Atera du sakea Zubimusu ikastolak: 'Korri, punpa, ttak'

Ataria 2019ko azaroaren 16a

Atzo iluntzean egin zuten 2020ko Kilometroak jaiaren aurkezpen jaialdia. 'Korri, punpa, ttak' leloa eta bere logoa aurkeztu zituzten, baita Pauxa maskota ere.  

Hamaika pertsona eta taldek hartu zuten parte Villabonako Olaederra kiroldegian egin zen aurkezpen jaialdian. Pedro Mari Otañoren antzezpena egin zuten saioaren hasieran, eta Erasargi txiki abesbatzako kideek abestu zuten ondoren.

Jarraian, Behar Zana pilota elkarteko Iñaki Otaegik hartu zuen oholtza: errebote jokoaren berri eman zuen botaharria aurrean zuela, eta sakea atera zuen pilota jaurtiz. Hurrengo kilometroetarako Zubimusu ikastolak aukeratutako leloari egin nahi izan zien erreferentzia: 'Korri, punpa, ttak'. Iragana, oraina eta etorkizuna irudikatu nahi izan dituzte, sakea atera eta pilotari joaz, etorkizunera begira jartzeko. 

Oinkari dantza taldeko kideak ere ez ziren urrun ibili; errebotearen inguruan prestatutako koreografiak egin zituzten, saski eta guzti. Juan Kruz Igerabide idazle adunarrak ere hartu zuen parte ekitaldian, ipuin bat irakurriz. Beldar izatetik pinpilinpauxa izatera pasatzeari buruzko ipuina irakurri zuen, izan ere, kilometroetako maskota berriari egin nahi izan zion leku: Pauxa maskota berria aurkeztu zuten.

Ekitaldiari amaiera musikak eman zion. Gaztetxoenek, trikiti eta pandero saioa eskaini zuten Kristina Solanoren eskutik, eta jarraian Andoni Ollokiegik hartu zuen txanda, publikoan sekulako giroa jarriz. Horren ostean, eta amaitzeko, Kristina Solano, Maixa Lizarribar eta Amaia Orejak kantaldia eskaini zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!