“Piperrak umeak bezala zainduz, soroan ibiltzen naiz gusturen”

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mar. 7a, 16:00

Baserritik saioko protagonista Pedro Zubelzu da. Ez da baserrian jaioa, baina istripu bat tarteko Ibarrako piperrekin hasi zen lanean ia duela 30 bat urte. Harrez gero, makina bat berrikuntza eta inbertsio egin ditu, eta bide luzea egina du Zubelzu piperrak modu ezberdinetara salduz. Zubelzuk etorkizuna ikusten dio Ibarrako piperrari, baina baserri aldetik oso etorkizun txarra ikusten du. Eta onartzen du oso lan sakrifikatua dela. Aldiz, “gustatuz gero eta ilusioarekin lan eginez gero, mundua jaten duzu”.

Ezaguna egin da Ibarrako Piperra, eta produktu estimatua dela kontatu du Pedro Zubelzuk. Ia duela 30 urte ez zekien zein erantzun izango zuen ozpinetan ontziratutako Ibarrako piperrak saltzeak, baina proiektua martxan jartzera ausartu zen ibartarra.

Lana asko aldatu dela aitortu du. Lehen dena eskuz egiten zuten eta “horrela gaude, zazpi operazio izan ditut”. Hasiera “gogorra” izan zela dio, baina beti aurrera begiratu du, eta inbertsioak egin eta egin, lana egiteko beste kalitate bat lortu du.

Gauzak ondo egitea gustatzen zaiola azpimarratu du, eta sorora joan eta dena txukun edukitzea nahi izaten du, eta soroari ahalik eta etekinik handiena ateratzea izaten du helburu.

Maiatzean, San Isidroren bueltan hasten dira landareak landatzen. Behin landareak landatuz gero, egunero-egunero egiten du soroetara buelta, arazorik baden ikusi ahal izateko. Urteek esperientzia eman diote Zubelzuri, eta arazorik bada azkar konturatzen da: “Arazoren bat agertzen bada, azkar aurrea hartu behar da”. Gainerakoan, uzta galtzeko arriskua izaten dute.

“Ez dago kanpaina bat berdina, beti aldatzen da”. Eguraldiak lagunduz gero, San Ferminen bueltan hasten dira lehen piperrak biltzen, urrira bitarte. Piperrak eguzkia behar duela esan du.

Sei hektareatan landatzen dituzte piperrak, eta egunero-egunero bildu behar dituzte. Eskuz egin behar izaten dute lan guztia: “Bildu eta gero ere piper guztiak eskuz sailkatu behar izaten dira”, dio. Piperraren sekretuetako bat bildu eta berehala botilaratzean dagoela zehaztu du.

Behin bilketa bukatuta, piper landareak kendu eta mostaza eta errefau edo rabanoa botatzen dituzte soroetan, lurrari, besteak beste, kaltzioa emateko eta desinfektatzeko.

Saltserotzat du bere burua Zubelzuk, eta beti gustatu izan zaiola inork ez dauzkan produktuak sortzea azaldu du. Honela, ozpinetako piperrez gain, piperrak modu ezberdinetan saltzera iritsi dira. Esaterako, 2012an, gilda moduan.

Gainean egon eta soroak zer behar duen aztertuta izatean dagoela sekretua dio: “Ni soroan ibiltzen naiz gusturen piperrak umeak bezala zainduz”.

Iaz, esaterako, lan askoko hilabeteetan 65 pertsonako lan taldea aritu zirela kontatu du. “Lurrari etekina kendu, eta 65 familiari behar bezalako soldata bat emateak betetzen nau”. Goizetan jaiki, eta askotan buruan hori izaten duela aitortu du: “Ezin diet huts egin familia horiei”. Ardura handia duela azaldu du.

Zubelzuk etorkizuna ikusten dio Ibarrako piperrari, baina baserri aldetik oso etorkizun txarra ikusten du. Eta onartzen du oso lan sakrifikatua dela.

Gogoz kontra lanean arituta ez dagoela etorkizunik esan du. Aldiz, “gustatuz gero eta ilusioarekin lan eginez gero, mundua jaten duzu”. Bukatzeko, mezu argia utzi du: “Burua zerbaitetarako daukagu. Pentsatu nola buelta eman, eta nola aurrera segi. Eta atera egingo zara. Zure burua estutzen duzunean ideia asko ateratzen dira”.

Tolomendik babestutako tartea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!