Hauteskundeak 2015. Kanpaina

Euskal Herriaren etorkizuna aldatzeko "aukera bakarra" aldarrikatu dute

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mai. 9a, 11:35

Mitin nazionala ospatu zuen, atzo, Euskal Herria Bilduk, Tolosan; Xabier Olano, Hasier Arraiz eta Ibai Iriarte izan ziren ekitaldiko protagonistak, herri mugimenduarekin eskutik.

Xabier Olano:

Hasier Arraiz:

Ibai Iriarte:

Trianguloa plazak ehunka herritar elkartu zituen atzo, Euskal Herria Bilduren mitin nazionalean. Sortuko lehendakari Hasier Arraiz, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izateko hautagai Xabier Olano eta Tolosako alkategai Ibai Iriarte izan ziren hizlari nagusiak, baina, haien alboan, eskualdeko hautagaiak, gizarte eragileak, gazteak nahiz etorkinak ere izan ziren oholtzan, datorren maiatzaren 24ko Udal eta Foru Hauteskundeetarako EH Bildu babestuz.

Argi hitz egin zuen Xabier Olanok, "datozen egunotan dugun onena martxan jarri beharra" azpimarratuz, eta kritiko azaldu zen oposizioak azken lau urteotan azaldutako jarrerarekin: "Gure proiektua zapuzteko, PPren eta PSE-EEren eskutik, irrikatan dator EAJ, betikoa egiteko: eliteen eta lobbyen agindura gobernatzeko. Beren interesak zaintzeko; etxe kaleratzeekin jarraitzeko, obra publikoetan dirua xahutu eta eskua sartzeko; herritarren eskubideak murrizteko".

Bide beretik, "Gipuzkoa berri baterantz pauso gehiago" emateko deia egin zien herritarrei, eta Tolosaldeko osasun zerbitzuaren inguruko afera izan zuen hizpide: "Ezin dira nahastu kalitatea eta eskubidea, eta eskubideetan aurrera egingo dugu, azken urteotan egin dugun bezala. Batzuengatik balitz, Tolosako anbulatorioa aspaldi itxita legoke. Asuncion klinikara joan beharko genuke eta, dirua izanez gero, Poliklinikara. Dirudik ez dutenek, berriz, izorrai!".

Xabier Olano altzotarraren esanetan, "haserre dauden lehen pribilejioak zituztenak": "Lau urte daramatzate sekulakoak botatzen: ez dakigula gobernatzen, ez dakigula adostasunik bilatzen, inposatu egiten dugula,... Hondakin bilketa sistema eraginkorrak eta eredugarriak dira gipuzkoarrak eta, halaxe aitortu du, berriki, Europako Ingurumen bulegoko arduradunak ere. Hala ere, EAJ, PSE-EE eta PP kritiko agertzen dira. Europarentzat eredugarriak zarete, baina, hiruko toxikoarentzat kritikagarriak. Zer egingo diogu, bada. Gezurretan, tranpatan ari dira. Edozein gairen inguruan munduko proposamenik onena egiten badugu ere, kontra agertuko dira. Boterea, kosta hala kosta, birkonkistatu nahi dute. Kosta hala kosta bota nahi gaituzte udaletatik eta aldunditik".

Horrenbestez, Euskal Herria Bilduren aldeko botoa eskatu zuten, "azken lau urteotako lana mardula izan bada ere, bai baitago oraindik zer egina, herritarren %100aren alde gobernatzen jarraitzeko". 

Diskurtso politikoek lagun izan zituzten dantza, bertso nahiz ikus-entzunezkoak ere, koalizioaren proiektua bertaratuei erakusteko, eta, Olanoren ondotik, Hasier Arraiz Sortuko lehendakariak hartu zuen hitza.

"Bizitza bakarra delako"

Duela lau urte 300.000 herritarren botoa jaso izana nabarmendu zuen Arraizek, diskurtso hasieran: "Hortik jarraitu behar dugu, gure arbasoengandik datorren amets zaharraren bila".

Horrela, Inazio Agirre tolosarra gogora ekartzearekin batera, erabakitzeko eskubideaz aritu zen Hasier Arraiz, "aldaketaren izen bakartzat" joz: "Herri eta herrialdeen etorkizunaz gain, Euskal Herriaren etorkizuna ere jokoan dago datozen hauteskundeetan, eta, hori gauzatzeko berme bakarra Euskal Herria Bildu da". Izan ere, Arrizek EAJren jardunean ez du erabakitzeko eskubidearen aldeko pausorik ikusten: "Non geratu da erabakitzeko eskubidea? Non, Gipuzkoan PSE-EErekin etengabe akordioak egiten ari direnean? Guk dena erabaki nahi dugu, eta erabakitzeko eskubide hori izan nahi dugu".

Euskal Herriaren etorkizunaz gain, "gehien dutenek gehiago ematea" ere defendatu zuen, Xabier Olanoren hitzak gogora ekarriz eta, azkenik, Joseba Sarrionandiaren hitzak eta Ruper Ordorikaren musika aipatu zituen: "Bizitza bakarra delako, hau da gure unea. Gu gara herritar gehienen nahiak defendatzen ditugun bakarrak, lortuko dugu".

"Denon tanta behar-beharrezkoa da"

Ekitaldi nazionala biribiltzeko, azkenik, Ibai Iriarte Tolosako alkategaiak hartu zuen hitza, Tolosako eragile, merkatari, gazte, emakume nahiz etorkinen babesarekin, eta herri mugimenduari eskaini zizkion, hain zuzen, lehen hitzak: "Duela lau urte hemen sartu ginenean, horixe izan zen lehen helbururetako bat: guztiena zen udala guztion artean eraiki behar genuela, eta ateak irekitzeko garaia zela. Giltza batekin agertu ginen eta zerrail guztiak ireki behar genituen, herri mugimenduarekin batera, udaleko gela ilun horiek argitzeko"

Bide horretan, azken lau urteotako udalgintza ere hizpide izan zuen Iriartek, "udala transatlantiko handi bat" dela esanez: "EH Bilduko hautetsiok ere herri mugimenduko kide gara, eta ardi dugu udala tresna bat dela herriaren eraikuntzan, ametsetako Tolosarantzako bidean. Horregatik, aupa zuek, urte hauetan guztietan, herri zahar honen iturriaren ur emaria izan zaretelako, eta hori elikatzen jarraitzen duzuelako".

Tantak botoekin parekatuz, tolosar, gipuzkoar eta euskal herritar guztiekin batera korronte handi bat sortzeko deia egin zuen Iriartek: Zenbaitzuk edozeinekin elkartzeko prest daude gu hemendik kentzeko, bai Gipuzkoan eta baita Tolosan ere. Gehiengo nagusi bat lortu edo jai dugu, beraz, erantzukizun bat dugu hemen gauden guztiok. Denon tantaz egingo dugu, denon tanta behar-beharrezkoa da".

Amaitzeko, erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz, "maiatzaren 24an hauteskundeak ez ezik, herri honen etorkizuna ere jokoan" dagoela esanez biribildu zuen diskurtsoa Ibai Iriartek. 

Erlazionatuak

Ibai Iriarte alkateari galdezka

Tolosaldeko Ataria 2015 mai 16 Tolosa

Alderdiak kalera atera dira boto eske

Tolosaldeko Ataria 2015 mai 16 Tolosa

Iritzien talka Tolosa eraikitzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2015 mai 13 Tolosa

Arrosak banatu dituzte PSE-EEko hautetsiek

Itzea Urkizu Arsuaga 2015 mai 13 Tolosa

Iban Agirre alkategaia

Tolosaldeko Ataria 2015 mai 11 Amasa-Villabona

Nora Urbizu alkategaia

Tolosaldeko Ataria 2015 mai 11 Amasa-Villabona

EH Bilduren herri programa, etxeetan

Tolosaldeko Ataria 2015 mai 11 Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!