Umetatik izan duzu baserri munduarekin loturarik?
Bai. Gurasoak biak baserrikoak ziren Lasartetik Urnietara bidean, eta mundu hau betidanik ezagutu dut. Nire amaren jaiotetxean asko ibiltzen ginen, eta egun guztian kanpoan ibiltzen ginen. Osabak behiak zituen, amonarekin baratzean, lehengusu mordo bat ginen adin bertsukoak... bizia baserrian egiten genuen. Oroitzapen onak ditut.
Gazte garaian, ordea, lan mundurako jauzia ez zen izan lehen sektorera.
Urte mordo batez ostalaritzan aritu nintzen Igeldoko jatetxe batean lanean, gero zahar etxe batean ere bai eta behin ezkondu nintzenean etorri nintzen Urkizura bizitzera.
Eta noiz eta nolatan erabaki zenuen baserriko lanari eustea?
Atzera edo aurrera zerbait egin beharra zegoen. Aitona eta amona zeuden, eta senarrak baserritik kanpo egiten zuen lan. Orduan, ni neronek hartuko nuela baserriaren ardura erabaki genuen. Orain bezala orduan ere bazen Gaztenek programa mundu honetan sartzen den gazteei laguntzeko, eta baserritik ukuilua atera, eta berri bat egin genuen. Esne behiak kendu eta haragitarako behiak jartzea erabaki genuen. Limousin arrazako behiak jarri genituen.
Zergatik aldaketa?
Kakotxen artean, lan gutxiago-edo dute haragitarako behiek. Esne behiak beste lotura bat du. Goizean goiz jaiki behar duzu, jetzi egin behar dira, esnearen bila etorri behar dute... Niretzat askoz ere lotura handiagoa du. Errazagoa da haragitarakoekin. Neguan bai, barruan eduki beharra dauzkagu, baina udan beste askatasun bat ematen dizu, guztiak kanpora ateratzen baitituzu.
Zuretzat lan aldaketa handia izango zen, ezta?
Bai, baina baserri mundua zer den ikusia nuen, eta ez zitzaidan hain gogorra egin.
Gustuko lana duzu?
Bai, bai. Ondo doanean bai behintzat.
Txekorrak gizentzeaz gain baserrian beste mila lan izaten dira. Nolakoa da zure egunerokoa?
07:00-07:30ak aldera jaikitzen naiz; lehenik eta behin, hiru alaba ditut, txikienak 11 urte ditu, eta bera eskolara bidean jarri eta gero hasten naiz lanean. Orain ez dago hainbeste lan ukuiluan, baina badira gizentzen barruan dauden txekor batzuk, beti egoten baita umea egin berria den eta lagundu behar zaion edo arazoren bat duen behiren bat, gainerakoan denak mendian daude. Baina behiez gain ere, badugu baratzea, oiloak... Gauza asko, eta etxe barruan ere lana egoten da.
Urte sasoiaren arabera oso ezberdina da lan karga.
Lan gehienekoak udaberria eta uda dira, baina kanpoan lanean aritzeko aukera ematen dizu. Eguraldi ona denean kanpoan belarretan aritu behar izaten da, eta orain dauden makinekin ez da garai batean bezala belarretan aritzea, baina eskuarea ere hartu behar da. Nahiz eta behiak kanpoan eduki, sail batetik bestera aldatu behar dituzu belarra jaten joaten direlako... badira udan ere lanak. Udaberria asko gustatzen zait.
Negua luze egiten da?
Bai, pisua egiten da. Jada ganadu guztia barruan dugu, egunero bi otordu behar dituzte eta gainean egon behar da.
Udako egunak aldiz luzeak.
Bai, eta hala ere etxe hauetan beti egoten da zerbait egiteko eta ez dira bukatzen lanak. Nik lanak utzi egiten ditut, bukatu ez dira egiten.
Zeruari asko begiratzen diozu?
Udara aldera bai. Belarretarako garaia etortzen denean begiratu egin behar zaio ea belarra noiz moztu. Euria goitik behera ari badu eta ez badizute ziurtatzen, ezin duzu belarrik moztu. Eta aurtengo udan esaterako ea euria noiz egingo duen zain.
Aurtengo uda gogorra izan da?
Gogorra izan da, eta entzuten direnekin hala ere ezin dugu kexatu. Bero handia, zakarra, lehorra eta ez dago belarrik. Oso marroi dago.
Nahikoa belar bildu zenuten aurretik?
Udaberrian zerbait gehiago izango genuela biltzeko espero genuen. Ondo hasi zen, eta hiru bat mozte ematea espero genuen eta bigarrena justu-justu kendu genuen.
Neguari begira kezkarik baduzu?
Bai. Laster ganadu guztia barrura sartu eta jana ematen hasi behar badugu negua oraingoan bai luze egingo zaigula.
Atseden egunik bada?
Ez. Moldatzen gara igande batean bazkaltzera joateko. Amona momentuz sasoiko dugu, eta udan errazagoa da, baina neguan joaterako lanak antolatuta utzi behar dituzu. Badakizu ilunabarrean lanak egitera etorri behar duzula eta goizago alde egin beharra daukazula. Guk bezala egunero jaten dute.
Zer ematen dizu baserriak edo zer da gehien baloratzen duzuna?
Alde batetik ez dudala inolako loturarik, hau da, egunero jaten eman behar diet, baina ez daukat nagusia ate joka. Beranduago jaikitzen banaiz lanak atzeratzen joango zaizkit, eta gainerakoan egun guztian kanpoan nago.
Askatasuna ematen dizu?
Bai. Nik badakit zer den pisu batean bizitzea, eta momentu honetan ez dut aldatzen. Hemen ateak ireki eta kanpoan nago beti, beste askatasun bat da. Jende askok esan izan dit eta niretzat plazer bat da hemen goian bizitzea.
Inoiz pasa zaizu burutik baserriko lana uztea?
Pasa izan zait dauden arazoengatik; ez dizute pagatzen zuk nahi duzuna, bere lana du eta bere gastuak ditu, eta beti tiratzen egon behar duzu. Eskerrak, gaur egun, eta gainerakoan ere, beti izan dira diru laguntzak, eta horrek asko laguntzen du. Tristea da. Tristea da beti besteen laguntzak behar dituzula aurrera segitzeko. Poza emango luke zuk egindakoarekin aurrera tiratzeko aukera izango bagenu. Utzi? bai, egunak daude, baina hori lanpostu batera joaten zarenean bezala da.
Azken urteetako egoera guzti horiek tarteko, pentsua, argia, gasolioa,... guztia asko igo da. Zuen poltsikoetan nabari da.
Asko igo da, eta nabaritzen da. Eta haragiaren prezioa pixka bat igo da, baina oso gutxi; ez proportzio berean.
Haragitarako behiek urte zailak bizi dituzte.
Bizi izan ditu, eta ditu. Onera ez du egin, eta txarrera gehiago egin duela esango nuke. Gauzak oso-oso beltz doaz.
Behin txekorra gizentzean saltzea komeni. Erraza al da?
Guk urteak daramatzagu Tolosako harategi berdinarekin, eta tiraka-tiraka nahiko ondo saltzen ditugu. Ezin dugu kexatu.
Harakinen aldetik bada bertako haragia saltzearen aldeko apustua?
Badaude, baina zaila da saltzea.
Gizarteak orokorrean baloratzen duela uste duzu baserritarrok egiten duzuen lana?
Ez dakit noraino. Tolosan bertan ere denetarik dago. Batzuk bai, eta baserri munduaz dakien jendea bada, eta badakite zer dagoen, baina beste batzuekin hasten zara hizketan eta pentsatzen duzu, «hauek badakite esnea bera nondik datorren?».
Gaur egun horretaraino iritsi gara?
Gaur egun eta lehenago ere bai. Dena bandejetan jarrita ikusten dute, eta ez dute gehiago ikusten.
Urte zailak bizi ditu lehen sektoreak. Bazterrean zaudetela sentitzen duzu?
Bai. Pena da beti negar egiten egon behar dugula gauzak lortzeko. Ate joka ibili behar duzu, bazter guztiak erotu behar dituzu zerbait lortzeko, eta tristea da. Bizitza guztian horrela ezagutu dut nik. Lehen gurasoen aldetik eta nik egunerokoan bizi dut.
Instituzioek zerbait egiten dute lehen sektoreagatik?
Bai egiten dute, baina hor dago koska, noraino? Mendiko sail guztietan ura jarrita dugu iturri eta ur ontziekin Tolosako Udalari esker. Askotan kosta egiten zaigu udaletxera eskaera egitera joatea ere. Eta normala den moduan gauza guztiei ezin diete baietz esan. Baditugu laguntzak, baina norainokoak? Tristea da beti ate joka ibili beharra hemen gaudela ikusteko.
Hein handi batean zuek mantentzen duzue paisaia. Jendeari esan egin behar zaio?
Adibide bat jarriko dut. Duela bi urteko elurtean arazo handiak izan genituen. Oso ondo iruditzen zait seme-alabei elurra gustatzea eta elurretan ibiltzea, baina jabetu behar dute, gu bizi guztian hemen gaudela. Ibiltzen diren langa guztiak, saltoka ibiltzen diren sare guztiak guk poltsikotik ordaindutakoak direla. Guk egindako lanak dira. Ez daude hor belarra bezala atera egin delako, eta belarrak ere bere laguntza behar du ateratzeko eta gero gure behiek jan ahal izateko. Guk gure lanak ditugu guztia dagoen bezala mantentzeko. Ez da etorri eta listo. Ni Tolosara jaisten naizenean autoa aparkatzeko bere tokia behar dut eta bere TAO-a. Eta Tolosatik gora igotzean ere, noski, eskubidea dute autoa aparkatzeko, baina begiratu egin beharko lukete non, eta ez belazean nire semea egon baitaiteke belarretan jolasten. Besteok ere hemen gaude, eta toki horiek ere jabeak dituzte. Guk gure zergak ordaintzen ditugu guzti horiengatik, eta gurea kostatzen zaigu horiek dauden bezala mantentzea.
Langak ixtea komeni.
Langak itxi egin behar dira. Barruan ganadua egoten da. Askotan behi bat ikusi eta ez duela ezer egiten iruditzen zaie, baina kontuz ibili behar da zerbait egin dezakeelako. Kontuz ibili behar da barruan egon daitezkeen ganadu guztiekin: behiak, zezenak, zaldiak, ardiak, ahuntzak... Beren nagusiak izaten dituzte, eta langak itxita zerbaitengatik egoten dira. Gero deiak jasotzen ditugu behiak kanpoan dabiltzala esanez. Eta guk ustez langak eta itxiturak ondo jarriak ditugu, baina, hala ere, jende batek ez ditu ixten. Eta horrek aberiak ekar ditzake.
Lehen sektoretik bizitzeko pausua emateko zalantzan dagoenari zer esango zenioke?
Gustatzen bazaio eta hori nahi badu borroka dezala horrengatik. Ate pila bat jo beharko ditu eta kostako zaio, eta une batzuk oso gogorrak izango dira; baina, hala eta guztiz ere, heldu eta aurrera egiteko esango nioke. Oso ezberdina da kanpotik ikusten dena, eta barruan dagoena, eta niretzat garbi dago gustatu egin behar zaizula. Eguneroko lana da, baina gustatzen bazaizu aurrera.