“Gure markako haragia saltzeak egiten digu ilusio gehien”

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urt. 24a, 16:00

Baserritik saioko urteko lehen protagonista Aintzane Garmendia da, bere bikote Iñaki Goikoetxearekin batera. Garmendiak 2017an jarri zituen lehen txerriak Amezketako Argaia Goena baserrian. Hasiera batean kooperatiba baterako hezten bazituen ere, egun salmenta zuzena eginez saltzen du ekoizten duten haragi guztia. Harategia dute baserrian jarrita, eta txerrikiaz gain, txahal haragia eta oilaskoak ere saltzen dituzte.

Aintzane Garmendia amezketarrak baserrira bizitzera joan eta bertatik bizitzeko hautua egina du. Baserritik bizitzeko egindako hautuan, laguntzaile fina du, eta alboan du Iñaki Goikoetxea bikotea. Baserri txikiaren aldeko apustua egin dute, produktua sortuz eta salduz. Txerriekin hasitako baserrian, egun, behi gutxi batzuk ere badituzte txekorrak hazteko, eta baita oilasko batzuk ere. Zuzeneko salmentari eman diote garrantzia: “Gure markako haragia saltzeak egiten digu ilusio gehien” dio Garmendiak, eta zuzeneko salmentari lotuta, “askeago egiten zaitu”, adierazi du. “Zuk maneiatzen duzu produktua, eta zuk jartzen diozu prezio duina”.

 

Animaliak bizirik dauden bitartean batik bat Goikoetxea arduratzen da, eta behin haragia harategira iristean biak sartzen dira lanera. Baserrian dute harategia, eta harategian dutela lan handiena aitortu dute. “Baserriko lanak baino gehiago baldintzatzen digu harategiko martxak”, zehazten du Goikoetxeak. “Harategian haragia dagoenean ahalik eta azkarren egin behar duzu lana, eta bezeroari eskuetan utzi”, gehitu du Garmendiak.

 

Biek egiten dute lana harategian, eta behin haragia elaboratu eta paketeak eginda, Garmendiaren lana hasten da. Zuzeneko salmenta bidez saltzen dute guztia, eta bezeroak aurkitu eta etxeraino banatzen ditu bere produktuak. Paper kontu guztiak ere Garmendiak egiten ditu, eta kexu agertu da: “Ukuiluan baino lan gehiago paperetan jarri digute”.

“Egunak berdintsu antolatzen saiatzen gara, baina egun guztiak ezberdinak ateratzen zaizkigu”, azaldu du Goikoetxeak.

 

Baserriak ematen dionaz galdetuta, “nire mundu propioa ematen dit baserriak”, esan du Garmendiak, eta “gure bizia guk antolatzen dugu”.

 

Oraindik ezinezkoa zaie baserritik bakarrik bizitzea, eta Goikoetxeak kanpoan egiten du lana. Nolabait, hasi berriak dira, eta baserriari neurria aurkitu nahian ari dira.

 

Gizarteko zati txiki batek baino ez dituela baloratzen aitortu du Garmendiak. “Gure moduko baserritarrei erosita, beraien osasunari begiratzeaz gain, beraien ingurunearen aldeko apustua egiten ari dira, baina horretarako kontzientzia eduki behar da, eta hori gizarteko zati txiki bat du”.

 

“Gaur egungo sisteman gure baserriak ez du lekurik”, esan du Garmendiak. “Bizi ezina du sektore honek, eta baserriak bere tokia izateko sistema goitik behera aldatu beharra dago. Desagertzear dago eta bi edo hiru aldaketek ez dute ezertarako balio, jada iraultza egin beharra dago”.

Tolomendik babestutako tartea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!