ATARIA IRRATIKO Baserritik saioko protagonista izan da Koro Artola. Jada 30 urte pasa dira Berastegiko Iturregi baserrian artzain lanean hasi zela. Berastegiko larreetan ibiltzen da bere artaldea, eta begiradarekin transmititzen du bizi egiten duela baserria.
Umetatik tokatu zaizu baserriko lanean aritzea?
Bai. Aresokoa naiz, eta bost anai-arreba ginen eta txikitatik tokatu zaigu. Ez lan pila bat egitea, baina beti laguntzen genuen baserrian.
Zer zegoen ume garaiko baserrian?
Animalia asko ez genituen. Aitak fabrikan egiten zuen lan, eta ama eta gu baserrian ibiltzen ginen. Bi behi, txekorrak, oiloak eta txerriak genituen. Etxerako ekoizten genuen. Belar garaian segarekin eta traktorearekin ere ibili behar izaten genuen.
Gustura aritzen zinen?
Ni bai. Ez dut batere oroitzapen txarrik, eta gustura aritzen nintzen. Eginbeharra zen, baina nik ez nuen eginbehar moduan hartzen. Egin egin behar zen, eta egin egiten genuen.
Lan mundura salto egitean zein bide hartu zenuen?
Urte batzuk ikasten aritu nintzen Leitzan, eta ikasketak bukatzearekin batera, 18 urte betetzean, Ibarran hasi nintzen lanean. Hamabi bat urtez aritu nintzen eta niretzat ez zen gustukoa. Kaleko mundu hori ez zitzaidan gustatzen, eta lana bukatu eta azkar etxera joan nahi izaten nuen. Orduan ez nintzen konturatzen zer gustatzen zitzaidan, baina baserriko askatasuna eta giroa gustatzen zitzaidan.
Eta nolatan hasi zinen baserrian lanean?
Berastegira ezkondu nintzen, eta ezkondu eta urtebetera nire koinatua hil egin zen. Ardiak zituen baserrian. Pixkana-pixkana gelditu ziren ardi haiekin lanean hasi ginen, eta orduan ikusi nuen kalera joan gabe etxean lan egiteko aukera nuela.
Zure gustukoa zen hori?
Bai. Bete egiten ninduen eta gustura hasi nintzen.
Erraza izan zen erabaki hori hartzea?
Erraza izan zen. Argi nuen ez nuela berriz kalera joan nahi lanera. Etxeko ardiak zaintzeko aukera nuela ikusi nuen, eta nire etxea zaintzekoa ere bai, hau da, familia bat osatu dut bi seme-alabekin, eta ardietara dedikatu ahal izan dut. Nahikoa terreno zegoen etxean, gizonaren baserrian, eta horrela hasi nintzen.
Zergatik ardiak?
Hori zegoelako. Nik ardiak ez nituen ezagutzen. Nire baserrian, Areson, ardiak ez genituen izan, baina maneiatzen duzun animalia da ardia. Ez da behi baten moduan. Pixkana-pixkana hasi nintzen eta hasieran beldurra eta dena ematen zidaten, baina gero ikusi nuen erraz moldatzen nintzela nire martxan, eta horrekin jarraitu nuen.
Orain jada ondo ezagutzen dituzu.
Orain bai. Konturatu gabe urtetik urtera ikasten joaten zara, eta azkenean ondo maneiatzen ditut ardiak. Ez ditut ardi guztiak ezagutzen, baina badakit nireak direla.
Nolakoa da zure egunerokoa?
Garai ezberdinak daude urtean. Orain, adibidez, ardiak jetzi eta gazta batzuk egiten ditut, eta lan dezenteko garaia da. Ardiak jetzi behar ditut goiz eta arratsalde, eta lotura handia da. Baina beste denboraldi batzuk lasaiagoak dira. Udaran belarrak egin behar dituzu, eta egun batzuk lan askokoak izaten dira, baina egun lasaiak ere bai tartean. Udazkenean, berriz, bi edo hiru hilabete lasai-lasai ibiltzeko aukera izaten dut.
Gustuko duzu udazkena?
Ardiek ere lan gutxiago ematen dute, eta oso gustukoa dut udazkena.
Baina negu alderako berriz ere arkumeak jaiotzen hasiko dira?
Gerran hasten gara hor. Dena prestatu behar da, garoa egin, ukuilua prestatu...
Kate bat da.
Denboraldi bakoitzean lan batzuk daude, ezberdinak dira. Ardiez gain, belazeak txukundu behar dituzu, itxiturak moldatu urte guztirako,... ez dira bukatzen lanak. Dudarik gabe utzi egin behar dira lanak. Udaberria da lanik gehieneko garaia ekaina bitarte; ardiak jezten ari garenekoa. Oso lotua da, eta tarte gutxi geratzen zaizu beste lanak egin ahal izateko.
Gaztak ere egin behar.
Lan handia ematen dute. Lagundu egin behar zaio gaztari; garbitu, buelta eman,... ordu asko joaten dira.
Zer suposatzen du gaztak egiteak?
Denboraldiko lan guztia gaztan agertzen zaizu. Oso aberasgarria da artzaina izan eta zure gazta ateratzea; zure esnearekin, zuk jetzi dituzun ardiekin eta badakizu zer nolako esnea duzun. Eta prozesu guztian zu zaude. Arkumeak jaiotzerakoan ere zu zaude laguntzen eta zuk saltzen dituzu, eta jetzi eta esne horrekin gazta ateratzen zaizu. Asko betetzen zaitu.
Sekreturik bada?
Larre onak eta esne garbia erabiltzea. Eta gustura egitea. Lana gustura egiten baduzu, antzeman egiten dela uste dut.
Arkumeen jaiotza garaia gogorra izango da.
Gainean egon beharra dago, eta lan handia izaten da. Zu gainean baldin bazaude errazten duzu pixka bat. Gauean senarra bidaltzen dut, eta goizean goiz ni joaten naiz.
Saldu ere egin behar, ordea.
Senarrak laguntzen dit, baina bai 11-12 kilotara iristen direnean saldu egin behar dira. Ez da erraza gaur egun. Ia inor ez da etortzen arkumeak behar dituela esanez. Zure kabuz atera behar duzu.
Saltzeko orduan urte guzti horietan alderik atzeman duzu?
Ez. Egoera bera da, eta prezioa ere bera da. Ez da aldatu. Hasiera-hasieran gogoan dut tratulariak etortzen zirela, eta beraiek aukeratu eta eramaten zituztela. Orain ez da inor agertzen eta guk ibili behar dugu bila.
Berastegiko larreak zaintzen dituzte zure ardiek.
Ardiek, ardiek... egia esan artzainak gehiago. Ardiek goxoa baldin badago jaten dute, baina txukundu artzainak egin behar du. Belar txarrak bazterrera uzten dituzte, eta zerorrek joan behar duzu sasi-garbitzeko makina hartuta.
Zer ematen dizu baserriak?
Nik ateratzen dut lana, nik jartzen dut ordutegia, ni moldatzen naiz... lana egiteko askatasuna dut. Gustukoa dut eta oso gustura aritzen naiz.
Bazterrean zaudetela sentitzen duzu?
Ez nuke esango bazterrean, baina oso laguntza gutxi daude. Nik uste dut instituzioen aldetik, batik bat, baserri txiki edo ekoizle txikiei begira gehiago lagundu beharko luketela. Traba pila bat jartzen dituzte guztirako, eta ilusioa galtzera iristen zara. Erakundeetako jendeak gehiago egin beharko luke lehen sektoreagatik eta ikasi ez dakit, baina ikusi egin beharko lukete zein mundu den hau eta zein behar ditugun.
Tolomendik babestutako tartea