“Bertako jendeak bertakoa kontsumitzen ez badu, baserritarrok ezin dugu bizi”

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ots. 7a, 16:00

Baserritik saioko protagonista Xabier Almandoz da. Donostiako kaleak Tolosako Aldaba auzoko baserri zahar batengatik aldatu zituen. Lagun artean sortu zuten Aldaba Zahar elkartea, eta baserritik eta inguruko errekurtsoetatik ateratzen du bizimodua. Ekologikoan lan egiten dute, eta ahuntz taldearen ardura da berea. Horrez gain, okindegia dute eta baratzean ere aritzen dira.

Donostiako Martutene auzoan jaioa da Xabier Almandoz, eta 27 bat urterekin piztu zitzaion baserritik bizitzeko grina. Elektronikako ikasketak egin eta lanean ari bazen ere, dena utzi eta Tolosako Aldaba auzorako bidea hartu zuen. Gipuzkoan baserri bat eta lurrak erostea oso garestia zela eta, lagun talde bat elkartu zen, eta Tolosako Aldaba auzoko Aldaba Zaharreko baserriaren zati bat erosi zuten.

 

Aiton-amonengandik datorkio zaletasuna, eta haurtzaroko oroimen ederrak dituela onartu du Almandozek. Bizimodu berria zuen guztiz. Hutsetik hasi ziren, hau da, erorita zegoen baserri bat eraikitzetik. Ikasketa prozesuan dagoela egun oraindik kontatu du, baina urteekin ikasten dela, eta hanka sartuz aurrera ateratzea lortu dutela.

 

Aldaba Zahar Elkarteak ia 30 urteko ibilbidea du. Lau kiderekin hasitako ibilbidea bost kide izatera ere iritsi zen, eta egun bi pertsonen artean kudeatzen dute guztia. Ekologikoan egiten dute lana. Ahuntz taldea dute, eta ahuntz gazta ezberdinak ekoizten dituzte, eta hori du bere ardura, batik bat, Almandozek. Ukuiluaz arduratzen da. Martxo-apirila aldera hasiko zaie esne aldia, eta ahuntzak jetzi eta gaztak egiten hasi beharko dute.

 

“Hemen dauden errekurtsoetatik bizi ahal izaten saiatzen gara”, dio. Beraiek egindako labeari esker, okindegia ere badute Aldaba Zaharren. Era ezberdinetako ogiak edota pastak egiten dituzte. Horiez gain, baratzea ere lantzen dute “toki oso altua da, eta hotz handia egiten du; barazkiak ekoizteko ez da tokirik aproposena”, zehaztu du. Sagar zukua ere egiten dute, esaterako.

 

Zeruari asko begiratzen diola esan du, eta asko baldintzatzen duela egun bakoitzean egin behar duen lana.

 

Baserriko bizimoduaz: “Hemen bizi, eta inguru hau ahal den gehiena zaintzeak betetzen nau”. Eta duela urte batzuk hartutako erabakiaz galdetuta, “ez naiz damutzen, eta berriro egingo nuke apustu hau”, azpimarratu du.

 

Salmenta zuzenaz ere beraiek arduratzen dira, eta “lan gogorra” dela aitortu du, baina alde ona ere aipatu du: “Jendearekin egoten zara, eta komunikazioa dago”. Ordizia eta Tolosako azoketan jartzen dute astero-astero postua, eta baita Donostiako Gros, Amara eta Antigua auzoetako azoketan ere.

 

Opor edo jai egunez galdetuta, “horregatik hasi ginen taldean lanean, bizi ahal izateko. Alde batetik dago errentagarritasuna, baina bizi ere egin behar da”. Talde lanean jarri du azpimarra, eta astean behin bada ere, buruak atseden pixka bat behar duela kontatu du.

 

Duela 13 urtetatik WWOOF sarean sartuta dago Aldaba Zahar Elkartea, eta mundu mailako jendea pasa da baserritik. “Jende ezberdina etortzen da, eta kultura mailan, nolabait, etxetik bertatik bidaiatzen dugu”, dio. Laguntza da beraientzat, eta esperientzia aberasgarria.

 

Kontzientziatutako geroz eta jende gehiago dagoela uste du Almandozek: "Benetako gauzak bilatzen dituen geroz eta jende gehiago dagoela uste dut”. Baina oraindik asko egin behar dela esan du, bai kontzientzia mailan eta baita kontsumo mailan ere.

 

Ekoiztu, elaboratu eta zuzeneko salmenta egitea erabaki zuten, bertako errekurtsoak baliatuz. Lan ekonomia mailan ere hemengo bati gauzak erostea askoz hobea dela azpimarratu du: “Lehen sektorea altxa arazteko edo indartzeko kontsumitu egin behar da”.

 

Baserri mundua zaintzeko, irudimen asko eduki beharko dela esan du, eta ezin dela besteen menpe egon edota ezin dela besteen zain egon. “Bertako jendeak bertakoa kontsumitzen ez badu, baserritarrok ezin dugu bizi”.

Tolomendik babestutako tartea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!