Hamarkada bete du Atariak eta ospatzeko Tolosako Zerkausian festa egin zuen ostiral arratsaldean. Ataria osatzen duen herritarren komunitatearekin batera ospatzea zen eskualdeko euskarazko komunikabidearen helburua eta nahia, eta bete zela esan daiteke, jende ugari gerturatu baitzen ekitaldira.
Eskualdeko herrietako jende asko gerturatu zen festa girora, baita, erakundeetako, euskalgintzako eta komunikabideetako ordezkariak ere. Bertako ekoizleen produktuak dastatzeko aukera izan zen, eta abeslariak, bertsolariak, musikariak, umoristak... denetariko artistak pasa ziren oholtza gainetik guztien gozamenerako.
Une atsegina igaro eta mokadutxoa hartzeko aukeraz gain, eskerrak emateko eta hausnarketarako tartea ere izan zen. Atariak urte hauetan guztietan alboan izan dituen herritarrei, Atarikideei, Ataria irakurtzen dutenei, Ataria irratia entzuten dutenei, irakurtzen hasiko direnei, elkarte eta erakundeetako kideei, norbanakoei... finean, komunitatea osatzen duten kide guztiei, zein festara bertaratu zirenei eskerrak eman zizkien.
Ibilbide oparoa
Bestetik, hamar urte bete dituen Atariaren sorrera ere gogoratu zen, alegia, Tolosaldeko Hitza egunkaria, Txolarre Irratia eta Galtzaundi aldizkariaren bateratzetik sortu zela, eskualdean euskarazko komunikabide indartsua izateko helburuarekin. Hamar urte geroago Tolosaldean «erreferente» dela Ataria nabarmendu zen, «kazetaritza profesionala egiten dugu, hizkuntza eta generoa ardatz hartuta, eta euskararen normalizazioan aktibo garrantzitsua gara».
Rebeka Calvo Atariaren erredakzioko koordinatzaileak, «etengabe egokitzen eta berritzen» doala Ataria aipatu zuen, eta aurrera begirako berritasunen artean, egunkariaren eta aldizkariaren diseinua aldatuko dela eta webgunea multimediago izango dela eta aplikazioa estreinatuko duela azpimarratu zuen.
Oihana Iguaran bertsolari amasarrak, komunitateko kide moduan hitz egin zuen, Atariaren kolaboratzaile sarea aitortuz: «Ataria eskualdeko 28 herriez eta bertako herritarrez osatutako sare zabala da, hori da komunitate baten indarra, eta urte guzti hauetan herritarrok gure sentitu dugu Ataria».
Manex Urruzola Galtzaundiko lehendakariak Ataria osatzen duen komunitatearen indarraren isla, azken hilabetean, irailean Ataria.eus-ek izandako erabiltzaileen kopurua eman zuen: ia 160.000 bisita eta ia 40.000 erabiltzaile bakar. Era berean, hilabetez hilabete handituz doan datua dela nabarmendu zuen. «Inoiz baino irakurle gehiago ditugu, baina, hauek gailu digitaletatik datoz, eta ehuneko handi batek ez du babesten Ataria. Interneten doan kontsumitzera ohitu gara, pentsatu gabe eduki horren atzean lana eta langileak daudela. Pentsa Ataria bisitatzen duten milaka erabiltzailek babestuko balute zer izango genukeen, zer izango lukeen eskualdeak». Kontsumitu bai, baina babestea ere «beharrezkoa» dela esan zuen Urruzolak, «etorkizunean Ataria indartsu bat izateko».
Horrekin batera, proiektua laguntzen eta babesten dutenentzat esker hitzak ere izan zituen, bai Atarikideentzat, bai iragarkiak jarri edo zerbitzuak erosten dituzten eskualdeko erakunde, enpresa nahiz elkarteentzat, bai eta erakunde publikoentzat ere.