Hauteskundeak 2015. Kanpaina

Iritzien talka Tolosa eraikitzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mai. 13a, 17:37

Tolosako alkategaien debatea izan zen, atzo, TOLOSALDEKO ATARIAk eta 28 Kanalak antolatuta.

Datozen lau urteek herritarrentzat hartuko duten bidea erabakitzeko eguna izango da maiatzaren 24a. Astebete da jada, hitzordurako alderdi bakoitzak bere kanpainari ekin ziola eta, proposamenen plaza horretan, TOLOSALDEKO ATARIAk eta 28 Kanalak aurrez aurreko debatea antolatu zuten, atzo, Tolosako alkategaien iritziak plazaratzeko.

Ibai Iriarte EH Bilduko alkategaia, Olatz Peon EAJko alkategaia, Jose Ignacio Asensio PSE-EEren alkategaia eta Pello Atxukarro PPren alkategaia izan ziren hizlariak eta, zozketa agindutako hurrenkeraren arabera, ekonomia, hirigintza, osasuna, euskara, kultura, gizarte politikak eta hondakinak izan zituzten hizpide.
Lehen galderatik eredu eta iritziek talka nabaria izan zen, amaitzera doan agintaldia baloratzerakoan.

Oposizioan aritu direnek azken lau urteotako jarrerari tinko eutsi zioten, eta, horrela, Olatz Peonek, Jose Ignacio Asensiok nahiz Pello Atxukarrok «udal gobernuaren ekintzailetasunik eza» nabarmendu zuten, hondakin bilketa sistemaren auzia gaitzestearekin batera.

Ibai Iriartek, berriz, zorroztasun ekonomikoa azpimarratu zuen bere aldetik, «zorra erdira jaitsi eta udala biziberritu» dutela nabarmenduz.

Ordezkari politikoez gain, herriko zenbait eragilek ere hitza hartzeko aukera izan zuten, maiatzaren 24ko hautagaiei aurrez aurreko galderak egiteko. 

Horrela, Galtzaundi euskara taldea, Bonberenea, Tolosa Txukun, Tolosa Zero Zabor eta Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak ordezkari bana eraman zuen Topic aretora.

Bi ordu pasatxo hartu zituen eztabaidak eta, Tolosako alkategaien esan guzti-guztiak Twitter bidez ere irakur daitezke, #DBTolosa traolara joz gero.

Debatean jorraturiko gaiek emandako esanetan nabarmenenak dira honakoak, gaur egun Tolosako Udalean alderdi bakoitzak duen ordezkaritzaren araberako hurrenkeran. Gainerako iritziak Twiterren (#DBTolosa) nahiz www.ataria.info-n daude eskuragarri.

Ibai Iriarte (EH Bildu)

Agintaldiko balorazioa
«Ekonomikoki zorrotzak izanez udala biziberritu dugu, zorra erdira jaitsiz eta eta pertsona erdigunean jarriz».

Ekonomiaren sustatzea
«Eskualdearen garapenak integrala izan behar du enpresa motorra sortuz eta, Tolosan, bertako kontsumoa indartu behar da sinergiak osatuz».

Etxebizitza
«Duguna eraberritu behar dugu,  etxe hutsak betez eta kurba demografikoa oso kontuan izanez».

Azpiegiturak
«Energia efizientzia herri osora zabaltzeko azpiegiturak ezarriko ditugu, eta San Estebanek ezin du itxaron».

Kultura
«Tolosa sortzailea da berez, dagoen udala dagoela; herri ekimen horiek indartu egin behar dira».

Euskara
«Euskarak komunikazio hizkuntza nagusia izan behar du, non bestela, Tolosaldean ez bada?».

Hondakinak
«Gure sistema eredu da lekua askotan, eta EAJren babesarekin. Errefusa biltzea da gakoa eta helburua beteta ere, noski hobetu behar dugula».

 

Olatz Peon (EAJ)

Agintaldiko balorazioa
«Inertziaz jokatu dute eta proiektu berri bakarra hondakinen kudeaketa sistemarena izan da».

Ekonomiaren sustatzea
«Krisiak industria asko kaltetu du eta bereziki zaindu behar da, eta Goierri-Buruntzaldea-Tolosaldea indartu behar da merkataritzari dagokionez».

Etxebizitza
«San Estebanen alokairua sustatu nahi dugu eta Gorriti plazan ere etxebizitzak eraiki nahi ditugu».

Azpiegiturak
«Nafarroa etorbidea berrurbanizatu behar da, eta Oria ibaiaren erabilera ere indartu egin behar da».

Kultura
«Tolosa erreferentzia gune da kulturan eta administrazioak lekua eman behar dio horri».

Euskara
«Euskararen erabilera bermatu egin behar da, baina auzia herritarrekin landuz».

Hondakinak
«‘Atez atekoa edo ezer ez’ egin duzue; guk bosgarren edukiontziaren alde egingo dugu eta merkatariei atez atekoa kenduko diegu».

 

Jose Ignacio Asensio (PSE-EE)


Agintaldiko balorazioa
«Galdutako lau urte izan dira, eta proiektu gehienak aurreko jaurlaritzak sustaturikoak izan dira».

Ekonomiaren sustatzea
«Lehiberrirentzat kanpo finantziazioa bilatu behar da, eta enplegu planak sortu gazteentzat eta 45 urtetik gorakoentzat».

Etxebizitza
«Errentaren araberako alokairu soziala sustatu behar da; ezin du soldataren %30 gainditu».

Azpiegiturak
«Beotibar berritzea beharrezkoa da, eta zezen plazak ere behar handia du; kultura zein kirolari eskaini beharreko gunea da».

Kultura
«Museo eta egitasmoek zailtasunak dituzten garaiotan udalak kanpo erakundeen laguntza bilatu behar du».

Euskara
«Euskaraz bizitzea bermatuta dago, eta gazteleraz soilik bizi direnen eskubideak ere bermatu behar dira».

Hondakinak
«Egungo sistemak ez ditu tolosarren beharrak asetzen eta sistemak baino, kontzientziazio lanak du eragina bilketan».

 

Pello Atxukarro (PP)

Agintaldiko balorazioa
«Herritarrak kontuan hartu gabe, inposizio politika egin dute lau urteotan».

Ekonomiaren sustatzea
«Ekonomia da esparru garrantzitsuena, eta hortik egiten da gainontzeko jardun guztia; adostasuna bilatzen saiatuko gara beste alderdiekin».

Etxebizitza
«Kooperatibismoa oso aukera ona da etxeak eraikitzeko eta etxe hutsak betetzearena ere bai».

Azpiegiturak
«Renfeko gunean geltoki modal bat egitea proposatzen dugu, aparkaleku gehiago egiteko eremua baliatuz».

Kultura
«Elkarte gastronomikoek Tolosan duten jarduna izugarria da eta udaletik errekonozimendu bat behar dute».

Euskara
«Ez nau kezkatzen, haur guztiek ikasten baitute; komunikabideei behar izanez gero lagundu behar zaie».

Hondakinak
«Birziklatze tasa berdinetara iristeko aukera izanda, zergatik jarri behar dugu sistema polizial bat? Desioan bai, baina moduan ez gaude ados».

 

Gizarte eragileen galderak

Tolosa Zero Zabor: "2014rako %70eko tasara iristea adostu zenuten 2012an, eta 2016rako, berriz, %85ekoa zen tasa. Zein aurrerapauso emango dituzue horretarako?"

Ibai Iriarte
"Asko hobetu dugu eta, oraindik ere, tartea dugu hobetzeko, auzokonposta eta autokonposta bultzatuz"

Olatz Peon
"Bidea hondakinen inguruko heziketa da, baina gaia eztabaida politiko bilakatu da"

Jose Ignacio Asensio
"%Bilketa tasak %85era iristen ez badira atez atekoa ezarriko du EH Bilduk, hori idatzita dago"

Pello Atxukarro
"Bilduk bizilagunengan ez du konfiantza gehiegi, birziklatzeari dagokionez"

 

TolosandCo: Udalean Merkataritza Saila sortzeko asmoa azaldu duzue askok. Gure iritzia eta parte hartzea kontuan hartuko duzue horretarako?

Ibai Iriarte
"Argi dugu eskutik joan behar dugula; indargune edo botere ekonomikoa zarete, eta herri bizi baten sustapenerako tresna nagusietako bat"

Olatz Peon
"Tolosako elkartearen lana eredugarria da beste zenbait herritako merkatarientzat, eta udalak hori baliatu beharko luke"

Jose Ignacio Asensio
"Elkarlana ezinbestekoa da, ez dut beste biderik ikusten"

Pello Atxukarro
"Herritarren indarraz baliatu behar dugu, bestela, zertarako ekin zerbaiti?"

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde: "Zer egingo duzue Asuncion klinikako langile-ratio eskasekin nahiz eskualdeko herritarren osasun egoerarekin amaitzeko?"

Ibai Iriarte
"Bi mugarri ditugu: azaroan 2011ko hitzarmena ez berritzen saiatzea da bata, eta legebiltzarrean PSE-EErekin batera lan mahaia osatzeko egin dugun eskaerak aurrera jarraitzea"

Olatz Peon
"Eztabaidaren erdian eriak jarri behar dira, eta Asuncionek jada baditu bi mahai eskualdeko osasuna kudeatzeko"

Jose Ignacio Asensio
"Hitzarmena begiratu egin behar da berriro, eta ESIak eskualdeko zerbitzua nola kudeatuko duen ere argi azaldu beharko lukete"

Pello Atxukarro
"Langileek dena ematen dute, baldintzak hobeak zein okerragoak izan"

Galtzaundi euskara taldea: "Euskararen erabilera %45ekoa da Tolosan, hondakinen bilketa tasa baino askoz ere baxuagoa. Zer egin daiteke erabileraren alde?"

Ibai Iriarte
"Esparruz esparru joan behar da eta, batez ere, eskolaz kanpoko jardueretan eragin behar da; halaber, doakotasuna garrantzitsua da"

Olatz Peon
"Euskarak zeharkako gaia izan behar du sail guztietan eta, normalizazio bidean, publikoa eta pribatua uztartu egin behar dira"

Jose Ignacio Asensio
"Erabileraren alde gauza asko egin dira eta laguntzea ondo dago, baina ez da derrigorrezkoa"

Pello Atxukarro
"Lagundu behar dela uste dut, baina, pertsonen askatasunaren aldekoa naiz, eta ez naiz gai sentitzen inor behartzeko"

Bonberenea: "Nola helduko diozue aspaldidanik datorren Bonberenearen bizirautenari?"

Ibai Iriarte
"Barkamena eskatu behar dugu, gai hau nahi baino gehiago luzatu zaigulako. Baina Plan Orokorra birmoldatzeko onartu berri dugun aldaketak Bonberenea eraikina bera, San Estebanen geratuko dela dio"

Olatz Peon
"Guk zortzi urtetan ez dugu Bonberenea ezabatu, kulturan lan izugarria egiten baitu. Mantendu egin behar da, baina proiektua auzoko bizilagunekin aztertu behar da"

Jose Ignacio Asensio:
"Plan Orokorraren gaian landu beharko da hori, eta gogoa dut gaia sakonago ezagutzeko"

Pello Atxukarro
"Kanpoan jende askok zuei esker ezagutzen du Tolosa, eta merezi duzue arreta, noski"

 

Erlazionatuak

Ibai Iriarte alkateari galdezka

Tolosaldeko Ataria 2015 mai 16 Tolosa

Alderdiak kalera atera dira boto eske

Tolosaldeko Ataria 2015 mai 16 Tolosa

Arrosak banatu dituzte PSE-EEko hautetsiek

Itzea Urkizu Arsuaga 2015 mai 13 Tolosa

Iban Agirre alkategaia

Tolosaldeko Ataria 2015 mai 11 Amasa-Villabona

Nora Urbizu alkategaia

Tolosaldeko Ataria 2015 mai 11 Amasa-Villabona

EH Bilduren herri programa, etxeetan

Tolosaldeko Ataria 2015 mai 11 Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!