Ospa dezagun, merezi dugu eta!

Erabiltzailearen aurpegia Inaki Olaetxea Amonarriz 2023ko urr. 6a, 14:59
Ataria egunkariaren lehen zenbakia Kilometroak 2013ko festan, Tolosan. A. OIARTZABAL

Denbora oso azkar pasatzen den sentsazioa askotan izaten dudan arren, duela hamar urteko kontuak dagoeneko oso urruti ikusten ditut, ez dirudi hamarkada bakarra pasa denik ere.

Egunkaria: gizarte zibilaren arrakasta liburuan, Torrealdairen lan egiteko ohiturak harrituta utzi ninduen, dena idazten baitzuen: bileren aktak, hark esandakoak eta beste hamaika kontu. Ni berriz, beste muturrekoa naiz, eta noski, orain, komeriak. Zer kontatu duela hamar urteko garaien inguruan?

Galtzaundi Euskara Taldea aldaketa garaian zegoen, eta bi helburu zehaztu genituen; alde batetik, eskualdeko proiektu komunikatibo indartsu bat sortzea; eta bestetik, euskara taldeari astindua eman eta eskualdera zabaltzea.

Ez dut ukatuko errezelo batzuk bazeudela bategitearen inguruan, baina, zorionez, mahaiaren bueltan geundenok ez genituen bizi izan aurreko kalapita haiek guztiak eta ondorioz, gure arteko bilerak uste baino errazago joan zirela esan daiteke. Azkenean, telebista ez zen proiektuan sartu, baina bileretan elkartzen ginenok beharrezkoa ikusten genuen indarrak batu eta eskualdeari euskarazko proiektu komunikatibo indartsuagoa eskaini beharra zegoela. Digitalizazioaren gaia ere puri-purian zegoen, eta ezinbestekoa zen multimedia proiektua izatea.

 

«'Ataria'-ri esker euskara sartzen da gure etxe, mugikor, irrati eta ordenagailuetan. Naturaltasunez ditugu edukiak euskaraz gure gailu horietan, eta euskararen normalizaziorako funtsezko baliabidea da»



Hamar urte ondoren, Ataria ezinbesteko tresna dugu eskualdea hobeto ezagutzeko. Ataria-ri esker euskara sartzen da gure etxe, mugikor, irrati eta ordenagailuetan. Naturaltasunez ditugu edukiak euskaraz gure gailu horietan, eta euskararen normalizaziorako funtsezko baliabidea da, horrenbestez. Tolosan lehenengo aldiz euskara da gehien entzuten den hizkuntza, eta horren atzetik talde eta norbanako askoren lana dago. Ataria-ren eragina ere ukaezina da lorpen horretan, berebiziko garrantzia duen erreminta da hizkuntza ohituren baitan, ustekabean, euskarara egindako jauzirik izango baita irakurle eta entzuleen artean egunerokoan euskaraz sorturiko albiste, iragarki, elkarrizketa horiek esku artean edukitzearen ondorioz.

Duela hamar urteko biharamuna ederra izan zen. Alde batetik, Kilometroak eguna primeran irten zelako eta Ahora oihukatu genuelako; eta bestetik, Ataria gure postontzietara iritsi zelako. Ekimen horiek, biak ala biak, hamaika euskaltzale eta lanari esker izan ziren hain arrakastatsu.

Ospa dezagun Ataria-ren hamargarren urteurrena, merezi dugu eta!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!