Hauteskundeak 2015. Kanpaina

EH Bilduren herri programa, etxeetan

Ataria 2015ko mai. 11a, 09:56

EH Bilduk banatu du zizurkildarren etxeetan 2015-2019 legealdirako herri programa; herriaren parte-hartzearekin osatutako programa.

"Legealdi honetan hasi dugun bidean sakondu behar dugu, zizurkildarren eskutik proiektuak gauzatuz. Batzorde parte-hartzaileak indartuko ditugu, interesa duen herritar oro Udalgintzan aktibo izan dadin" azaltzen du Zizurkilgo EH Bilduk banatutako programaren hasieran.

Izan ere, herritarren parte-hartzea eragitea izan da koalizioaren helburuetako bat legealdi honetan eta hori are gehiago indartzea izango du helburu hurrengoan. Gainera, bestelako elkarlana ere azpimarratzen du: "Zizurkilgo EH Bildun argi dugu ez duela behar soilik herritarrekin, baita inguruko Udalekin ere. Aiztondoko gainerako herriekin batera egitasmoak garatzea defendatzen dugu, Zizurkilen kokatuko den liburutegia da horren adibide".

Liburutegiaz gain, hainbat proiektu eta egitasmo biltzen ditu Zizurkilerako EH Bilduk proposatutako programak. Besteak beste, Pedro Mari Otaño plaza erabat berrituko du herritarrekin osatutako zerrendak eta Joxe Arregi plazan estalpea jarri, inguruan komertzio eta aisialdi guneak sortzea bultzatuz. Hiru ikastetxeen arteko eskolaz kanpoko ekintzak bultzatuko ditu, hala ikastetxeen arteko harremanak sendotuz. Emakumearen Udal batzordea ere sendotuko da, era berean, berdintasuna hainbat arlotan landuz. Eta horrela, beste hainbat egitasmo, arloz arlo bilduta.

Joxe Mari Luengo alkategaiak proposamenen gainean eztabaidatzeko eskatu du. "Guk proposamen zehatzak jarri ditugu mahai gainean hurrengo lau urteetan egiteko, atalez atal jasota daude herri programan herritarrek esandakoa aintzat hartuta". Bide horretan gezurra kanpainatik baztertzeko eskatu dio Marian Lazkano EAJko hautagaiari. "Ez luke gezurrak lekurik behar proposamenak izanez gero. Lazkanok orain adierazi du Atxulondoko igogailua orain arte ez dela egin diru laguntzak galtzen utzi direlako. Lazkanok badaki hori gezurra dela. Atxulondoko igogailua ez da egin berak utzi zuen zorrarekin aurrekontu oso estuak zirelako eta aurten arte oso dirulaguntza txikia ematen zutelako berau egiteko. Aurten irizpideka aldatu du Jaurlaritzak eta diru laguntza handiagoa eman dute. Ondorioz, ekainean hasiko dira obrak. Eta egingo da EH Bilduk aurrekontuetan sartu duelako".

Erlazionatuak

Iritzien talka Tolosa eraikitzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2015 mai 13 Tolosa

Arrosak banatu dituzte PSE-EEko hautetsiek

Itzea Urkizu Arsuaga 2015 mai 13 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!