Hauteskundeak 2015. Kanpaina

Hasi da kanpaina: datozen lau urteetako eredua aukeratzeko garaia

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko mai. 8a, 10:51

Bart hasi da maiatzaren 24ko udal hauteskundeetako kanpaina eta asteburuan lehen ekitaldiak izango dira.

Hasi da atzera kontaketa. Maiatzaren 24an izango dira udal hauteskundeak, eta jada kanpainan gaude, bete betean. Bart hasi ziren alderdietako ordezkariak horretarako propio jarritako tauletan kartelak jartzen eta datozen bi asteak izango dira herritarrei botoa eskatzeko duten epea.

Duela lau urte, 2011n, Tolosaldeko 35.890 pertsonek izan zuten botoa emateko aukera, eta pentsatzekoa da aurtengo kopurua antzekoa izango dela.

Emaitzei dagokienez, ikusteko dago duela lau urte Bildu koalizioak orduan izandako 'olatuari' eutsiko dion. Izan ere, Tolosaldean, eta baita Gipuzkoan ere, nagusi izan zen. Eskualdeko 28 herrietan gehiengoa jaso zuen 11.663 boto jasoz eta EAJ izan zen bigarren alderdia 5.743 boto eskuratuta. Alderdi jeltzaleak 2007ko udal hauteskundeekin alderatuta igoera izan zuen hala ere, 523 boto gehiago eskuratu baitzituen.

Bildurekin ezin gauza bera egin, ezker abertzalearen ilegalizazioek panorama desitxuratzen baitute. 2007an EAE-ANV bezala aurkeztu zen eta ez koalizio bezala, eta EAE-ANV bera ere herri gehienetan balio gabe utzi zuten, gainera. Bildu koalizioa EAk, Alternatiba eta independenteek osatu zuten, eta 2007an ez ziren elkarrekin aurkeztu. Antza duela lau urte ezker abertzalearen botoak Bildura joan ziren, 2007an 11.445 boto joan baitziren EAE-ANVra.

Gainontzeko alderdiei dagokienez, PSE-EEk 1.253 boto izan zituen Tolosaldean (2007an 1.526) eta PPk 889 (1.002 2007an). Duela lau urte abstentzioak ere datu esanguratsua eman zuen; 10 puntutan jaitsi baitzen.

2011ko udal hauteskundeekin alderatuta alderdi gutxiago daude aukeran, aurten. Orduan Bilduren koalizioan sartzearekin ados ez zeuden EAko hainbat kidek Hamaikabat alderdia osatu zuten, aurten aurkezten ez dena, eta Aralar orduan bakarrik aurkeztu bazen ere, oraingoan EH Bildu koalizioan dago. Herri batzuetan Aralar eta EB batera aurkeztu izan dira ere, Tolosan 2007n esaterako. Aurten EBk ez du zerrendarik osatu inongo herritan.

Gipuzkoako Batzar Nagusiei begiratuta ere Bildu izan zen nagusi Tolosaldean. 22 batzarkide lortu zituen eta eskualdean 11.913 boto lortu zituen. EAJk 6.494 boto izan zituen. Hirugarren alderdia Aralar izan zen 1.274 botorekin.

Tolosa
2011n Bilduk Tolosaldean 20 zerrenda aurkeztu zituen eta 19k lortu zuten gehiengo osoa, Tolosan, berriz, gehiego soila eskuratu zuen. Joerari eustea lortzen badu, maiatzaren 24n EH Bilduk Tolosan izango luke garaipenik zailena.

2011n Bilduk 3.812 boto izan zituen eta EAJk 3.651. Ezin konparatu daiteke 2007ko emaitzekin ilegalizazioa dela eta, baina orduan EAE-ANVk 1.947 eskuratu zituen, hautetsirik izateko aukerarik izan ez bazuen ere. EAJk 3.203 botorekin 9 hautetsi izan zituen.

Duela lau urtekora bueltatuz, Bilduk 8 hautetsi eskuratu zituen eta EAJk 7. Alkatetza lortzeko Aralarrek eskuratutako hautetsiak Bilduri emandako babesa ezinbestekoa izan zen. Aralar aurten, EH Bildu koalizioren barruan dago.

Aduna eta Lizartza
Aurtengoan Albiztur eta Baliarrainen izan da ezustekoa. Lehenengoan PP eta PSE-EE alderdiak bakarrik aurkeztu direlako, eta bigarrengoan ez delako inongo zerrendarik aurkeztu. Duela lau urte ordea Aduna eta Lizartza izan ziren ere 'kasu bereziak'. Adunan PP aurkeztu zen baina ez zuen botoen %5a eskuratzea lortu eta beraz, ez zen udal taldea osatu. Ondorioz, aurreko udal taldea aritu zen funtzioetan. Arantza Aburuzak jarraitu zuen alkate moduan lehenengo, baina ondoren, Foru Aldundiarekin zenbait bilera egin eta gero, irtenbide ezberdinak aztertu eta funtziotan jarraitzea erabaki zuten, hori bai Aburuza alkate orde jarriz eta Josu Amilibia alkate kargua hartuz. Lizartzan ilegalizazioen ondorioz, PP alderdia egon zen 2007a geroztik udaletxean, baina 2011n egoera irauli eta Bilduk lortu zuen alkatetza.

Ekitaldiak

ASTEASU BATUZ
Asteasu. Taldearen aurkezpen ekitaldia, gaur, maiatzak 8, 19:00etan, plazan. Tortilla jate erraldoia egingo dute.

EH BILDU
Amasa-Villabona.
Hautagaien aurkezpen ekitaldia bihar, maiatzak 9, 12:00etan, Amalurra plazan, elizaren ondoan.
Anoeta. Ekitaldia eta hamaiketakoa bihar, maiatzaren 9a, 12:00etan, plazan. Argazki handia atera nahi dutela esan dute.
Ibarra. Hautagaien aurkezpen ekitaldia maiatzaren 15ean, 20:00etan, plazan. Barrikotea egingo dute ondoren.
Tolosa.
- Gaur, maiatzak 8, Euskal Herria Bilduren ekitaldi nagusia Trianguloan, 19:00etan. Ibai Iriarte, Xabier Olano eta Hasier Arraiz izango dira hizlariak eta eskualdeko ordezkariak ere bertan izango dira. Ekitaldi «koloretsu, ikusgarri eta interesgarria» izango dela esan du koalizioak.
- Egiozu zure galdera alkateari egitasmoa maiatzaren 16an, 12:00etan, Trianguloan.
Zizurkil. Hautagai taldearen aurkezpena eta afaria maiatzaren 22an 19:30ean, Joxe Arregi plazan.

1995. urtean hasitako «apartheid politikoari» agur

Ezker abertzaleak hainbat arazo izan ditu azken urteetan hauteskundeetara aurkezteko. Esan daiteke datorren maiatzaren 24ko hauteskundeak direla normaltasunez egingo diren lehenak, izan ere, aurrekoetan ere, 2011n, azken momentura arte ez zen jakin Auzitegi Nazionalak Bildu legezkotzat joko zuen ala ez. Ezker abertzaleko kideek askotan salatu izan dute bizitako «apartheid politikoa». 1995. urteko udal hauteskundeen ondotik Baltasar Garzon epaileak HBko Jon Idigoras deklaratzera deitu zuen eta hor eman ziren HBren kriminalizazioaren lehen urratsak. 1999. urteko udal hauteskundeetan jada marka berria zegoen: Euskal Herritarrok. 2002an hasi zuten EH ilegalizatzeko prozesua. Ondoren, Batasuna etorri zen. Espainiako Gobernua Alderdien Legea lantzen hasi zen eta ilegalizatu. 2003 udal hauteskundeetan Espainiako Alderdien Legea aplikatuta hainbat herri plataforma legez kanpo geratu ziren, eskualdeko Ametzak, Anoetarrok Auzolanean, Uzta edo Kimu Berriak esaterako. 2007an EAE-ANV izan zen udal hauteskundeetara aurkezteko marka, 1930. urtean sortutako alderdi abertzale eta sozialista, baina orduan ere herri askotan legez kanpo utzi zuten. 2011n, esan bezala, Bildu koalizioa aurkeztu zen -independenteak, Alternatiba eta EA —, baina azken momentura arteko zalantzekin.

Erlazionatuak

Ibai Iriarte alkateari galdezka

Tolosaldeko Ataria 2015 mai 16 Tolosa

Alderdiak kalera atera dira boto eske

Tolosaldeko Ataria 2015 mai 16 Tolosa

Iritzien talka Tolosa eraikitzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2015 mai 13 Tolosa

Arrosak banatu dituzte PSE-EEko hautetsiek

Itzea Urkizu Arsuaga 2015 mai 13 Tolosa

Iban Agirre alkategaia

Tolosaldeko Ataria 2015 mai 11 Amasa-Villabona

Nora Urbizu alkategaia

Tolosaldeko Ataria 2015 mai 11 Amasa-Villabona

EH Bilduren herri programa, etxeetan

Tolosaldeko Ataria 2015 mai 11 Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!