"Argi nuen ez nuela berriz kalera joan nahi lanera"

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mai. 3a, 09:41

Baserritik saioko protagonista Koro Artola artzaina da. Baserrian jaio zen, eta umetatik izan du gustuko baserriko lana. Beste lan esparru batzuetan aritu bazen ere, Iturregi baserriko lanari ekiteko aukera suertatu zitzaionean ez zuen zalantzarik izan. Duela 30 urtetik artzaintzatik bizi da, eta begiradarekin transmititzen du pasioz bizi duela baserria.

Areson jaio zen Koro Artola, eta bost anai-arrebako familian txikitatik izan zuen baserriarekiko lotura. Bi behi, txekorrak, oiloak edota txerriak zituzten umetako baserrian, eta etxerako ekoizten zuten. Ez du oroitzapen txarrik eta gustura aritzen zela baserriko lanetan kontatu du. Baina, hamabi urtez Ibarran aritu zen lanean, eta "kaleko giroa ez nuen gustuko", esan du. "Lana bukatu eta etxera joan nahi izaten nuen. Orduan ez nintzen konturatzen zer gustatzen zitzaidan, baina baserriko askatasuna eta giroa nuen gustuko". 

Berastegira ezkondu zen, eta gogora ekarri du, urtebetera koinatua hil egin zela, eta hark zituela ardiak baserrian. "Pixkana-pixkana hasi nintzen lanean baserrian geratu ziren ardiekin, eta hor ikusi nuen etxean lan egiteko aukera nuela". 

"Bete egiten ninduen eta gustura hasi nintzen", dio. Erraz hartutako erabakia izan zela azpimarratu du. "Argi nuen ez nuela berriz kalera joan nahi lanera". Artaldea zaintzeaz gain, bi seme-alaba izan eta etxeaz arduratzeko aukera eman dio artzaintzak.

Ardiak animalia moduan ez zituen gehiegi ezagutzen, "Areson ez genituen ardiak izan", zehaztu du, baina Berastegin ardiak zeudenez, jarraipena ematea erabaki zuen. Urtetik urtera ikasten joan dela adierazi du, eta jada ondo ezagutzen dituela. 

Urte sasoiaren arabera lan karga ezberdina izan ohi du Artolak baserrian, eta orain lan askoko garaia du, ardiak jetzi eta gaztak egiten ari delako: "Ardiak goiz eta arratsalde jetzi behar ditut, eta lotura handia da". 

"Denboraldi guztiko lana gaztan azaltzen zaizu", nabarmendu du. "Oso aberasgarria da artzaina izan, eta zuk jetzi dituzun eta zurea den esnearekin gazta ateratzea". Prozesu guztian bera dagoela azpimarratu du, eta lan guzti horrek "asko betetzen" du. 

Hogeita hamar urtean ez dela egoera aldatu esan du, eta arkumearen prezioa ere bera dela dio: "Ez da inor etortzen arkumea behar duela esanez, zuk zure kabuz atera behar duzu saltzera".

Oso gustuko duela aitortu du udazken garaia, eta bere lanarentzat epealdi lasaia dela zehaztu du. Baserrian lana egiteko askatasuna duela kontatu du: "Oso gustura aritzen naiz". 

Garbi du gertuko batzuk kenduta, jendeak ez duela baloratzen baserritarrek egiten duten lana. Baserri txikiei begira instituzio aldetik laguntza gutxi dituztela eta zailtasun asko dituztela salatu du Artolak, eta momentu batzuetan, "ilusioa galtzera" iristen dela esan du. Instituzioei begira, "ikasi ez dakit, baina ikusi egin beharko lukete zein mundu den hau eta zein behar dauden". 

Kaletarren eta baserritarren artean gero eta distantzia handiagoa dagoela dio, eta Berastegin bertan ere, urte gutxian aldatu dela kontatu du: "Ezjakintasun handia dago".  

Lehen sektoretik bizitzea "oso zaila" dela dio berastegiarrak, baina era berean "asko betetzen duen lana" dela azaldu du. "Gaur egun egoera jarri den moduan gainera oraindik eta zailagoa da". 

"Gustatuz gero, dudarik gabe aurrera egiteko" esango lioke baserritik bizi nahiko lukeen bati, baina "asko gustatu behar du", azpimarratu du. 

Tolomendik babestutako tartea

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!