Peonek gehitu du, EAJren kudeaketa eta lan eredua elkarlanean eta gertutasunean oinarrituko duela, beti ere eragile ekonomikoekin eta tolosar guztiekin hitz eginda.
"Udalerriko jarduera ekonomikoa sustatzea izango da gure helburua, eta hori ostalaritzako, merkataritzako eta enpresetako ordezkariekin elkarlanean egingo dugu", esan du. Jeltzaleek beren hauteskunde programan enplegua sustatzeko eta ekonomiari bultzada emateko proposamen zehatzak jaso dituztela esan du. Proposamen hauek azken hilabeteotan Tolosako eragile ekonomikoekin landu eta garatu dituztela gehitu du alkategaiak.
Horiek horrela, proposamen zehatzen berri eman du, eta industriaren inguruan esan du Apatta Errekan enplegua sustatuko dutela azpiegiturak prezio eskuragarrien truke eskainiz. Era berean, Lehiberrin prestakuntza, zerbitzuen eskaintza eta sektore ekonomiko berriak sustatuko dituztela esan du; udalarenak diren lokalak ekintzaileei eskainiko dizkietela; eta ekintzaile eta industriarentzat leihatila bakarra sortuko dutela negozio berriak irekitzeko tramiteak erraztu eta arintzeko.
Merkataritza eta ostalaritzari dagokienez, merkataritza-saila sortuko dutela esan du, "Tolosan estrategikoa den sektore hau indartzeko eta sortzen dituen 1.500 lanpostuak babesteko". Udalaren eta merkatarien arteko akordioak sustatuko dituztela ere esan du, hala nola, aparkalekuak erabiltzeko. Bukatzeko, dendarien eraberritze proiektua indartuko dutela gaineratu du, erretiroen aurrean erreleboa bermatuz.
Turismo eta azokaren inguruan ere hitz egin du Peonek. "Azoka berritzaileak sustatuko ditugu, egungoak eta egunerokoak alde batera utzi gabe", esan du. Euskal Herria plazan lo egiteko ostatua ere ireki nahi du EAJk, eta turismo bulegoa Triangulora lekualdatu nahi dutela gehitu du. Tolosa Gourmet indartzeko asmoa ere azaldu du alkategai jeltzaleak.
Landa eremua ere aipatu du eta babarrunaren eta produktu ekologikoen ekoizpena sustatuko dutela esan du, eguneroko azokak indartuko dituztela, nekazari gazteei laguntza emango dietela eta lurren bankuaren proiektua osatuko dutela eta kontsumo taldea indartu.