Hitz eginez, entzunez, esanez…

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Goikoetxea Azpeitia 2023ko urr. 6a, 15:59
Leire Zubeldia, Jon Miranda eta Igotz Alkorta Txolarren. ATARIA

Bi mila eta lauko uda izango zen, Zizurkilgo Andramari jaietako parranda gau batean. Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak hastear nintzen. Horretan ari zen Igotzen ahotik iritsi zitzaidan proposamena: ea berarekin eta kazetaritza ikasten ari zen Leire lagunarekin Txolarre Irratian programa bat egitera animatuko ote nintzen. Baiezkoa eman nuen; eta oharkabean, gauza askori esan nien baietz.

Gogoan ditut Anoetatik Alkizara bidean zegoen egoitzan pasatzen genituen larunbat goizak. Aukera genuenean egun gehiago ere izaten ziren. Eskailerak igo eta leihorik gabeko gela handi batek, erredakzio txiki batek eta estudioak osatzen zuten Txolarre. Han egoten zen Jon. Berak trebatu gintuen hango soinu mahaia erabiltzen eta jada zaharkituak geratu diren soinu programei ahalik eta etekin handiena ateratzen.

Garai hartan bakarrik izaten zen Jon; pertseberantziaz lanean, beti irribarrez eta adeitsu. Bazituen lehiaketara deitzen zioten entzule leialak, irratia barrutik ikustera joaten ziren ikasleak edota saioak egitera joaten ziren kolaboratzaileak. Hitz eginez, entzunez, esanez,… kantua ere bazuen irratiak, Ezein taldearena. Herriari eman eta herriarengandik jasotzen zuen hedabidea zen Txolarre.

Igotz, Leire, Joxemi, Ainhoa, Imanol, Jon… lagun talde ederra ekarri zidan txolarrearen leihorik gabeko habiak; leihorik gabea izanagatik mundu berria ireki zidan. Zenbat elkarrizketa, iritzi trukaketa, entzun eta eman, eman eta entzun; eta ikasi, asko ikasi.

Bestelako esperientziak ere bai: amaigabeko txandak Ibarrako jaietako txosnan edota Leidorreko bertso jaialdiko kartel bertikal luze haiei hainbat herritako paretetan tokia egiteko komeriak. Zirrara eragiten du orduan sortutako ekimenak oraindik ere aretoa betetzen duela ikusteak.

Ataria ere hurbiletik jarraitu dut. Lehen hilabeteetan han lanean, Ainhoa orduko zuzendaria lemazain zela. Profesional aparta, ez zuen nolanahiko erronka izan: Galtzaundi-tik, Hitza-tik eta Txolarretik zetozen hiru lantalde, hedabide, lan modu eta baldintzatatik bat abiatzea. Baina abiatu ez ezik egin du bidea: erreferente bilakatu ere bai tokian tokiko hedabideak bateratzeko ereduan.

 

«Egin ditzala beste horrenbeste. Txolarrek herrigintzan eta euskalgintzan ekarpena egin nezakeela erakutsi zidan bezala, beste horrenbeste erakutsi dezala. Zorionak, 'Tolosaldeko Ataria'»



Egin ditzala beste horrenbeste. Txolarrek herrigintzan eta euskalgintzan ekarpena egin nezakeela erakutsi zidan bezala, beste horrenbeste erakutsi dezala. Zorionak, Tolosaldeko Ataria!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!