Egiten jarraitu nahi dugu

Tolosaldeko Ataria 2023ko urr. 6a, 07:59
Rebeka Calvo, Naiara Roldan de Aranguiz, Eneritz Maiz eta Ainhoa Oiartzabal, 'Ataria'-ren 10 urteetako erredakzioko koordinatzaileak. J. ARTUTXA

Duela hamar urte, Ataria sortzerakoan, atariak gune irekiak direla esaten genuen, bizilagunek osatutakoak, herritarrek egiten dituztenak, alegia. Eta horrela jarraitzen du Ataria-k; eskualdeko berriei parez pare begiratzen, patxadaz baina tinko, herritarren eskutik eskualdea egiten eta informatzen. Eta hori euskaratik eta euskaraz, euskarak behar duen arnasgunea izan nahi dugulako. Euskaraz ez bada, ez garelako.

Hamar urte hauetan proiektua sendotu da, beldurrak uxatu eta aurrera begira jarri gara, eskualdeak, herritarrek eta euskarak merezi dutelako. Ibilbide oparo honetan begirada zorroztu dugu, eta horretarako betaurreko moreak jarri ditugu gaitegia bera eta gaiak lantzeko zein egiteko modua irauli nahian. Hamarkada honetan lau koordinatzaile –Ainhoa Oiartzabal, Eneritz Maiz, Naiara Roldan de Aranguiz eta Rebeka Calvo– izan ditu Ataria-k, lauak emakumeak, eta bide horretan sakontzen joan gara guztiak, ikuspegi feminista, kritiko eta eraldatzailea landuz.

Lantalde sendoa du Ataria-k, kazetaritza zer den erakusten duena eta horren azkar doazen aldaketetara egokitzen joan dena. Esan gabe doa beti ez dela erraza joera berrietara egokitzea, baina Ataria osatzen dugun kide guztien arteko elkarlanak egiten du posible.

Lehen hamar urte hauetan geldialdi bat egin nahi izan dugu egin dugun guztia elkarrekin ospatzeko. Gure esker ona adierazi nahi dizuegu gaurko jaiarekin, baina bidea hasi besterik ez da egin. Beste hamar, hogei... urte egin nahi ditugu elkarrekin. Eskualdea egiten, euskara indarberritzen eta kalitatezko kazetaritza konprometitua egiten jarraitu nahi dugu. Eta horretarako zure laguntza behar dugu. Guk jarriko ditugu baliabideak, indarra eta lana, eta zuri babesa eskatzen dizugu. Ezin ahaztu, dena den, orain arte babestu gaituzuen guztiekin, ezin ahaztu Atarikideekin, iragarle guztiekin, Ataria etxez etxe, atariz atari edo herriz herri banatzen dutenekin, erakundeekin, gurean euren bizipen eta istorioak eskuzabal konpartitzen dituztenekin... Guztiok osatzen dugu Ataria, guztiok osatzen dugu komunitatea. Baina komunitate hori zabaltzen eta sendotzen jarraitu behar dugu, guztiok egin beharko dugu, gu prest gaude, eta zu?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!