Kazetariaren ametsak

Erabiltzailearen aurpegia Maite Artola 2023ko urr. 6a, 07:58
2013ko urriko irudian Feli Artano, Joxi Zabalaren ama, Maite Artolarekin elkarrizketan. EUSKADI IRRATIA

Gora begiratzen du maiz kazetariak amets egiten duenean. Botereari maskara erantzi nahiko lioke edo munduko injustiziak azalerazi.

Azken orduko puntako albisteak —breaking news— edo scoop-ak —primiziak— emateko grina aterako zaio oharkabean.

Ahal balu, Boston Globe-ko Spotlight taldean egingo luke lan edo denboran atzerago, Lou Grant-en erredakzioan.

Bolada baterako berriemaile ere joan nahiko luke, zenbat eta urrunago hobe. Izan Pekin, Mosku edo New York. Hutsik dagoen korrespontsaliarik aurkitu ezean balioko dio aldi baterako «bidali berezi»-aren sinadurak.

Behin, ordea, Asteasun Bernardo Atxagarekin osteratxoa egiten ari zela, geroztik askotan gogoratu duen arrazoia entzun zuen kazetariak: «Ez da egia New Yorkeko etxe-orratzen artean, baserri inguru honetan baino istorio gehiago dagoenik». Pello Errotaren idi itsuaren istorioa kontatu zion hantxe bertan kazetariari, hatzarekin Aiatik Asteasura datorren errepideko bihurgune bat erakusten zuen bitartean. Bihurgune hartako aldapa batean baitu bukaera istorioak.

(Oharra: agian egunen batean Ataria-ko lagunek eskatuko diote Atxagari istorioa konta dezan, soilik hark egin dezakeen moduan).

Segi diezaiodan, hala ere, hariari. Korrespontsalia exotikoekin amets egiten ari zen bitartean, Obaban edo Tolosaldean bertan istorio bikaina zuen kazetariak.

 

«Eskarmentuak erakutsi dio baita ere izen handiz osatutako agendarekin amets egiten zuen kazetariari, sona eta distira ez doazela beti eskutik»



Eskarmentuak erakutsi dio baita ere izen handiz osatutako agendarekin amets egiten zuen kazetariari, sona eta distira ez doazela beti eskutik.

Tolosako bere etxeko sukaldean hartu zuen Felik kazetaria, Lasa eta Zabalaren bahiketaren 25. urteurrenean —1983ko urriaren 15etik 16rako gauean bahitu zituzten—. Eskuartean Joxi semearen argazkia zuela salatu zuen Feli Artanok Euskadi Irratiaren mikrofono aurrean, kare biziak ezkutatu nahi izan zuena, apal bezain tinko.

Eta kazetaria orduantxe jabetu, etxe ataritik ere has zitekeela bere ametsa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!