Donostiarrak dira biak ala biak eta ez dute baserri munduarekin harremanik izan. Agirrek betidanik izan du baserri batean bizitzeko gogoa, eta Landabereak, aldiz, sekulan ez zuen pentsatuko baserri batean bizitzen bukatuko zuenik. Kontuak kontu, duela hamar urte, Landabereak Zarauzko nekazari baten ordezkapena egiteko aukera izan zuen, urtebetez, eta bertan ikasi zuen lanbidea.
Gerora aldundiak nekazari gazteei bideratutako lur batzuk atera zituen Lezon, eta bertan sartu zen, eta egun, oraindik bertako baratzea ere mantentzen dute. Kontsumo taldeekin egin du lan hasiera-hasieratik. «Letxuga bat bera ere landatu gabea nintzen, eta zerotik hasi nintzen», dio Landabereak. Ordezkapen hori egiteak asko lagundu zion eta asko ikasi zuen bertan; bai baratzeko lanaz eta baita kontsumo taldeaz ere.
Bestetik, hamazazpi urtez CAF enpresan lan egin eta gero, iazko udatik baratzean ari da lanean Agirre ere.
Biek ala biek, hiria herriagatik aldatu izana «onerako» dela aitortu dute, eta gustura ari dira lanean. Zoriontsu bizi dira Asteasun. Landabereak esan du inguruko askok ez zuela uste hainbeste urte iraungo zuenik nekazaritzan.
Kontsumo taldeen gainean hauxe zehaztu du Landabereak: «Zorte handi-handia izan dugu, sekulan ez dugu bezero bat bilatu behar izan».
Udaberria eta uda dituzte lan gehienekoak, eta udazkena ere betea izaten dutela diote, «oraindik ere atseden handirik hartu gabe azken landaketekin ari gara». Negua dute urtarorik lasaiena.
Uzta jasotzeak betetzen du gehien Landaberea eta bizipoza ematen dio baserriko lanak. Damurik ez dute hartutako erabakiarekin, baina kezkak izan dituzte.
Donostian, Lasarten eta Usurbilen banatzen zituzten otarrak, eta duela hilabetetik Andoain eta Tolosako kontsumo taldeak ere badituzte; guztira, astero-astero, 70 otar bete behar izaten dituzte. «Eskertzen dute zuk egindako lana, eta pozik joaten gara otarrekin», dio Agirrek.
Hamar urteko ibilbidean orain «gehiago» baloratzen dela uste du Landabereak nekazaritza ekologikoan egiten duten lana, edota herritarrengan kontzientzia gehiago ikusten du: «Gehienbat gazteen artean». Geroz eta jende gehiago gerturatzen zaiela azpimarratu dute.
Aldiz, instituzioen aldetik, etxalde txikiak bazterrean daudela sentitzen du: «Ez dugu behar dugun besteko laguntzarik edo babesik».