Atariak 10 urte _ gonbidapena

Ataria 2023ko irailaren 22a

Kaixo lagun,

Duela hamar urte egin genuen, sortu genuen erreferentziazko euskarazko komunikazio taldea Tolosaldean. Ez gatoz, ordea, egin izana ospatzera, egitea baita gure egunerokoa, gure izatea. Egiten ez badugu, ez gara. Euskaraz ez bada, ez gara. Egiten duzuna gara.

Eta segi dezagula egiten, hori izango baita eskualdean euskaraz bizi den komunitate bat badenaren froga. Baldin bazara egongo gara; eta baldin bazaude, Ataria izango dugu.

Hamar urte hauetan egiten aritu gara, hortaz, orain, egotea da zurekin ospatu nahi duguna, eta horretara dator urriaren 6an gurekin batera egoteko gonbidapena. Egotea da irautea, egotea da erderek bereganatua duten espazioa okupatzea, egotea da gertutasuna, egotea da konpainia, egotea da babesa. Ez al du merezi elkarrekin ospatzeak?

Egiten duzulako esker ona adierazia dizugu. Orain zurekin egon nahi dugu. Elkarrekin ospatu dezagun 10 urtez Tolosaldean egon izana, etxeko atarian euskaraz egon izana.

Hainbeste egin eta gero, zatoz egotera, merezi duzu eta!

Ospakizun festako egitaraua, hemen.

 

ATARIAK 10 URTE

Urriak 6, ostirala
Tolosako Zerkausian
18:00etatik 21:30era

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!