Ez duzue izan baserriarekin loturarik baina baratzetik bizi zarete. Nolatan?
Ainhoa Landaberea. Hamar urte atzera jo behar dugu. Eta esan behar da Enekok beti izan duela baserrian bizitzeko grina, eta niri gustatu izan zait, baina sekula ez nuen pentsatu baserri batean bizitzen bukatuko nuenik, eta gutxiago bertan lan egiten. Donostiarrak gara, eta Enekoren gogo horrek eraman gintuen Landarbasoko baserri batera bizitzera. Han egon ginen hiru urtez, eta han jaio ziren gure bi seme-alabak. Han bizi ginela ni lanik gabe gelditu nintzen, eta hizketan hasi ginen baratzea lantzen hasteaz eta nik bizitzeko lain ateratzeaz. Niretzako bezala pentsatzen hasi ginen, eta bat-batean aukera sortu zitzaidan.
Non?
Landaberea. Enekoren senide batek Aiako Elkano auzoan zuen baratzea, eta barnetegi batera joan behar zuen urtebetez euskara ikastera. Norbait behar zuen bere baratzea eta kontsumo taldea aurrera eramateko. Kasualitatez Enekoren anaia ere langabezian zegoen, eta ez dakit oso ondo nola, biak animatu ginen Luisen erreleboa hartzera. Horrela hasi nintzen. Gero, Lezon, aldundiak bere garaian lur funtsa atera zuen nekazari gazteek lurra izateko, eta lanean hasteko aukera izateko. Proiektua aurkeztu genuen, onartu ziguten eta hantxe egon gara. Gaur egun oraindik ere mantentzen dugu.
Eta orain Asteasun bizi zarete.
Landaberea. Duela bost urte Eneko eta biok seme-alabekin Asteasura etorri ginen bizitzera. Landarbasotik itzulita Donostian bizi ginen, baina ez ginen egokitzen.
Hiria jada ez zen zuena?
Eneko Agirre. Ez, ez. Eta oso gustura gaude herriarekin. Ez dut faltan botatzen Donostia.
Landaberea. Porlan gehiegi niretzako, eta bizimodua ere ezberdina.
Aldaketa handia?
Landaberea. Bai, baina nire iritziz onerako. Tarteka gauza batzuk botatzen ditugu faltan, baina nahi dugunean ere gertu daukagu Donostia.
Zuk Eneko, noiz erabakitzen duzu lana utzi eta bikotearekin batera lanean hastea?
Agirre. Betidanik izan dut baserri edo mundu honekiko grina, eta CAF enpresan aritu naiz lanean 17 urtez. Jada hamar urte neramatzan esaten noizbait utzi behar nuela. Ainhoa baratzean hastearekin gertu ikusten nuen etxean zegoela lanbidea. Iazko udan utzi nuen CAF eta gaur egun hemen nago baratzean lanean.
Zer esan zizuten ingurukoek?
Agirre. Egia esan jende gehienak animatu egin ninduen. Gero, beste askok, betiko komentarioak: «zu erotuta zaude, nola utziko duzu hau...». Nik uste dut onerako izan dela aldaketa.
Landaberea. Gehienek harriduraz hartu zuten. Uste dut askok ez zutela espero luzaroan iraungo nuenik, eta baserrian bizitzeaz ere berdina.
Nolakoa izan zen hasiera?
Landaberea. Ordezkapena egiteak asko lagundu zigun. Azkenean, hilabete batzuk egon ginen koinatua eta biok berarekin egunero ikasten; bai baratzean bertan lan egiten, hau da, landaketak, erein, lurra landu... eta kontsumo taldean banatu, banaketak prestatu... Hori hilabete batzuetan egin genuen berarekin. Guretzako izugarrizko irakaspena izan zen, zeren gu zerotik hasten ginen. Ni letxuga txiki bat landatu gabea nintzen. Lehen urteak gogorrak ez dut esango, baina dena zen berria eta ezjakintasuna eta seme txiki bat nuela gehitu zen. Baratzeari eskaintzeko denbora urria zen. Ahal zen bezalakoa izan zen.
Zuena martxan jartzea nolakoa izan zen?
Landaberea. Berezia. Hasieran ordezkapen bat egiten geunden, baina Lezokoa jada gure erabakia zen. Baratzeaz edo nekazaritzaz bizitzeko hautua egin genuen. Ilusio askorekin, baina lehen urteak gogorrak izan ziren, bai lanari begira eta baita ekonomikoki ere. Lehenengo hilabete dezente ezer kobratu gabe egon ginen. Neurria hartu nahian, eta urte batzuetan tarteka diru pixka bat ateratzen genuen, baina beste batzuetan ezer ez.
Erraza izan zen kontsumo taldeak osatzea?
Landaberea. Nik beti esaten dut guk alde horretatik zorte handi-handia izan dugula, sekula ez dugu bezero bat bilatu behar izan. Denak etorri zaizkigu. Luisek Usurbilen banatzen zuen taldearekin hasi ginen, baina gero berehala gure inguruko jendea, Donostian Egia auzoan bizi ginen, eta Egiako kuadrilla hasi zitzaigun otarra hartzen. Berehala zabaltzen hasi zen, eta otar dezente genituen hasieratik. Hasi berriak ginen, ikasi gabeak, eta asko kostatu zitzaigun neurria hartzea. Zer landatu, zenbatero jarri... Astero-astero barazkiak eduki ahal izateko.
Zein da zuen egunerokoa?
Agirre. Hasteko goizean normalean umeekin ibitzen gara, biok edo bata edo bestea. Oraindik Lezon dugu baratze zati bat, hara joaten gara astean bitan gutxienez. Eta gero hemen goran dugun baratzean edo beheko negutegietan aritzen gara.
Zer ematen dizue baserriak?
Landaberea. Niri bizipoza. Gustura egiten dudan lana da, batzuetan gogorra izan arren. Lurrarekin kontaktuan asko ikasten da. Gehien betetzen nauena uzta jasotzea da, eta izugarrizko poza ematen dit.
Agirre. Hau da nahi nuena, eta naturaren inguruan egoteak asko ematen dit.
Erronka handia baserria enpresa txiki bilakatzea?
Landaberea. Bai. Hasiera batean kezkaz beterikoa. Orain jada pixka bat lasaitzen goaz. Hasieran ni bakarrik nengoen eta nolabait Enekoren soldataren babesa genuen, baina iaz Enekok hartu zuen erabakiaren ondoren, kezka izan dugu. Gogoa eta ilusioa badugu, eta aurrera egin dugu, eta badoa.
Damutu zarete hartutako erabakiarekin?
Landaberea. Damutu ez, bueltak eman bai. Gehienbat eta zoritxarrez arlo ekonomikoagatik. Denok bizi edo biziraun behar dugu, eta gainera bi seme-alabekin... Mila buelta ematen dizkiot arlo ekonomikoari.
Agirre. Nik ez dut uste damutuko naizenik. Batek nahi duelako hartzen du erabakia.
Baloratzen dela uste duzue baserritarron lana?
Landaberea. Orokorrean ezetz esango nuke. Kontsumo taldeetan daudenek eta ingurukoek baloratzen dute. Lehen sektorearen barruan nekazaritza ekologikoa geroz eta gehiago baloratzen da, baina hortik aurrera abeltzaintza eta beste lan batzuk gutxiago, eta desberdin ikusten dut.
Bazterrean zaudete?
Landaberea. Kontzientzia duen jendearen aldetik ez. Bereizketa egingo nuke, etxalde txikiak gaude eta esplotazio handiak; instituzio aldetik, etxalde txikiak nahiko baztertuta gaude, edo ez behar dugun besteko laguntzarekin eta babesarekin esango nuke. Etxalde txikiak gehiago bultzatu beharko liratekeela iruditzen zait.