratuta daude, eta adibidez, erlezaintzan, Gipuzkoa mailan 400 erlauntza jartzea eskatzen dute. Hemen 400 erlauntzarentzat ez dago nahikoa janari, eta ez da bideragarria. Instituzioen aldetik azterketa bat egin beharko lukete, eta baloratu UTA edo eskakizun horiek benetan errealak ote diren erlezaintzatik bizi ahal izateko.

Arin. Eskatzen dizkiguten baldintza horiek Espainiako beste zonalde batzuetatik atera dituzte. Beste toki batzuetan errazagoa da eztia ateratzea edo erlezaintzatik bizitzea. Hona ekarri dute, baina hemen eskatzen digutena ez da bideragarria. Lanketa egin beharko litzateke eta araudi hori aldatu. Azken batean, oso laguntza gutxi ditugu, eta daudenak ez dira bideragarriak guretzako.

Gipuzkoa mailan bertatik bizi denik bada? Gazterik?

Jauregi. Gipuzkoa mailan esku batekin edo birekin kontatu daitezke erlezaintzatik bizi direnak. Duen garrantzia izan eta horren jende gutxik bertatik bizi ahal izatea nahiko tristea da. Gazte batzuk egon badaude, erleak afizioz dituztenak; lau, bost edo hamar erlauntzarekin. Hortik bizitzea zaila ikusten dugu. Hor gabiltza gauzak aldatu nahian, eta ea zerbait lortzen dugun.

Arin. Gazteak badaude hobby moduan ari direnak, baina honi ez baldin bazaizkio laguntzak ematen, honen jarraipen gutxi ikusten dugu. Gu topera sartu gara, baina hemen laguntzarik ez bada inor ez da hasiko erleak jartzen. Hobby moduan bai, baina erlea hain beharrezkoa izanda, laguntza horiek beharrezkoak dira.

Gazteak zarete, eta indartsu eta gogotsu ari zarete. Lortzeko helburuarekin? 

Jauregi. Saiatu egingo gara behintzat. Ahal duguna egingo dugu, gure indarrak horretara jarrita ditugu, eta ea zerbait polita ateratzen den.

Arin. Mattinek esaten duen moduan, kale edo bale.

 

Argazkiak: Eneritz Maiz eta Sutu produkzioak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!