"Uste den baino garrantzitsuagoa da erlezainaren ofizioa"

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko maiatzaren 16a

Baserritik saioko protagonistak dira Mattin Jauregi ikaztegietarra eta Inaxio Arin tolosarra. Erlezainak dira, eta erlezaintzatik bizitzea dute nahi eta helburu. Kale edo bale, horretan ari dira duela bost urtetik.  Jauregi hasi zen erle beltzarekin lanean, eta laguna duen Arini erlezaintzarako harra piztu zion. Balerdipeko Erleak proiektua sortu dute. Erlezaintza tradiziotik harago eraman nahi dute, eta produktu berriak sortzeak motibatzen ditu. Erleak munduan duen garrantziari begiratu behar zaiola azpimarratu dute.

Mattin Jauregi ikaztegietarra eta Inaxio Arin tolosarra erlezainak dira. Bertako erle beltzarekin egiten dute lana, eta erlezaintza tradiziotik harago eraman nahi dute, eta bertatik bizi ahal izatea dute helburu. Egun, Bedaion, Arbizun eta Tafalla inguruan dituzte kokatuta beraien erlauntzak. Balerdipeko Erleak proiektua sortu dute, eta produktu ezberdinak saltzen dituzte.

Eztiaz gain produktu asko ekoiztu daitezkeela kontatu dute, eta horrek motibatzen ditu bi gazteak, "produktu berriak" sortzeak.  "Oso tradizionaltzat" dute erlezaintza, eta "buelta bat" eman nahi diote sektoreari.

Udaberrian lan egin ahal izateko negutik prestatu behar dituzte erlauntzak. "Atzean dagoen lana ordu askokoa da, eta ez da ikusten", azpimarratu du Jauregik.

"40 egun bizi dira erleak, eta lan asko egiten dute", dio Arinek, eta "erlea da polinizatzaile garrantzitsuenetako bat", eta hori ikertuta dagoela eman du jakitera, eta gaineratu dute: "Erlerik gabe mundua galdu egingo litzateke". 

Zaindu egin behar direla erleak diote: "Lan asko egiten dute bakarrik, baina mimatu egin behar dira erleak".

Erlezaintzan hasi izanak naturara lotu ditu bi gazteak, eta ezezaguna den erlezainaren lana ezagutzera eman nahi dute. Hori horrela, maiatzeko azken astebururako Egun batez erlezain ekimena jarri dute martxan.

Lehen sektorearen barruan, bazterrean sentitzen dira, batik bat, laguntzen aldetik, eta "ez dago baloratua erlezainon lana" esan dute. "Lehen sektorearen barruan zer da erlezaintza?" galdera luzatu du Jauregik. Beraien produktuak ez direla lehengai moduan ikusten, eta horregatik ez zaiola behar beste garrantzirik ematen diote. Erleak munduan duen garrantziari begiratu behar zaiola azpimarratu du Arinek, eta instituzioengana zuzendu dira. Eta garbi utzi nahi izan dute: "Uste den baino garrantzitsuagoa da erlezainon lana".

Tolomendik babestutako tartea

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!