ATARIA IRRATIKO Baserritik saioko protagonista izan da Pedro Zubelzu ibartarra. Ez da baserrian jaioa, baina istripu bat tarteko Ibarrako piperrekin hasi zen lanean ia duela 30 urte. Harrezkero, makina bat berrikuntza eta inbertsio egin ditu, eta bide luzea egina du Zubelzu piperrak modu ezberdinetara saltzen. Etorkizuna ikusten dio Ibarrako piperrari, baina baserri aldetik «oso etorkizun txarra» ikusten du. Lan «gogor eta sakrifikatutzat» du berea ere.
Nolatan erabaki zenuen Ibarrako piperrekin hastea?
Umetan gurasoek denda bat zuten Ibarran. Udan, ondoko baserrietatik piperrak ekartzen zituzten, eta ontziratu egiten genituen, baina inongo erregistrorik gabe. Jendeak erosi egiten zuen, eta betidanik izan dugu piperrarekiko lotura. Osabarekin kalean papera eta poltsak saltzen hasi nintzenean, bezero askori galdetu egiten nien ea erosiko ahal luketen piperra ontzietan sartuta. Eramateko esaten zidaten ikusteko saltzen zen edo ez, eta horrela hasi ginen ideiari forma ematen. Istripu bat tarteko, kalte ordaina kobratu nuen, eta orduan zela garaia pentsatu nuen. Garaje bat erosi, eta piperra ontziratzen hasi nintzen.
Orain dela zenbat urte?
30 bat urte izango dira. Sail txiki bat hartuta hasi ginen, eta pixkana-pixkana handitzen joan gara. Jada sei hektarea eta erdi landatzera iritsi gara.
Zer esan zizuten ingurukoek?
Amak errieta egin zidan. Salduko ziren jakin gabe nolatan hasi behar nuen, baina probatu gabe ezin zela jakin erantzun nion. Neure buruan gauza bat sartzen bazait, bai edo bai egin behar duen horietakoa naiz, eta sekula ez dut pentsatzen aterako ez denik. Ez dela aterako pentsatzen hasten bazara, seguru ez dela aterako.
Sinetsita hasi behar da beraz.
Bai. Saltzen eta saltzen hasi ginen, eta jendearen aldetik gero eta eskaera gehiago jasotzen.
Hasierako urteetatik lana asko aldatuko zitzaizun?
Bai. Lehen soroan dena eskuz egiten genuen. Lehertzeraino aritzen ginen, eta horrela gaude. Zazpi ebakuntza eginak ditut, hanketatik, aldaka, hernia... txikituta gaude, guztia eskuz eta aitzurrarekin egiten genuen-eta. Orain makinekin askoz ere erosoagoa da, eta hobeto egiten dugu. Gauza guztiak bezala hasiera gogorra izan zen. Gure etxean dirurik ez zen, eta pixkana dirua ateratzen joan ginen eta inbertsioak egiten aritu gara. Beti inbertitzen joan gara, eta orain lanerako beste kalitate bat dugu.
Lan gogorra da.
Bai. Gauzak ondo egitea gustatzen zait, eta gaizki bada, dena altxa eta berriz egitea gustatzen zait. Sorora joan eta guztia txukun eduki nahi izaten dut, eta etekinik handiena atera soroari.
Urte sasoiaren arabera zure lana erabat aldatuko da.
Bai, eta behin kanpainan hasten garenean sorotik egunero egiten dut buelta. Arazorik baden begiratu, eta jada hainbeste urte daramatzadanez segituan konturatzen naiz, eta azkar erantzun behar da. Hurrengo egunerako utziz gero, arazoa zati handigoan izango da. Oso gainean egon beharra dago, gainerakoan soro osoa jaten dizu.
Noiz hasten zarete piper landareak landatzen?
Maiatzean, San Isidrotan jada landatzen hasten gara. Iaz, esaterako, 320.000 landare landatu genituen. Eta denak eskuz banan-banan pasatzen dira.
Zenbat egunetako lana da?
Kuadrilla handia elkartzen gara eta zazpi-zortzi egunean bukatzen ditugu. Hortik aurrera zaintzen hasten gara. Egunero-egunero ume txikiak bezala. Ez dago sekula kanpaina bat bestearen berdina denik. Beti aldatzen da. Ustez mendean duzula iruditzen zaizu, eta hurrengo urtean beste gauza bat ateratzen da.
Eta noiz hasten zarete piperrak biltzen?
San Ferminen bueltan hasten gara, eta urriaren hasiera bitartean biltzen dugu. Eguraldiak laguntzen badu, aurreratu ere egiten da. Piperrak beroa behar du, eguzkia garbi eta beroa. Baina gauean 8-10 gradu egiten badu, eta erdi lainotuta, ez dituzu lau piper bilduko. Izugarrizko saila pasa eta ezin piperrik bildu.
Behin biltzen hasita eguneroko lana da.
Ezin da hutsik egin. Egunero-egunero bildu beharra daukagu. Sail handia da, eta betetzen direnean ikustekoa izaten da.
Eskuz egin behar?
Lantegi honek dena eskulana du. Botilaratzeko ere sailkatu egin behar dira. Gildak egiteko ere berdin, edozein piperrek ez du balio, eta dena eskuz egin behar da.
Langile gehiago ere beharko dira biltzeko?
Iaz 65 pertsona ginen guztira. Hamar bat lagun ontziratzen aritzen dira, eta beste guztiak biltzen. Hamar horiek urte asko daramatzate eta eskua hartua dute.
Behin biltzean, zer?
Niretzako sekretu handiena bildu eta segituan ontziratzean dago. Piperraren ontziratzea hurrengo egunerako edo bi egunerako uzten bada, ez du balio. Galdu egiten du, eta ez da hain samurra geratzen piperra. Soberakinak ontzi handietan sartzen ditugu, gero gildak egiteko erabiltzeko.
Bilketa bukatutakoan...
Denboraldia bukatzen den bezala, dena kendu eta biltzen dugu eta makina pasatzen dugu. Ziapea edo mostaza eta errefaua edo rabanoa botatzen dugu. Oso onak dira. Errefauak lurrari kaltzio asko ematen dio eta lurra desinfektatu egiten du, eta mostaza ere desinfektatzaile ona da. Negu guztian egoten da, eta orain txikitu eta lurrari barrura sartuko diogu.
Piperrak saltzeko bilakaera bat ere eman duzue.
Oso saltseroa izan naiz. Inork egiten ez duen zerbait ateratzea gustatu izan zait beti, eta 2012an gilda atera genuen. Merkatuan 8 hilabeteko iraungitze data batekin ez zegoen. Erabateko arrakasta izan du, eta guri gainezka egin digu. Fakturatzearen %65 gildekin da. Espainiar estatu osoan gaude.
Beti hobetzen joan zarete?
Enpresa aurrera ateratzeko beti hobetzen joan gara, eta hori albo batera uzten baduzu galduta zaude.
Zer ematen dizu lan honek?
Lurrari etekinik onena atera, eta 65 familiei behar den bezalako soldata bat emateak betetzen nau. Ez dut gehiago behar. Goizetan jaiki, eta askotan esaten diot neure buruari, familia horiei ezin diedala hutsik egin. Dirua eta nahi dena esango da, baina ardura horrek pisu handia sentiarazten dit nire gain. Hilaren aurrenean ezin diet hutsik egin. Honelako ardurak hartzen dituzunean konplitu egin beharra daukazu bai ala bai, eta bestela ezin zara sartu. Piperrik ez badago langile guzti horiek sobratu egiten dira, eta zer egin? Bakoitzak izaten ditu bere gauzak ordaintzeko, eta kezka sortzen dit.
Inoiz damutu al zara?
Kanpotik askotan ateratzen da dena haizea hartzera bidaltzeko gogoa, baina barrutik beste aldeak hainbeste kosta eta gero, ezetz esaten dizu. Sariak ere lortu ditugu, eta denei ez dizkiete ematen beraz, pozgarria da. Horiek guztiak egin, eta honaino iritsi eta jaso ditugun errekonozimenduak jasota, orain utzi behar ote dugu ba? Ez. Beste aldera joan bitartean hemen jarraituko dugu semeei lagunduz. Eta erabakiak eta beraiek hartu beharko dituzte, eta horrela ikasten da.
Erreleboa baduzu, beraz.
Oso umetatik hemen dabiltza soroan eta beste. Ez dira orain hasitakoak. Ume-umetatik ikusi dute. Badakite, eta ikasten joan beharko dute, baina ez baduzue ikusten, utzi eta beste batera. Gustuko ez duzun lekuan lanean aritzea da txarrena, orduan porrota ziurtatuta dago.
Tolomendik babestutako tartea