Berastegiko Arbide baserrian jaio zen Jabier Intxaurrondo, eta umetatik tokatu zaio baserriko lanean aritzea. Ondo gogoan ditu ume garaian egiten zituzten lanak. Soldaduskatik bueltan enpresa batean hasi zen lanean, baina zazpi bat urte aritu ostean, baserritik bizitzea erabaki zuen.
Enpresan lanean ari zenean ez zuen baserriko lanik utzi. Baserriari eta lurrei eraldaketa eman, eta zelaiak sortu eta baserrian zituzten esnetarako behiak kendu eta haragitarakoak jarri zituen. Txekorrak hazten ditu saltzeko.
Udazkena du urteko garairik gustukoena. "Lan asko ematen du baserriak, baina bere lasaitasuna ere ematen du", kontatu du Intxaurrondok. Berak antolatzen du lan eguna, eta erlojurik gabe ibiltzen da. "Gogoa izanez gero, lana bada". Lanik handiena "belar txarrak ateratzen" izaten duela esan du. Egun zeruari ez diola asko begiratzen aitortu du.
"Guztiaren prezioak asko igo dira, eta guk haragiaren prezioa bera daukagu". Baserria errentagarri izan dadin, "dudarik ez dago haragiaren prezioa igo beharra dagoela", dio. Bertako harakinei saltzen die haragia, eta orain artean, behintzat, erraz saldu izan ditu txekorrak.
Berastegin lehen sektorearen aldetik lan asko egiten dela esan du, eta herri langilea dela.
Tolomendik babestutako tartea