Hori da, hain justu, hauteskundeetarako hartu dituen 10 konpromisoetako bat. Datozen egunetan banatuko ditu EAJk konpromiso hauek etxez etxe. Industriarako gune berria Villabonako errepideko A6 gunean bultzatuko luke EAJk.
Horrekin batera, atez ateko hondakinak biltzeko sistema kentzeko galdeketa "ofizial eta loteslea" egingo duela esan du, eta Anoetako kale eta espaloien egoera ere izan du hizpide. De la Iglesiak esan du, Hozpel eta Idiakez kaleen berriztapena egingo duela alkatetzara iritsiz gero, eta San Joan kaleko espaloia ere berrituko duela. Tren geltokirako eskaileren inguruan esan du, eraberritu nahi dituela, eta orain bi urte saiakera egin zuela. Orduan udaletxean Adifekin hitz egitea proposatu zuela nabarmendu du, berrikuntza elkarlanean egin ahal izateko, baina udal gobernuak planteamendua atzera bota zuela esan du.
Autobus geltokiaren aldaketaren inguruan dio, herriaren erdigunean zegoen geltokia berreskuratu nahi duela.
Horiek horrela, De la Iglesia alkatetzara iristen bada "buelta osoa" emango dio kudeatzeko moduari: "Kudeaketa eraginkorra eta zorrotza izan behar du eta aurrekontuak, tramitazioak eta egiten diren eskakizunen erantzunak bere epeetan egin behar dira. Lotsagarria da Anoetan gertatu dena, hau da hauteskundeetara heltzea aurrekontuak onartu gabe".