ATARIA IRRATIko Baserritik saioko protagonista izan da Xabier Almandoz donostiarra. Lehen sektorea altxa edo indartzeko kontsumitu egin behar dela dio.
Baserrian jaio zinen?
Ez, kaletarra naiz, Donostiako Martutene auzokoa. Gurasoak biak baserrikoak ziren. Kalera joan ziren bizitzera eta ni kalean hazia naiz. Elektronika ikasketak egin nituen, eta 27 bat urterekin sortu zitzaidan grina hona etortzeko.
Ume garaian izan zenuen baserriarekin loturarik?
Bai, eta nire zaletasuna hortik datorrela esango nuke. Nahiz eta kalean bizi, nire ama Usurbilgoa zen eta nire aitona-amonengana joaten nintzen Usurbilera. Txikia nintzela aitonarekin ibiltzen nintzen oiloei jaten ematen, bere asto eta karroarekin baratzera joan eta porruak biltzen... Oroimen atseginak dauzkat, eta nahiz eta kalean bizi eta elektronika ikasi, gero etorri zitzaidan zaletasun hau.
Nolatan erabaki zenuen baserritik bizitzea?
Lehen sektoreari edo bizimodu honi lotuta bazen Integral aldizkaria, eta beste bi lagunekin elkartu eta iragarki bat jarri genuen. Taldetxo bat elkartu ginen, eta Aldabazahar baserriaren zati bat erosteko aukera suertatu zitzaigun. Erosi egin genuen, eta ordutik hemen gabiltza.
Egoera onean zegoen baserria?
Ez. Berreraiki egin behar izan genuen. Baserria erabat erorita zegoen eta hutsetik hasi behar izan genuen.
Ingurukoek nola hartu zuten?
Nire aitak nahiko gaizki hartu zuen. Garai hartan elektronika ikasi eta bizimodurako arrakasta hori zen, eta baserri bat erosi genuela esan nionean ez zitzaion batere gustatu, baina errespetatu egin behar.
Nola gogoratzen dituzu lehen hilabete haiek?
Hona etorri baino lehen Martutenen izan nuen baratzea, eta esperientzia pixka bat hartu nuen. Bizimodu berria, berria zen eta denok bezala, askotan hanka sartuz ikasten. Ikasketa izan zen eta izaten ari da. Bizimodua oso diferentea da. Egia esan elektronikako ikasketak ondo etorri zaizkit hemengo bizimodurako, eta orain dauden teknologiak aplikatzeko. Hemen aritzeko beharrezkoa zen jakinduria, eta batzuek gurasoengandik hartzen dute, baina nire kasuan hasieratik hasi behar izan nuen.
Aldaba Zahar elkarteak ia 30 urteko ibilbidea du.
Hasi ginenean lau kidek osatzen genuen. Gerora, beste bat sartu zen, eta momentu honetan biren artean ematen dugu guztia.
Produktu biologikoak eta askotarikoak ekoizten dituzue.
Ahuntz talde bat dugu, eta ahuntzaren esnekiak ekoizten ditugu; jogurtak eta gazta ezberdinak. Lehen, beste produktore batzuen behi esnea ekartzen genuen, baina ez zen kantitate handia. Garraioa-eta zaildu zen, eta orain bertan ditugun baliabideetatik bizi ahal izaten ahalegintzen gara.
Zer gehiago ekoizten duzue?
Okindegia dugu, eta ogi ezberdinak egiten ditugu. Horrez gain, baratzea dugu. Asko ez. Toki oso altua da, eta gauetan hotz handia egiten du. Barazkiak ekoizteko ez da tokirik aproposena.
Nolakoa da zure egunerokoa.
Bakoitzak bere ardurak ditu. Nire ardura ukuiluan gauzak antolatzea da. Eta behin ukuiluko lanak egin eta gero, eguraldi ona bada, ahuntzak atera larrera. Gero konponketak izan daitezke, sailak garbitu, itxiturak konpondu... Esaterako, une honetan esnerik gabe gaude. Esnealdia martxo-apirilean hasten da, eta orduan gaztandegiko lanak izaten ditugu.
Okindegia aipatu duzu. Zer lan eskatzen du?
Egurrezko labea da, eta egurra prestatu eta bezperatik sua egin eta labea berotzen hasten gara. Ni ez naiz arduratzen, baina normalean, hurrengo eguneko feriara joateko egiten dira ogiak. Bezperatik hasten gara lanean.
Zer ematen dizu baserriak?
Bizitoki honetan normal bizi ahal izateko hemengo errekurtsoak ahalik eta gehien aprobetxatzen ahalegintzeak betetzen nau; inguru hau pixka bat zaintzeak. Ahuntzekin ibiltzea ere gustatzen zait. Garai batean hemen bizitzeari utzi zioten, eta gaur egunera egokituta, hemen bizi eta inguru hau zaintzea.
Zuzeneko salmenta bidez saltzen duzue guztia.
Ahalik eta gehiena horretan saiatzen gara. Denda batzuei ere banatzen diegu.
Lan handia suposatzen al du?
Bai. Goizean goiz atera behar da etxetik, eta Donostia, Ordizia edo Tolosara joan behar duzu. Lan gogorra da, asterokoa. Ordizian eta Tolosan babestuta gaude, baina Donostian karpa ere muntatu behar da. Baina badu bere alde atsegina, jendearekin egoten zara eta komunikazioa dago.
Atseden egunik bada Aldabazaharren?
Taldean sartu ginen, beste gauza batzuen artean, horregatik. Bizi ahal izateko. Ez da bukatzen lanik. Alde batetik dago errentagarritasuna, baina bizi ere egin behar da. Ganadutegian txandak egin behar dira edo ordezkatu. Taldean lan egitea beti garrantzitsua iruditu zaigu. Horregatik gabiltza, taldea egiten. Bere alde onak eta txarrak ditu, baina tarteka, asko ez bada ere, oporrak egiteko aukera dugu. Astean behin atsedena behar da. Hori behar du gorputzak.
Inoiz damutu zara?
Orain ondo nago. Batzuetan bai, gauzak gaizki doazenean, baina ez naiz damutzen. Berriro egingo nuke apustu hau.
Baloratzen da baserritarrok egiten duzuen lana?
Toki batzuetan bai. Jendea orokorrean hipermerkatuetara joaten da, eta ahalik eta merkeena erosten du. Baina benetako gauzak bilatzen dituen geroz eta jende gehiago dagoela uste dut. Kontzientziatutako jende gehiago dago. Hala ere, oraindik asko egin behar da bai kontzientzia mailan eta baita kontsumo mailan ere, baina egia da lehen sektorea altxa arazteko edo indartzeko kontsumitu egin behar dela. Lan ekonomia mailan hobea da hemengo bati gauzak erostea kanpoko bati edo multinazional bati baino.
Bazterrean zaudete?
Bai. Laguntzak beharrezkoak dira, baina irteerak gure buruan oinarrituta atera behar ditugu. Norberak bere tokia landu behar du eta bertako errekurtsoak aprobetxatu. Beste enpresen menpe jarraitzen badugu, beti horrela ibiliko gara. Guk elaboratzea erabaki genuen, ez bakarrik ekoiztea, eta zuzeneko salmenta bidez saltzea. Abeltzaintzan, gure kasuan, ahalik eta gehiena etxean ekoizten ahalegintzen gara. Etxera ekartzen ditugun errekurtsoak, pentsua, gasolioa, elektrizitatea, geroz eta garestiago daude, eta egongo dira.
Gustuko lana behar du izan?
Noski, eta horregatik oso garrantzitsua da umeak inguru hauetan ibiltzea. Hazia hor geratzen da eta agian niri gertatu zaidana gertatuko zaie. Gauza bat bizitu arte ez dugu jakiten gustuko dugun edo ez. Uste dut txikitatik baserri munduarekin, baratzearekin eta ganaduekin kontaktua izatea garrantzitsua dela eta esperientzia bizitzea, aurrerago zer izan nahi dugun erabaki ahal izateko.
Tolomendik babestutako tartea