Azken 22 urteetako tenperaturaren bilakaera

Ataria 2023ko aza. 20a, 07:59

Tenperatura datuak biltzen dituen gailua

Tolosaldean eguraldiari lotutako hainbat datu hartzen dituzten zazpi estazio meteorologiko daude. Tenperaturari dagokion datua da horietako bat eta horren lanketa egin du Atariak jarraian. Aipatu behar da guztia Euskalmetetik jasotako datuetan oinarrituta egin dela eta zenbait hilabeteetako datuak ez direla ageri.

Zazpi estazio horiek eskualdeko sei herritan daude, bakoitza garaiera jakin batean:

  • Alegia estazioa: Alegian dago, 90 metroko altueran.
  • Ameraun estazioa: Berastegin dago, 285 metroko altueran.
  • Araxes estazioa: Lizartzan dago, 141 metroko altueran.
  • Belauntza estazioa: Belauntzan dago, 105 metroko altueran.
  • Berastegi estazioa: Berastegin kokatua dago, 378 metroko altueran.
  • Bidania estazioa: Bidania-Goiatzen dago, 592 metroko altueran.
  • Zizurkil estazioa: Zizurkilen dago, 149 metroko altueran.

Zizurkil beroena eta Belauntza hotzena

Altuerak tenperaturan zerikusia duela uste den arren, ez da beti horrela izaten. Estazio bakoitzaren kokalekuak eta bertako klimak zerikusi handia izaten du. Eskualdeari begiratuta, Alegiakoa da estaziorik baxuena (90 metroko altueran) eta altuena Bidaniakoa (592 metrora). Dena den, ez bata eta ez bestea ez dira tenperatura beroenak eta hotzenak ematen dituztenak.

Azken 22 urteetako datuetan argi ikusten da Zizurkilen kokatutako estazioan jaso direla batez besteko tenperatura altuenak, 21 urtetan bera baitago lehen postuan. Falta den urtean, aldiz, 2015ean, Alegiakoa dago lehen postuan, batez bestekoan 0,17 graduko aldearekin.

Beste aldera joanda, berriz, hotzenaren kasuan, Belauntzakoa nabarmendu behar da. Honen datuak 2007tik 2022ra bitartekoak dira eta guztietan du tenperaturarik hotzena. Hurrengoa 487 metro gorago dagoena da, Bidania-Goiazkoa, nahiz eta urte batzuetan Berastegiko biak ere badauden: Berastegikoa bi urtetan eta Ameraungoa urte bakarrean.

 

Ibilbide bera

Azken hiru urteetako datuetara mugatzen bagara, 2020tik 2022rakoetan, eskualdeko zazpi estazioetako batez besteko tenperaturen ibilbidea oso antzekoa izan da. Hilabetez hilabeteko datuak eta estazioetan jasotakoen araberako lekuak ere ia berdinak dira. Honekin, gradu batzuetako aldea badago ere, eskualdeko tenperatura antzekoa dela esan daiteke.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!