Hauteskundeak 2015. Kanpaina

Langileen kezkak bertatik bertara ezagutzen

Tolosaldeko Ataria 2015ko mai. 20a, 11:41

Tolosako EH Bilduko ordezkariak langile mugimenduko ordezkariekin bildu dira kultur etxean, bere programaren berri emateko eta langileen iritzi, beharrak eta kezkak jasotzeko.

Aurretik, besteak beste, kultura, euskara eta gizarte arloko ordezkariekin egin bezala, Tolosako EH Bilduko alkategaia, Ibai Iriarte, eta Lore Agirre hautagaia langileen ordezkariekin bildu dira gaur, kultur etxean.

Ibai Iriartek azaldu duenez, EH Bildurentzat ezinbestekoa da langileen proposamenak jasotzea. "Guretzako ezinbestekoa da egunerokoan arloz arlo dabiltzan pertsonekin biltzea, eta gaur, hauteskundeetako azken txanpan egon arren, langileei egin nahi izan diegu tartea", esan du.

Horiek horrela, esan du argi dutela langileek ez dutela egoera erraza aurrez aurre ikuspegi sozio-ekonomikotik begiratuta, "ez bakarrik langabezi tasak oso altu daudelako eta ez bakarrik egoera horretan pertsona gehiegi daudelako inguruan, baizik eta lanean daudenetik askok egoera prekarioa bizitzen dutelako". "Egoera berri bat dugu orain, lana dutenak eta hilabete bukaerara iristen ez diren langileak, egoera prekarioa bizi dutenak", gaineratu du.

Hori dela eta, Tolosako Udaletik dituzten baliabideen berri eman nahi dio EH Bilduk langilegoari, eta dituzten proposamenak plazaratu.

Bide horretan, udaleko kontratazioetan martxan jarri dituzten klausula sozialen berri eman diete langileei, eta baita Tolosaldea Garatzenen bidez garapen ekonomikoan dituzten proposamenen berri ere, horretarako  tokiko garapenean egiten duten apustua, industria indartzeko egiten dituzten proposamenak zein Tolosaldea Saretzen zer den azaldu dietelarik. Era berean, co-workingeko ideia azaldu diete langileei eta baita "merkataritzak eta ostalaritza eskualde honetan eta Tolosan duen garrantzia hartuta" arlo horretan dituzten proposamenen berri eman ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!