"Nahiago nuke gure lana lasai egiten utziko baligute"

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mai. 30a, 16:00

Baserritik saioko protagonista Maider Murua artzaina da. Orendaingo Zelaieta baserrian bizi da, eta negozioa Joxe Antonio Garmendia senarrarekin eta Joan Mari Garmendia koinatuarekin batera darama aurrera. Kaleko artzainen familian jaio zen Murua, eta umetatik izan du harremana ardiekin. Artzain Eskolako lehen urtean egin zituen ikasketak, eta garbi zuen artzaina izan nahi zuela. Aralarko larreetan pasatzen ditu maiatzetik urrira bitarteko asteak eta gustura joaten da mendira. Aldiz, kexu agertu da instituzioetan agintzen dutenekin: “Jende bat dago gure lana ez duena baloratzen, eta pena da jende horrek agintzen duela. Politika jartzen dute gure lanaren aurretik”.

Kaleko artzainen alaba da Maider Murua, eta era berean mendiko artzainena. Garbi izan zuen eta artzain izatea erabaki zuen gaztetatik. Artzain eskolako lehen urteko ikaslea izan zen Murua, eta ikasketak bukatu, praktikak egin eta bere artaldearekin hasi zen lanean.

 

Orendaingo Zelaieta baserriko Joxe Antonio Garmendia artzaina du senarra, eta Garmendia ezagutzean eman zuen aldaketarik handiena. Joxe Antonio eta Joan Mari Garmendia anaien artaldea eta berea elkartuta hasi ziren lanean Zelaieta baserrian. Ardura batzuk banatuta badituzte ere, lanean denek denetik egiten dute. Hiru izateak abantailak dituela azpimarratu du: “Normalean artzaintzan bakarra hasten da, eta gaur egunean bakarrarentzat oso-oso pisutsua da lana, eta ia ezinezkoa da”. Ardiekin bakarrik ez dagoela lana esan du, “paperetan bakarrik izugarrizko lana dugu”.

 

Behin azaroan arkumeak jaiotzen hasten direnetik lan kargak gora egiten du Zelaietan, eta urtarriletik aurrera, ardiak jezten hastearekin batera egunero egiten dituzte gaztak. “Gazta ez da egitea bakarrik, gero ere lan handia du”, azaldu du. Gazta garbitasunarekin lotu du Muruak; gaztak egiteko, esnea jezten hasten diren momentutik hasita garbitasuna behar dela dio. Gazta onak egiteko, berriz, esne ona jasotzean dagoela gakoa esan du. Ardura handia dela dio, eta “guri jaten horrek ematen digu”.

 

Aralarrerako bidea prestatzen ere ari dira. Dagoeneko artaldearen erdia Aralarko mendietan dabil, eta laster beste erdiarekin igoko dira. Baina, txabola prestatzeak ere bere lana duela azpimarratu du: “Ardiekin igotzen zaren egunean ez dago denborarik, jada igo eta zuzenean ardiak jezten hasi behar duzu”. Aralarren bizitzeaz, “beste bizitzeko era bat da”, dio . Hiru seme-alaben ama den neurrian, eskolan oporrak hartu bitartean, “ezin dut lehen bezala bizi artzaintza mendira joaten denean”.

 

Maiatza bukaeratik urrira bitarteko hilabeteak Aralarren pasako ditu Zelaietako familiak. “Motxak egiten zaizkigu guri, negua luzeagoa da hemen”, kontatu du. Aralarren ganaduarekin gehiago disfrutatzen dutela dio, eta lan lasaiagoa izaten dutela.

 

Gazta jendeak apreziatzen duela sentitzen du, eta horrek “poza” eta lanerako “gogoa” pizten dizkio. Aldiz, arkumeen kasuan, ondo saltzen dituzten arren, ez dutela prezio onik azpimarratu du. “Ez dakit zer gertatzen den, eta norbaitek eskua sartu beharko du balio bat eman ahal izateko”. “Guri zergatik ez zaigu pagatzen behar dena? Zenek jasotzen du dirua?”, galdetzen du.

 

Hogeita lau orduko lana dela nabarmendu du eta horrek dedikazio bat eskatzen duela. Lana oso gustukoa du eta ez du damurik artzain izateaz, baina instituzioetan agintzen dutenekin haserre dago Murua:

“Jende bat dago gure lana ez duena baloratzen, eta pena da jende horrek agintzen duela. Politika jartzen dute gure lanaren aurretik”. Mendian, Aralarren, arazo handiak dituztela azpimarratu du.

 

Instituzio ezberdinetako jendeari lotuta, “jende horrek hau ez du behin ere bizitu, eta hau zer den ezin dute imajinatu ere egin, eta mendian ere zein lan egiten dugun ezin dute imajinatu”, dio. Bere kasuan, osasun legeak baldintza batzuk bete behar dituela esaten dio, baina “orain ere eguzki plakek ez dute egiten, eta nik ezin ditut baldintza horiek bete”. “Nire lana ondo bete ahal izateko baliabideak behar ditut, eta ez badizkidate jartzen ezin dut”, zehaztu du. “Nire gizonaren txabolan azken zazpi urteetan ur berorik ere ez dago”, argitu du. Ura berotzen aritu behar izaten dute materialak garbitu ahal izateko, eta baldintza minimo batzuk bete ahal izateko. “Nik ezin dut nire txabolan ezer egin, zeren ez da nirea”, azaldu du. Azpimarratu eta garbi utzi nahi izan du alokairuan daudela Aralarren: “Gu mendi horretan alokairuan gaude, bai txabolako, bai ardiko, bai bildots bakoitzeko, behor, behi,... gu pagatzen ari gara”. Gustura agertu da bere txabolaraino bidea duelako, eta iaz gizonaren txabolara bidea egin zutelako.

 

Kexu da agintariekin: “Lagundu baino gehiago okertu egiten dute, eta nahiago nuke gure lana lasai egiten  utziko baligukete goran”, eta “ez dute ondo agintzen gainera”, gaineratzen du.

 

Adinean gora doazela artzainak esan du, eta galdera luzatu du: “Atzetik zein gazte joango da artzain?”, eta gaur egungo egoera ikusita zalantzak ditu: “Behar gaituzte benetan?”.

Tolomendik babestutako tartea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!