Harituzek "Aiztondoren zirtotsa" aurkeztuko du gaur

Ikerketaren aurkezpenaren ondoren, bertso saioa egingo da Zizurkilgo Intxaur frontoian.

Aiztondo bailarako ahozko ondarearen bilketa eta hari buruzko ikerketa bultzatzeko xedez antolatutako Pello Mari Otaño ikerketa bekaren aurkezpena izango da gaur, Zizurkilgo Iriarte kultur etxean, 18:00etan, Kilometroak Astearen barruan.

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak egingo duen Aiztondoren zirtotsari buruzko proiektua ezagutu ahalko da aurkezpenean. Aiztondo bailaran izan den zirto tradizioa biltzen eta ikertzen ari dira Harituzeko kideak, ondoren, haren aplikazio didaktikoa egin eta eskualdeko ikastetxeetan lantzeko. "Bertsolaritzaren ikas-irakaskuntzan zirtoak bete dezakeen lekua zein izan daitekeen ikertzen ari gara, badakigu zirtoa tresna didaktiko ezin hobea izan daitekeela behar bezala erabiliz gero". Aurkezpenean, azalpen teorikoez gain, zirtoen performance labur bat ere ikusi ahal izango dela adierazi dute antolatzaileek, "lagina praktikoago bat".

Behin ikerketa bekaren inguruko xehetasunak emanda, eta Kilometroak antolatzen ari den egitarau bereziaren barruan, bertso saioa egingo da Zizurkilgo Intxaur frontoian, 19:00etatik aurrera. Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Haritz Mujika eta Anjel Mari Peñagarikano ariko dira bertsotan eta Amaia Agirre izango da saioaren gidaria eta gai jartzailea. Saiorako sarrerak Zizurkilgo Iriarte jatetxean daude salgai, 10 €ko prezioan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!