Estrategikoa

Erabiltzailearen aurpegia Eider Goenaga Lizaso 2023ko urr. 6a, 11:58
'Berria'-ko harpidedunek 'Ataria' enkartatuta jasotzen dute. N.R.A.

Tolosaldeak bazuen euskarazko herri aldizkari bat 1991tik: Galtzaundi-k betetzen zuen toki hori, ederki bete ere. Garai hartan, urtebete ere ez zeraman kalean Euskaldunon Egunkaria-k, eta nekeza zen euskarazko idatzizko prentsa euskaldunon etxeetara eramatearen esfortzua.

Albisteak eta erreportajeak euskaraz irakurtzeko ohitura bat sortzeko bidea urratu zutek biek ala biek. Eta bi horien elkarlanetik sortu zen 2001ean Tolosaldean Egunero, eskualdeko 28 herrietako etxeetara eguneroko maiztasunez banatuko zen egunkaria. Tolosaldeko Hitza izena hartu zuen, 2003an Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz Egunkaria itxi ondoren. Txolarre irratia, berriz, 2000tik ari zen bere seinalea aireratzen. Beraz, 2000ko hamarkadaren hasiera hartan Tolosaldeko biztanleok bagenituen eskura euskara hutsean jarduten zuten hiru herri hedabide, eta kazeta nazional bat.

Baina, euskarazko hedabideok beti ezinean eta arnasestuka eutsi izan diogu hedabide handien pauso erraldoien erritmoari. Txikitik jokatzen dugu beti. Eta txikitik eragitearen zama handia izan ohi da; ez ekonomikoa bakarrik. Interneten zabalpenak eta amaraun horrek izan duen bilakaerak, beste kokaleku batean jarri gaitu euskarazko hedabideak azken bi hamarkadetan. Txikitasun horretan galduta gelditzearen arriskuari aurre egin, eta erronka bilakatu da.

 

«Eta horren adibide da 'Ataria'. Bakoitzak beretik eta ito beharrean aritu beharrean, indarrak batzea eta hiruren artean ahulgune indargune bilakatzea lortu zuten»



Eta horren adibide da Ataria. Bakoitzak beretik eta ito beharrean aritu beharrean, indarrak batzea eta hiruren artean ahulgune indargune bilakatzea lortu zuten. Webgune indartsu bat, online zein uhinen bidez entzun daitekeen irrati bat, eguneroko paperekoa eta sareetako erreferentzialtasuna lortu ditu hamar urtean Ataria-k. Ez da makala egindako bidea! Zorionak, Ataria!

Baina euskarazko hedabideen etorkizuna hari batetik zintzilik dago oraindik ere, eta irautea bera arrakasta itzela da. Beraz, ezin da egindakoarekin bertan goxo gelditu. Tolosaldea arnasgunea izanagatik ere, ez dezagun geure burua engaina, hedabideen kontsumoa erdaretan egiten da nagusiki, eta dena online kontsumitzen den garaiotan inork bost minutuko arreta eskaintzea da arrakasta ia. Ortzi muga horretan, belaunaldi gazteak euskarara lotzea ezinbestekoa da, eta hedabideei eta euskarazko ekoizpenari eustea, estrategikoa. Guztion beharra dugu bide horretan: euskaltzale guztiena, harpidedunena, laguntzaileena, publizitatea jartzen dutenena eta, nola ez, administrazioena. Estrategikoa bada, ezin baita bazterreko gisa tratatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!