Ana Leunda, Irurako alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaiak, bere taldeko batzuk lagun zituela, udal hauteskundeetarako aurkezten dituen hamar konpromisoak jakitera eman ditu. Ana Leundak adierazi du alkatetzarako hautagai hautatu izan zenetik egin izan dituen bilera eta harremanetan irurarrek adierazi dizkioten ekarpen eta lehentasunak jasotzen direla.
Lehenengo konpromiso moduan, Ana Leundak atez atekoa kentzea eta 5. edukiontzia ezarriz edukiontzien bidezko bilketaren aldeko apustua azpimarratu du. “Eskaera nagusietako bat da. Atez atekoa kendu eta edukiontzi bidezko zabor bilketaren aldeko apustua egiten dugu eta organikoa biltzeko 5. edukiontzia ezarriko dugu. Eraginkorra, merkeagoa, garbiagoa eta erosoagoa da. Herri nagusienen sistema da” esan du.
Bigarrenik, enpresa eta merkataritza berriei herrian kalitatezko enplegua eta aberastasuna sortzeko udal tramiteak erraztearen eta arintzearen alde agertu da. Hirugarren ardatza langabezian dauden irurar guztiei udalak sortzen dituen aldi baterako garbiketa eta mantentze lanetarako “udal zerrenda osatzea eta hau berdintasunez, txandaka eta zuzentasunez kudeatua izan dadin”.
Ekintzak eta proiektuak erabakitzeko unean udal kudeaketa gardenaren eta informazioan oinarritutakoaren apustua ere agertzen da Ana Leundaren konpromisoen artean, udal komunikazio eta bandoetan euskara eta gaztelera erabiltzeko bermearekin batera.
Hutsik dauden etxeei gaur egun Ondasun higiezinen zergaren %100errekargua kobratzea alokairua bultzatzeko baliorik ez duela izan adierazi ondoren hautagai jeltzaleak etxe hutsen egoera aztertzea eta Alokabiderekin batera neurri berriak bultzatzea proposatu du.
Irisgarritasuna da bere zazpigarren konpromisoa, San Miguel plazan autoak sartzea murrizten duen pibotea kenduaz eta aparkalekuak bertakoentzat bideratuaz. Baita, Aizpurua kale zulorako bidean dauden trabak kentzea ere proposatzen du eta Laskibar auzoa A-I autobideko zaratatik babesteko, Aldundiak soinuaren aurkako hesia jar dezan beharrezko kudeaketa egingo duela dio.
Halaber, euria egiten duenean babesa edukitzeko Kaskailu plazako parkea estali eta gazteentzako ekintza eta ekipamendu berriak jartzeko azterketa egiteko konpromisoa jasotzen du, pertsona helduen zerbitzuen indartzearekin batera. “Aldundiarekin elkarlanean pertsona nagusiak bere familia ingurunean zainduak izan daitezen laguntzeko egitasmoak bultzatuko ditugu”. Azkenik, Irurako herria eta espazio publikoak dinamizatzea aurreikusten du kultur, kirol, eta azoka ekitaldiak babestuz.