ERREPORTAJEA

Hamar urte, hamar ahots

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko urr. 8a, 07:59
Hamar urte, hamar ahots. J. ARTUTXA

Efemeride berezi honen barruan, hamar atarikide bildu ditugu, bakoitzak 'Ataria' noiztik eta nola kontsumitzen duen ezagutu eta proiektuaren inguruan duten iritzia biltzeko.

 

«Proiektu batek aurrera egitea nahi badugu, proiektu horretan sinetsiko dutenak behar ditugu». Askotan jarri gara/zara pentsatzen, amestutako zerbait lortu nahi izanez gero, lan handia egin behar dela aurretik. Horixe bera pentsatuko zuten duela hamar urte Ataria sortu zutenek. Aurrera egitea hasierako helburu bat izango zen, hamar urte betetzea amets handi bat, baina hamarkada hori proiektuan sinesten dutenekin batera egitea, errealitate bilakatu da.

Badakigu ez dela erraza proiektu txiki bat bultzatzea, inguruan proiektu handiagoak badira. Baina hau ez da tamaina kontua, izaera kontua baizik. Ataria bakarra da. Tolosaldeko 28 herrietako kontuak, txikiak nahiz handiak, azken ordukoak nahiz atenporalak, paperean, irratian nahiz interneten, euskaratik eta euskaraz kontatzen dituen hedabide bakarra gara. Bertakoa, bertakoekin eta bertakoentzat. Zuretzat.

Hamargarren urteurrena betetzen hastera goazen honetan, goraipatu egin nahi ditugu urte hauetan guztietan izan diren, diren eta izango diren Ataria-ren harpidedun guztiak. Norbanako nahiz eragile, eskerrik asko Atarikide! Zure bultzadari esker, proiektuan sinetsi genuen, Ataria izan ahal izateko, eta zu ere honen parte zara. Zarena egiten dugu, eta egiten duzuna gara.

Adunatik Abaltzisketara, Bidania-Goiaztik Berastegira, Baliarraindik Elduainera, edota Asteasutik Orexara. Eskualde osoaren musika gara, herritarren instrumentua eta eragileen bozgorailua. Horregatik, urteurren borobila proiektu honetan sinesten duzuenekin ospatzeko, Atarikideen hamarreko ederra osatzea lortu dugu, bakoitzak Ataria kontsumitzeko dituen ohiturak ezagutu eta iritzi desberdinak biltzeko asmoz. Harpidedun talde handia dago gure proiektuaren oinarrian, baina Ataria egiten jarraitzeko, multzo hori erraldoi izatea nahi dugu. 

Andres Vitoria Otaegi

Anoeta

«Hasiera-hasieratik gara Atarikide, Hitza-ren garaitik, euskarazko egunkari bat, bertakoa, etxean egunero izatea nahi genuelako. Euskarari bultzada bat eman nahi genion».

«Paperean kontsumitzeaz gain, digitalki ere kontsumitzen dut. Digitalki, gainera, egunean zenbait aldiz; gehienbat, Ataria.eus webgunean izaten dut albiste eta erreportajeen berri. Hala ere, egunkaria edo papera eskuan izatea oso berezia da niretzat, gertutasuna transmititzen dit».

«Egunero kontsumitzen dut Ataria, herrian bertan edo inguruan gertatzen denaren berri izateko. Horrez gain, hurrengo egunetan, eta batez ere asteburuan, zein ekitaldi edo festa dauden ikusteko agenda ere begiratzen dut».

Ataria-ren indargunea: Herrikoia dela, gertukoa eta euskalduna.

Ataria-ri faltan sumatzen diozuna edo aldatuko zenukeena: Ez zait okurritzen.

Zer da Ataria zuretzat? Egunkari edo hedabide bat izateaz gain, etxekoa den zerbait da.

Zer esango zenioke Ataria kontsumitzen duen baina harpideduna ez den horri? Euskarazko egunkari bat da, eta guztion bultzada edo aletxoa beharrezkoa dela honek aurrera egin dezan.

 

Malentxo Arrospide Arrate

Lizartza

«2001ean Tolosaldean Egunero sortu zenean, lagun bat eta biok eskualdeko enpresetan diru eske aritu ginen. Ordutik oso identifikatuta sentitu naiz hedabidearekin, eta lehen momentutik naiz Atarikidea. Betidanik kontsumitu izan dut Ataria etxean, euskal prentsa delako eta gertutasuna eskaintzen duelako».

«Albisteak paperean irakurtzearen aldekoa izan naiz beti; pantailak nekatu egiten nau. Egia da batzuetan sarean begiratu behar izaten dudala, albiste guztiak ez direlako paperean agertzen. Irratia entzutea ere oso gustuko dut, baina denbora gutxiago izaten dut».

«Denetik irakurtzea gustatzen zait, batez ere elkarrizketak edota erreportaje nagusiak, baita agendaren atala begiratzea ere».

Ataria-ren indargunea: Balore handia ematen diot herri txikietako albisteen tratamenduari eta euskalduna izateari. Euskaraz irakurtzeko ohitura handia ez dutenentzat laguntza handikoa da, herriko albisteak euskaraz irakurtzeko.

Ataria-ri faltan sumatzen diozuna edo aldatuko zenukeena: Dagoen bezala ondo dago.

Zer da Ataria zuretzat? Oso nirea sentitzen dudan egunkaria da, sorreratik honen parte izan naizelako edo egunero bere zain nagoelako.

Zer esango zenioke Ataria kontsumitzen duen baina harpideduna ez den horri? Euskal kulturak eta euskal prentsak gure beharra duela, eta irakurri ahala ezin dugu beste alde batera begiratu. Ezinbestekoa da denon babesa eta laguntza.

 

Juan Ignacio Elosegi Aldasoro

Berastegi

«Egunero sortu zenetik naiz harpideduna. Etxean beti jaso izan dugu egunkaria, euskarazko prentsa eta bertakoa bultzatzea zelako gure nahia».

«Egunero paperean irakurtzen ditut albisteak. Ez naiz sarean bila ibiltzen, oso noizbehinka sartu izan naiz webgunean».

«Ostiraletan agenda begiratzea oso interesgarria iruditzen zait. Bestela, sinatzaile jakin batzuen artikuluak ere irakurtzen ditut. Gaiaren arabera, elkarrizketak eta erreportajeak gehiago edo gutxiago irakurtzen ditut, eta noski, Berastegirekin zerikusia duten berriak ere gainbegiratzen ditut».

Ataria-ren indargunea: Euskalduna eta gertukoa izatea; bakarra da eskualdean. Balio handia ematen diot horri.

Ataria-ri faltan sumatzen diozuna edo aldatuko zenukeena: Zergatik ahaztu zaigu Leitza existitzen dela? Garai batean, bertako berriak ere jorratzen ziren, baina orain muga bat ezarri da. Pena da, lagun handiak ditudalako bertan.

Zer da Ataria zuretzat? Hedabide berezi bat, bertakotasuna oinarri duena, euskalduna eta gai interesgarriak jorratzen dituena.

Zer esango zenioke Ataria kontsumitzen duen baina harpideduna ez den horri? Ez dela diru kopuru handia, eta bakoitzak ikusi beharko duela.

 

Eneko Garmendia Zubeldia

Baliarrain

«Betidanik jaso izan dugu egunkaria etxean, baita Egunero eta Hitza ere. Oso interesgarria iruditzen zait eskualdeko albisteen berri euskara hutsean izateko tresna bat izatea».

«Gehienbat paperean irakurtzen ditut albisteak, baita sarean ere. Goizero ematen diot begirada egunkariari; denborarik izaten ez badut, arratsaldean irakurtzen dut, lasaiago. Hain justu, denbora faltagatik, irratia ez dut entzuten».

«Edozein gairi buruzko artikulu edo erreportajeak irakurtzen ditut. Bestetik, egun pasak egiteko aukerarik edo bisitatzeko moduko azokarik ba ote dagoen ere begiratzen dut agendan».

Ataria-ren indargunea: Euskara hutsean izatea eta inguruko herrietan gertatutakoaren berri ematea, baita sail edo gai desberdinak jorratzea.

Ataria-ri faltan sumatzen diozuna edo aldatuko zenukeena: Astekariaren formatua ez zait egunkaria bezain erakargarria egiten. Nahiago nuke egun horretan ere egunkaria argitaratuko balitz.

Zer da Ataria zuretzat? Bertakoa izanik, gertutasuna ematen duen hedabide bat.

Zer esango zenioke Ataria kontsumitzen duen baina harpideduna ez den horri? Harpidedun egiteko. Egunkaria jasotzeaz gain, zozketetan parte hartzeko aukera ematen du. Ataria-ri emateaz gain, bueltan jasotzeko aukera izaten dugu.

 

Leire Saizar Altuna

Aduna

«Nahiko hasieratik naiz Ataria-ko harpideduna, eskualdeko eguneroko idatzizko komunikabide euskaldun bakarra delako».

«Etxean egunkaria irakurtzeaz gain, Ataria.eus webgunean ere izaten dut eskualdean gertatzen denaren berri».

«Egunero irakurtzen ditut eskualdeko albisteak, erreportajeak nahiz elkarrizketak; ohitura handia dut».

Ataria-ren indargunea: Herrietako albisteak jorratzea eta agenda eguneratuta izatea. Gertukotasuna ere transmititzen du.

Ataria-ri faltan sumatzen diozuna edo aldatuko zenukeena: Ataria irratia indartzea.

Zer da Ataria zuretzat? Eskualdeko gainerako herrietako berriak jasotzeko komunikabide euskalduna.

Zer esango zenioke Ataria kontsumitzen duen baina harpideduna ez den horri? Harpidedun guztiok beharrezkoak eta ezinbestekoak garela.

 

Olatz Irazustabarrena Iturrioz

Alegia

«Lehen Egunero eta Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza jasotzen genuen, eta orain Ataria ere jasotzen dugu, bai gurasoen etxean, baita gure etxean ere. Eskualdeko informazioa jasotzeko bide polita eta erraza da, eta oso gertukoa».

«Oso gustuko dut albisteak egunkarian irakurtzea, papera eskuetan sentitzea. Ataria irakurriz gosaltzea, nire bizitzako plazer txikietako bat da. Tarteka, Ataria irratian ere entzun izan dut saioren bat edo beste».

«Egunero kontsumitzen dut Ataria. Herriko kontuak irakurtzen ditut gehienbat. Elkarrizketaren bateko titularrak atentzioa emanez gero, hori ere irakurtzen dut. Ostiraletan, berriz, oso gustuko dut astekaria sakonki irakurtzea. Azkenik, eskualdean zer dagoen jakiteko agenda ikuskatzen dut, eta eguraldiaren berri ere izaten dut Ataria-ren bitartez».

Ataria-ren indargunea: Eskualde euskaldun izaera ematen dio; Ataria-ren bidez badakit Asteasun edota Albizturren zer gertatzen den. Era berean, herriko talde batzuetako kide naizen aldetik, informazioa partekatzeko bozgorailu gisa ere funtzionatzen du Ataria-k, eta hori eskertzekoa da.

Ataria-ri faltan sumatzen diozuna edo aldatuko zenukeena: Ezer ez. Horrela jarraitu dezala.

Zer da Ataria zuretzat? Hedabide bat izateaz gain, eragile bat ere bada. Nabarmentzekoak dira urteroko bertso jaialdia eta pilota txapelketa. Alor desberdinak ukitzen dituen komunikabide bat da.

Zer esango zenioke Ataria kontsumitzen duen baina harpideduna ez den horri? Kontsumitu ahal izateko, oinarrizkoa dela harpidedun izatea; bestela, ez litzake posible izango. Ez da horrenbesteko esfortzua, eta beraz, animatu dadila, denon laguntza eta bultzadarekin, errazagoa izango delako.

 

Josu Garmendia Mujika

Zizurkil

«Ataria sortu zenetik naiz bertako harpidedun, baita aurreagotik ere; etxeko buzoian, «H» letra daraman pegatina —Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza— daukagu oraindik. Eskualdean gertatzen denaren berri euskaraz jasotzeko modu bakarra da, zero kilometroko ezinbesteko produktu bat».

«Normalean Ataria irratia autoan noanean entzuten dut, baina geroz eta gutxiago erabiltzen dut. Egunkaria, berriz, egunero irakurtzen dut; ohiturak jarraituz, oso gustuko dut papera eskuetan izatea. Eta asteburuetan, Ataria.eus webgunea bisitatzen dut».

«Zizurkilekin lotura duten albisteak interesatzen zaizkit, baita momentuan puri-purian dagoen gairen bati lotutako berriak ere. Ez dut ohitura handirik agenda begiratzeko».

Ataria-ren indargunea: Bertakoa, euskalduna eta gertukoa izatea, baita albiste freskoak ematea ere.

Ataria-ri faltan sumatzen diozuna edo aldatuko zenukeena: Papera oso gustuko dudanez, asteburuetan ere egunkaria argitaratzea. Bestetik, udara oso luzea egiten zait egunkaririk gabe, eta egunerokotasun horren falta sumatzen dut.

Zer da Ataria zuretzat? Bizilagunen edo inguruko ezagunen berri izateko gailu bakarra da.

Zer esango zenioke Ataria kontsumitzen duen baina harpideduna ez den horri? Animatu dadila, guztia martxan jartzeko laguntza bakar bat ere nahikoa izaten delako.

 

Eli Larrañaga Ariznabarreta

Amasa

«Gurasoen etxean bizi nintzenetik jasotzen dugu Ataria. Orduan, beraiek ziren Atarikide, eta orain ni ere banaiz, inguruko albisteen berri izateko eta euskarari bultzada bat emateko. Horretarako zer hobeto gertuen dugun hedabideari gure aletxoa jartzea baino!»

«Gehienbat paperean irakurtzen dut Ataria; egunero botatzen diot begirada. Gainera, oso gustuko dut ostiraleroko astekaria, eta hori irakurtzeari denbora tarte handiagoa eskaintzen diot. Egia da, tarteka, ohitura izaten dudala sarean bisitatzeko, eguneko ordu libreetan, baita asteburuetan ere, batez ere, argazkiak edo bideoak ikusteko».

«Amasarekin nahiz inguruko herriekin lotutako albisteak irakurtzen ditut gehienbat. Kultura arloko erreportajeak ere oso gustuko ditut, eta asteburuei begira, agenda gainbegiratzea ere gustatzen zait».

Ataria-ren indargunea: Inguruko informazioa modu eguneratuan jasotzen dugula, momentuan izaten dugula horren berri, eta gainera, euskaraz.

Ataria-ri faltan sumatzen diozuna edo aldatuko zenukeena: Ez nuke esango ezer falta zaionik. Akaso, haurrei begira, kontakizun, pasarte edo ipuinen bat egin lezake, irakurzaletasuna bultzatzeko, albisteen berri izateko ez dugulako beti telebistari begira egon behar.

Zer da Ataria zuretzat? Nire herriarekin eta bailararekin konektatuta egoteko modua da, albisteen berri momentuan bertan jakiteko gailua.

Zer esango zenioke Ataria kontsumitzen duen baina harpideduna ez den horri? Esfortzu ekonomiko oso handia ez da, eta Ataria-k bizirik jarrai dezan, eskualdeko informazioa fresko eta euskaraz eduki dezagun, beharrezkoa da guztiok hondar ale bat jartzea.

 

Jose Manuel Arzallus Egiguren

Tolosa

«Beti jaso izan dut Ataria etxean; beti parte hartu izan dut herri mugimenduetan. Iruditzen zait oso interesgarria dela eskualdean eta eskualdeko edozein herritan gertatzen den edozeri buruz informatuta egotea, eta gainera, euskaraz; beraz, Ataria-ren parte ere sentitu nahi dudalako naiz Atarikide».

«Paperean kontsumitzen dut Ataria gehien. Internet bidez eta irratian oso gutxi izan dut eskualdeko albisteen berri. Goizetan jaikitzen naizenean, gosaltzen jarri eta Ataria irakurtzen aritzen naiz. Eguneroko ohitura bilakatu da».

«Herriko albisteak interesatzen zaizkit, egunerokotasunarekin lotuta daudenak, baita momentuan pil-pilean dauden gaiak ere».

Ataria-ren indargunea: Euskara zabaldu eta bultzatzeko behar-beharrezkoa den erreminta da.

Ataria-ri faltan sumatzen diozuna edo aldatuko zenukeena: Akaso, balizko irakurleari buruz gehiegi pentsatzen duela. Zentzua izan dezake, euskara zabaltzeko. Baina balizko beste irakurle bat, betikoen artean ez dagoena, erakartzeko ere erreminta izan daiteke.

Zer da Ataria zuretzat? Eskualdeko albisteak euskaraz jasotzeko ezinbesteko hedabidea.

Zer esango zenioke Ataria kontsumitzen duen baina harpideduna ez den horri? Goizero albisteak euskaraz jaso ahal izateko, eta Ataria bera bultzatzeko, beraiek ere ezinbestekoak direla. Guztiok lagundu behar dugu proiektua, guztion Ataria izatea nahi badugu.

 

Mari Carmen Dolado Gonzalez

Tolosa

«Hasieratik naiz Atarikide; bere garaian, Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza ere jasotzen nuen. Irakasle izan naizenez, beti eman nahi izan diot bultzada euskarazko pentsari».

«Nahiago dut albisteak egunkarian irakurtzea, liburuak ere paperean irakurtzea gustatzen zait. Hala ere, noizbehinka Atariaren webgunea ere bisitatzen dut; mugikorrean zuzeneko sarbidea daukat. Bestalde, ez dut ohiturarik Ataria irratia entzuteko».

«Egunero irakurtzen dut Ataria; hori bai, aitortu beharra dut, batzuetan titularrak eta azpititularrak bakarrik irakurtzen ditudala, gaiaren arabera. Esaterako, kirolak ez zaizkit interesatzen, baina herriarekin lotutako gaiak bai. Erreportaje eta elkarrizketen kasuan, irakurtzen hasten naiz, eta interesatuz gero, jarraitu egiten dut».

Ataria-ren indargunea: Ez nuke zerbait berezia nabarmenduko. Oso ondo betetzen du bere helburua eta ezinbestekoa da eskualdeko herritarrontzat.

Ataria-ri faltan sumatzen diozuna edo aldatuko zenukeena: Akaso, gazteek gehiago kontsumitu beharko luketeela; denbora gehiegi igarotzen dute mugikorrarekin entretenituta.

Zer da Ataria zuretzat? Euskaldun berria izan arren, gaztelaniaz bizi naiz. Beraz, Ataria ihesbide bat da niretzat, euskara mantentzeko tresna.

Zer esango zenioke Ataria kontsumitzen duen baina harpideduna ez den horri? Ulertzen dut askori ordaindu behar horrek ez erakartzea, baina ezinbestekoa da horiek ere laguntza ematea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!