“Tristea da beti ate joka ibili beharra hemen gaudela erakusteko”

Arantxa Sorrondegi da Baserritik saioko protagonista. Tolosako Urkizu auzoko Urkizu-Azpi baserrian bizi da, eta haragitarako behiekin egiten du lan. Lasartearra ez da baserrian jaioa, baina txikitatik ezagutu du baserri mundua, eta behin Urkizura bizitzera etortzean ez zuen zalantzarik izan baserriko lanari eltzeko. Hasi zenetik egoera bera bizi dutela salatu du, eta egin duen apurra txarrerako izan dela: “Kontuak oso-oso beltz doaz”.

Ez da baserrian jaioa Arantxa Sorrondegi lasartearra, baina ez zuen zalantzarik egin Urkizura bizitzera etortzean baserria eusteko. Urte askoan ostalaritzan lanean aritu eta gero erabaki zuen baserriari heltzea: “Atzera edo aurrera zerbait egin beharra zegoen, eta baserriaz ni arduratzea erabaki genuen. Orain ere bada, eta orduan ere bazen Gaztenek programa. Laguntzak ditugu mundu honetan sartzen den gazte jendearentzako”.

 

Baserritik ukuilua atera, eta berria egin zuten. Eta esne behiak kendu eta haragitarako behiekin hastea erabaki zuen. Limousin arrazako behiak ditu. Lan aldaketa ez zitzaion "gogorra" egin, eta gustuko lana duela aitortu du Sorrondegik.

 

Udaberria gustatzen zaio batik bat. Uda lasaiago bizi du behi gehienak mendian dabiltzalako, eta negua, aldiz, “pisua” egiten zaiola kontatu du. “Guztiak ukuiluan egoten dira, eta bi otordu behar dituzte; gainean egon behar da”.

 

Zeruari begiratzen diola esan du, eta aurtengo udan asko, ea euria noiz egingo zain. Hala ere, ezin dutela kexatu adierazi du “entzuten direnarekin”. “Lehor dago eta ez dago belarrik”, dio. Eta badu kezka neguari begira, jada ganadua ukuilura sartu eta jana ematen hastea egokituko balitzaio.

 

Baserriak ematen dion askatasuna bizi du, eta, orain, ez luke ezergatik aldatuko: “Ateak ireki eta askatasunean zaude”.

 

“Tristea da, baina beti behar ditugu diru laguntzak aurrera segitu ahal izateko. Poza emango luke zuk egindakoarekin aurrera egiteko aukera izango bagenu”.

 

Eman diren igoera guztiek baserritarren poltsikoan eragin zuzena dutela azpimarratu du, eta haragiaren prezioa “zerbait” igo bada ere, ez proportzio berean. Hasi zenetik egoera bera bizi dutela salatu du, eta egin duen apurra txarrerako izan dela: “Kontuak oso-oso beltz doaz”. Gaineratu du: “Tristea da beti ate joka ibili beharra hemen gaudela erakusteko”.

 

Baserritik bizi nahi duenari mezu garbi utzi dio: “Gustukoa badu eta hori nahi badu borrokatu dezala. Ate asko jo beharko ditu, baina heldu eta aurrera egin dezala”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!