Zizurkilgo estazio meteorologikoa da beroena

Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 20a, 07:58

Zizurkil estazioa

Zizurkilgoa da eskualdeko zazpi estazio meteorologikoetan bero handiena neurtu duena, urtero batez bestekotik gora.

Tolosaldean eguraldiari lotutako hainbat datu hartzen dituzten zazpi estazio meteorologikoetako bat da Zizurkilgoa. Zizurkilen dago, 149 metroko altueran. Zizurkilgo estazioan jasotako tenperatura datuen lanketa egiterakoan aipatu behar da guztia Euskalmetetik jasotako datuetan oinarrituta egin dela eta zenbait hilabeteetako datuak ez direla agertzen.

21 urtetan lehen postuan

Eskualdeko zazpi estazioen artean, garaiera kontuan hartuta, erdi-erdian kokatzen da Zizurkilgo estazio meteorologikoa, 149 metroko garaieran. Hala ere, tenperatura bero eta hotzetan garaierak garrantzia duela uste bada ere, beti ez da horrela izaten. Esan liteke, kokalekuak eta bertako klimak zerikusi handia izaten dutela datuetan. Hori da hain justu, Zizurkilgoan ikus daitekeena. Azken 22 urteetako datuak aztertuta, estazio honetan jaso dira batez besteko tenperatura beroenak 21 urtetan. Falta den urtean aldiz, 2015ean, Alegiakoa, garaiera bajuenean dagoena, dago lehen postuan, batez bestekoan 0,17 graduko aldearekin.

 

Eskualdeko batez bestekotik gora

2001. urtetik 2022rako eskualdeko tenperaturaren batez bestekoarekin Zizurkilgoa konparatzen badugu, urte guztietan azken hori gailentzen dela ikusten da. Urtero gainera, bi gradu inguruko aldea dago.

 

Tenperaturan berezitasunik ez

Azken 18 urteetako batez besteko tenperatura datuen grafikoa egiten badugu, Zizurkilgo estazioan berezitasun handirik ez dagoela ikusten da. Urtearen erdian, ekainetik urrira, egiten du berorik handiena. Abuztua da historikoki bero handienak jaso dituen hilabetea, nahiz eta uztaileko zenbait egun ere nabarmentzeko modukoak izan. 2006 eta 2013 uztailetan erregistratu ziren batez besteko berorik handienak, 22,2 gradukoak, hain zuzen ere.

Hotzera joanda berriz, urtarrila da hilabeterik hotzena, baina beroan bezala, hemen ere otsailean neurtu ziren hilabeterik hotzenak. 2012ko otsaila izan zen Zizurkilgo historiako hotz handiena erregistratu zen hilabetea, 4,4 gradu. Ondorengoa, 2005eko otsaila izan zen, 4,8 gradurekin.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!