ATARIA IRRATIKO Baserritik saioko protagonista izan da Jabier Intxaurrondo berastegiarra. Arbide baserrian jaioa da, eta enpresa batean lanean hasi bazen ere, baserritik bizitzeko hautua egin zuen duela 31 urte. Esne behiak kendu eta larre behiak jarri zituen. Bertako harategietara saltzen ditu gizentzen dituen txekorrak. Ikastaroak ere eginak ditu, eta, besteak beste, elikaduran aldaketa eman zuen artoa era ekologikoan ereinez.
Zer zenuten umea zineneko baserrian?
Esne behiak genituen. Lau edo bost behi izango ziren. Haiei belarra ekarri, esnea jetzi,... dena eskuz egin behar izaten zen, eta lan handia izaten zen. Txerriak ere bagenituen. Txerri amak izaten ziren txerrikumeen salmenta handia izaten zelako. Urte onak izan ziren eta txerriak dirua ematen zuen.
Nola gogoratzen dituzu ume garaiko urte haiek?
Lan handia izaten zela dut gogoan. Orduan soroetan lan ugari egiten zen, eta batez ere gogoratzen naiz lurra prestatzen ibiltzen ginela. Itzulean aritzea ez zitzaidan gustatzen. Arre esaten diogun hortza bat izaten zen, eta hasten ginenean nik azkar bukatu nahi izaten nuen, eta arrastotik gorago joaten nintzen. Gurasoak zorrotz samarrak genituen, eta «Beinga arrastoa, segi arrastoa!» oihukatzen ziguten. Lan gogorra zen itzulean aritzea.
Eskuz egin behar dena?
Bai. Garai batean metak esaterako izugarri pila. Garo meta asko egiten ziren, eta belar metak gutxiago izaten ziren. Baserrien barruetan izaten ziren ganbarak, eta behorrarekin sartzen zen.
Belarra baserri barruan gordetzen zen, beraz.
Bai. Eta garo meta gehienak mendian egiten ziren. Orain pinua dagoen moduan, orduan, izugarrizko garo meta pila izaten zen. Azpietarako erabiltzen zen garoa. Behorrarekin edo traktorearekin joan, kargatu eta etxera ekartzen zen meta. Ni behorrarekin asko ez nintzen ibili. Guk traktore txiki bat bagenuen, eta harekin gehiago oroitzen naiz.
Gaur egun garoa ez da asko erabiltzen.
Oraindik ere pixka bat bai, baina jada oso gutxi. Lehen garo asko erabiltzen zenez behiak jan ere egiten zuen, eta hestea urratu egiten zitzaien eta pixa odolarekin egiten zuten. Garoa txarra zela esan zen, eta pixkana desagertu egin da.
Etxe guztia aritzen zineten lanean?
Etxean ginen guztiak. Orduan jende asko ibiltzen zen. Dena eskuz egiten zen, eta belarra moztu ere hasieran dena segarekin egiten zen. Gero sortu zen sega-makina, eta horrekin lan ugari aurreratzen zen. Baina belar gehiena ihartu egiten zen. Euria bazetorren belarra bildu eta pilatu egin behar izaten zen, eta hori ez nuen gustuko. Belazeetan belar pilak egiten ziren, eta horrek ematen zuen lan gehien. Hurrengo egunean, eguraldi ona bazen berriz ere desegin egin behar izaten ziren, eta berriz ere eguraldi txarra bazen, biltzera.
Soldaduskatik bueltan enpresan hasi zinen lanean.
Enpresa txiki batean sartzeko aukera izan nuen, eta bertan lan egin nuen sei edo zazpi urtez.
Ez zenuen utzi baserriko lana.
Enpresan ari ginela anaia eta biok lurrak transformatzen hasi ginen. Baserriari aldaketa bat eman nahian hasi ginen. 90. urtean krisi txiki bat egon zen, eta enpresan ere lan gutxi genuen, eta fidantza txiki bat jarri zuten atera nahi zuenarentzat. Orduan erabaki nuen baserrian hastea.
Erakartzen zintuen baserriak.
Bai. Esne behiak kendu eta larre behiak jartzen hasi ginen, eta gaur egun ere larre behiekin jarraitzen dut.
Ingurukoek zer esan zizuten?
Askok esaten zidaten askoz hobea nuela enpresan zortzi ordu pasatzea. Nik berriz beste aldera ikusten nuen, eta nahiago nuen baserrian lanean aritu. Probatzeko asmoz hasi nintzen eta ia 31 urte pasa dira.
Ez da lanik faltatzen baserriaren bueltan, ezta?
Baserrian ez da behin ere lanik falta. Hemen askotan lana pilatuz gero, utzi eta hurrengo egunean jarraitu behar duzu. Lan handia du, baina bere tartetxoak ere baditu.
Nolakoa da zure egunerokoa?
Larre behiek aukera ematen dizute eguna pixka bat beranduago hasteko, ez da esne behiekin bezala. Hala ere, goizetik hasi eta iluntzera bitarte lana badago gogoa izanez gero. Eguraldiak ere asko baldintzatzen du.
Urte sasoiaren arabera lan karga ezberdina izango da.
Bai. Orain ezberdina da. Lehen dena eskuz egiten zen, eta orain ia makinarekin egiten da. Aurrerapen handiak eman dira sektorean. Lanik gehienekoa udaberria da niretzat. Belar bolak egin, belarra ondu,... baina lanik txarrena sortzen diren belar txarrak kentzen izaten dut.
Zeruari begiratzen diozu?
Lehen bai, baina orain Interneten ikusten dut aste guztiko gorabehera, eta gero Andoni Aizpuru ikusten dut. Lehen zerura begiratu, eta belarretan aritzen ginenean laino txiki bat ikusi orduko trumoia bazetorrela-eta, biltzen hasten ginen. Eta biltzen bukatzerako trumoia izaten zen.
Nahikoa zen laino bat agertzea?
Bai. Orain dena aldatuta dago. Nik uste klima seko aldatu dela. Negu oso hotzak izaten ziren, eta orain negurik ez dago. Elurrik ere ez du egiten. Udan ere izugarrizko euriak igual... asko aldatu da. Gazte garaian elur asko egiten zuen.
Zer ematen dizu baserriak?
Bateko familia osatu dut. Hiru seme-alaba izan ditut eta zaintzak ere lan handia izaten du. Gurasoak ere alboan izan ditut, eta horrek asko lagundu dit. Lan handia du baserriak, baina bere lasaitasuna ere ematen dit. Egia esan gustura nago. Gauza garrantzitsuetako bat da erlojurik ez dudala erabiltzen, eta nik antolatzen dut nire egunerokoa.
Hogeita hamar urte badaramatzazu haragitarako behiekin. Zein da egoera?
Egoera oso txarra da, eta momentu honetan izan daitekeen txarrena. Prezioen igoera izugarria da: pentsua, gasolioa, argindarra, esku lana... dena oso garesti dago, eta guk haragiaren prezio bera daukagu.
Prezioa igotzea komeniko da errentagarri izateko?
Haragiaren prezioa igo beharra dagoela dudarik ez dago. Instituzioen aldetik laguntza batzuk badira, baina beharra ere badago. Bestela ez dago zer eginik, eta ez dakit nola bukatuko dugun.
Erraz saltzen dituzu?
Orain artean bai, ez dut problemarik eduki, baina orain saltzea ez da berdina. Gastuak igo direla nabari da. Gertuko harategietara saltzen ditut. Herrian bertan harategi ona dugu, Tolosan,...
Lehen sektoretik bizitzera animatuko zenuke jendea?
Zerotik hastea zaila ikusten dut. Momentu oso txarra da, baina terrenoak-eta baldin baditu eta gauzak antolatuta, ekologiko aldetik lan egiteko moduak badira, eta zuzeneko salmenta ere hor dago. Gero ere bakarren batek egin beharko du lana! Dudarik gabe gustuko lana izan behar du.
Tolomendik babestutako tartea