ELKARRIZKETA

Espetxea eta zaintza

Jon Miranda Labaien 2021ko aza. 14a, 07:57

Gotzone Ijurko Esnaola eta Maite Ortiz Garcia Tolosako San Esteban auzoan. J. MIRANDA

Urteetan barrenean korapilatuta izan dituzten bizipenak askatzeko gonbidapena egin die Tolosaldeko Atariak Maite Ortiz Garciari eta Gotzone Ijurko Esnaolari. Bigarren lerroan, sostenguan eta zaintzan jardun duten bi emakumeren ahotsek hartu dute erdigunea. Errelatoa aberastera datoz.

Musikak barrenak mugiarazten dizkie Maite Ortiz Garciari eta Gotzone Ijurko Esnaolari. Biek aitortu dute, esate baterako, Mikel Laboaren doinuak entzunez malko asko isuri izan dituztela, euren senideak kartzelan bisitatzetik bueltan. Orduko hartan isilean gordetakoak ahoz gora konpartitzeko eskatu eta batak besteari hitza hartuz osatu dute kontakizuna. 

Gotzone Ijurko Esnaola

 

Txarama, 1948. Mustad enpresan eta Txaramako paper fabrikako langile izandakoa, Ibarrako ikastolako garbitzaile jardun du azkeneko urteetan erretiroa hartu duen arte. Herri Gaztedin eta ORT alderdian abiatu zuen militantzia eta gaur egun bizilekua duen Gazteluko zinegotzia da egun. Bikotea eta seme-alabak izan ditu preso garai ezberdinetan. Gaur egun, Tolosako Asanblada Feministan dabil.

 

Maite Ortiz Garcia

 

Amasa-Villabona, 1951. Gazterik hasi zen militantzian eta polizia operazio batean atxilotu zuten 1986an. Zortzi hilabete eman zituen preso Carabanchelen. Villabonako Kale Nagusian janari denda batean egin du lan, duela zazpi urte erretiroa hartu zuen arte. Bere bikoteak 11 urte eman zituen deportatuta Mexikon eta 15 kartzelan. Oskar semeak ia 20 urte daramatza preso. Lurgatz taldeko kidea da. 

 

Kartzelaz

Maite Ortiz. 1986an atxilotu eta espetxeratu ninduten Carabanchelen. Nire bikotekideak, Pello Zelarainek, ihes egin zuen eta gure seme-alabek amonarekin geratu behar izan zuten. Umeak bakarrik uztea oso-oso gogorra izan zen. 13-14 urte izango zituzten, eta berez adin zaila izaten bada, pentsa ezazu egoera horretan! Bakarrik uzten dituzu eta ez dakizu nola moldatuko diren amonarekin eta nola onartuko duten egoera hori. Abandonatuta sentituko ote zirenaren beldurra nuen.

Maite Ortiz Garcia eta Gotzone Ijurko Esnaola Tolosako San Esteban auzoan. JON MIRANDA

Gotzone Ijurko. Askotan denboraren nozioa ere galdu egiten dut eta sinestezina egiten zait hainbeste urte pasa izana. 1968an nire bikotekidea atxilotu zuten lehengo aldi hartatik zurrunbilo honetan sartuta nagoela iruditzen zait. Kartzela eta bere bueltako guztia izan dela nire bizitza. Ezkondu eta bost egunera eraman zuten senarra.

Ortiz. Zeinek esan ordutik hainbeste gauza pasa direnik. Nik, dena den, gauza asko atzenduta dauzkat. Ez dizkiot gaiari buelta asko ematen.

Maite Ortiz: «Indar handi batek bultzatzen ninduen, bestela ez da posible  kemena biltzea»

Ijurko. Niri, berriz, irudi horiek askotan etortzen zaizkit burura. Senarra espetxean eduki zuten lehenengo aldi hartan Jaenen izan zuten. Seat 600 batekin ibiltzen nintzen atzera eta aurrera. Txaramatik irten gabea nintzen sekula eta Jaeneraino joaten nintzen bisitan, ni txofer. Askotan bidea negarrez egiten nuen. Madrilera iritsi eta galduta ibiltzen nintzen; hiritik ateratzeko, taxilari bati galdetu behar izaten nion bidea erakuts ziezadan. Horrelaxe ibiltzen ginen.

Ortiz. Guk saltoki bat geneukan Villabonan eta horregatik larunbatak aprobetxatu behar izaten nituen bisitak egiteko. Bakar-bakarrik joaten nintzen Frantziara, frantsesez tutik jakin gabe. Tentsio handiarekin bizi izaten nuen bidaia. Nik gainera kolon narritakorra daukat eta komunera maiz joan behar izaten dut. Orain pentsatzen jartzen naiz eta esaten diot neure buruari: «Nola joaten nintzen ni haraino?». Ateratzen dudan konklusioa da, joan behar zen tokira joaten nintzela eta beste guztiak berdin ziola. Barruan sentitzen genuen indar handi batek bultzatzen ninduen, bestela ez da posible hainbeste gauzei aurre egiteko kemena biltzea. Mexikon deportatuta 11 urte pasatu zituen nire senarrak eta 15 kartzelan. Mexikon zegoela umeak hemen utzi eta harekin hilabete bat pasatzera joaten nintzen. Alaba uzten nuen dendaren kargu. Erantzukizun handia izan du gaztetatik alabak. Tokatzen ez zitzaizkion ardurak hartu behar izan zituen egoera horrelakoxea zelako.

Ijurko. Asko pasa dugu guk eta baita gure seme-alabek. Ni zortzi egunetan ezer gabe geratu nintzen. Gure etxea prezintatuta, semea ere etxe gabe, senarra beste aldean eta alaba sasian. Gero semea atxilotu zuten. Kalean geratu nintzen bakar-bakarrik.

Ortiz. Gogorra da bai. Seme-alaben klandestinitatea eramaten oso zaila da. Atxilotzen duten unean sentitzen duzun lasaitua esplikatzea ez da erraza. Gutxienez badakizu non dagoen, gainetik zama bat kenduko bazenu bezala da.

Ijurko. Ni Parisen martxa batean nengoen. Gogoan daukat jende asko inguratu zitzaidala Maite atxilotu zutela esateko. Nik halako hasperen bat egin nuen. Jendeak pentsatuko zuen jota nengoela, baina gutxienez banekien alaba non neukan. Lasaitasuna sentitu nuen.

Ortiz. Kartzelak gauza txar asko ditu, baina den-dena ere ez da txarra. Nik espetxean eman nituen hilabeteez oroitzapen onak gordetzen ditut. Kideen arteko elkartasuna dut bereziki gogoan eta momentu onak ere bai. Horrelakoei eskerrak irauten du presoak barruan.

Ijurko. Nik, berriz, askotan faltan botatzen ditut seme-alabak kartzela barruan zeudeneko besarkada haiek. Guk daukagun guztia eman diegu barruan egon diren bitartean baina haiek ere itzuli digute maitasuna.

Carabancheleko kartzelan Maite Ortiz, 1987an, beheko ilaran makurtuta ezkerretik bigarrena. ATARIA 

Ortiz. Barruan daudenean ama izaten dute kanpoarekiko konexioa. Behar duten guztia ematen diegu eta bueltan ere musuak eta besarkadak jasotzen ditugu. Hori oso polita da. Nik, Oskarrekin ikusten dut orain. Ia hogei urte daramatza preso eta oso harreman berezia dugu elkarrekin.

Ijurko. Nire familia osoa atxilotu eta desagertu zenean oso gaizki geratu nintzen, egoerari eutsi ahal izateko botiken beharra izaten nuen eta egoera hartatik semeak salbatu ninduen neurri batean. Kartzelan sartu zutenean eta lehen bisean bisekoa edukitzeko aukera eman ziotenean, nirekin egotea eskatu zuen. «Ama, ez etorri gehiago», esan zidan Ibonek, negarrez. «Aita falta dut, arreba ere bai eta begira nola zauden zu; ez zaitut horrela ikusi nahi». Semearen hitzek aurrera ateratzeko adorea eman zidaten eta buelta eman nion egoerari. Gauza asko partekatu ditugu gure seme-alabekin eta hori, neurri batean, bizi izan dugun egoeragatik izan da. Bere gordinean ederra izan da.

Errepresioaz

Ijurko. Errepresioaren beldur hori izan da niretzat okerrena urte guztiotan. Baionatik Txaramara nentorrela Andoain parean Guardia Zibilak geratu nindutenekoa dut gogoan, adibidez. A ze beldurra! Ez dut sekula ahaztuko. Bakarrik nentorren.

Ortiz. Bai, egoera horiek dira okerrenak, etxera sartzen zaizkizunean armaz leporaino. Dena hankaz gora uzten dizute. Ni 1986an atxilotu nindutenean torturatu egin ninduten. Dagoeneko ez dut presente. Nahiago dut ez pentsatu. Gertatutakoa atzean uzteko zortea izan dudala uste dut. Beste buruhauste batzuk izan ditut eta ez naiz torturen kontuarekin zentratuta egon. Pentsatzen dut bizirauteko nire mekanismoa izan dela hori. Oso aldi bakanetan etortzen zait gogora. 

Ijurko. Niri ez zait buruan sartzen torturarena. Nire etsairik handiena ere ez nuke behin ere torturatuko. Nolakoa behar du izan pertsona batek hori egiteko? Askotan pentsatzen dut horrelako tratua emateko gai denak, bere seme-alabak eta bikoteak ere torturatuko dituela. Bestela ez da posible.

Ortiz. Niri poltsa jartzen zidaten eta umiliatu egin ninduten emakume bezala. Komandoetatik pasatu diren guztien puta ote nintzen galdetzen zidaten. Min ematen dute horrelako irainek.

Ijurko. Semea atxilotu zutenean ere mehatxu horiek egiten zioten arrebarekin. Guardia Zibilen ilobak izango zituela esaten zioten, Maite bortxatuko zutela iradokiz. Haien gerrarako erabiltzen gaituzte emakumeak.

Ortiz. Bada esaera bat esaten duena ezin dela gerrarik irabazi emakumerik gabe. Askotan etortzen zait burura eta egokia iruditzen zait. Lehen lerroan ez bada ere, sostengu lan horregatik ez balitz, nekez atera daiteke borroka aurrera. Nik sentitzen dut bizitzan baliozko zerbait egin dudala. Egia da gauza asko pasatzea tokatu zaigula eta aukera eman izan baligute, nik behintzat, ez nukeela hori aukeratuko. Baina gero, etorri zaigun horri erantzuten jakin dugula sentitzen dut; adorez egin diogula aurre egoerari.

Ijurko. Oso militanteak izan garela uste dut. Nire kasuan, Jokin, Maite eta Ibon pasa dira kartzelatik, baina nire lana ere ezinbestekoa izan dela pentsatzen dut. Ni harro nago egin dudan bideaz. Bigarren, hirugarren edo laugarren lerroan, baina borroka baten parte izan gara. Euskal Herrian hainbeste gauza lortu badira eta aurrera egin badugu izan da, guk bezalaxe, beste jende askok egin duelako ekarpena, bigarren, hirugarren edo laugarren lerro horretatik.

Ortiz. Borroka egiteak salbatu gaitu.

Ijurko. Bestalde, gertatu zaizkigun gauza onak ere oso modu intentsuan bizi izan ditugu. Guretzako, adibidez, biloben jaiotza gauza handia izan da. Nik nire artean pentsatzen nuen: «Tokatu zaidan familia honekin, akabo, bilobarik ez dut sekula izango». Ez nuen pentsatzen etorriko zirenik eta orain bi bilobekin zoratuta nabil.

Ortiz. Nik lau biloba dauzkat. Bizipoz handia dira aitona-amonontzat.

Ijurko. Bilobak eta inguruan izan dugun jende zoragarri hori dena.

Elkartasunaz

Ortiz. Haiek gabe ezin izango ginatekeen aurrera atera. Oso eskertuta nago, behin ere ez garelako bakarrik sentitu. Laguntza hori gabe ezin izango ginateke aurrera atera. Izan ere, gauza asko dira kontuan hartu beharrekoak. Besteak beste zenbateko gastua suposatu digun senideoi dispertsioak. Odoluste bat izan da. Eskerrak jendeak asko lagundu digun.

Ijurko. Nik esan beharra daukat laguntza jaso dudala. Denda batera joan eta alaba kartzelan nuela esaten banien, merkeago kobratzen zidaten edo eskatutakoa baino gehiago ematen zidaten. Baten batek esango du lotsagabea naizela, baina nik ez dut behin ere ezkutatu egoera. Iruditzen zitzaidan jendeari kontatuta, ikusgaitasuna lortzen genuela.

Ortiz. Ezagutzen nauten dendetan ere niri harrera ona egin didate eta babestuta sentitu izan naiz. Ez gaituzte baztertu izan. Nahiz eta gure pentsamolde berdinekoak izan ez, beti tratu ona eman digute herrian. Bakarren batek kasu egiteari utziko zion, baina oso gutxi izan dira jarrera hori hartu dutenak. Sentsibilitate gutxiko jendea bazter guztietan dago eta kontzientziaduna ere bai. Alde guztietan.

Ijurko. Inguruan izan dugun laguntza eta babesagatik atera gara aurrera. Gu ez gara aparteko ezer izan. Jende asko sentitu dut inguruan. Gure jendea eta gurea ez dena ere bai. Horri eskerrak egin du aurrera Euskal Herriak. Elkartasunagatik.

Ortiz. Familia handi bat osatu dugula iruditzen zait.

Ijurko. Tristea da esatea baina kartzelagatik lagunartea irabazi genuen. Mirentxinen bitartez ezagutu dugun jende zoragarria, adibidez. Frantziara joan behar izan genuen urteetan Etxeratek autobusak antolatzen zituen eta guretzako lasaitasun handia izaten zen. Babestuta sentitzen ginen. Bagenekien nondik nora ibili eta elkarrekin ikasten genuen bidea. Gero atzetik zetozenei erakusten genien.

Ortiz. Egindako borroka guztiak merezi izan duela iruditzen zait. Ni ere harro nago. Asko pasa dugu baina betetasuna sentitzen dut.

Ijurko. Eta gero, izan ditugun seme-alabak... Nolakoak diren ikusteak harrotasunez betetzen gaitu.

Ortiz. Bai, transmisio lan hori egin dugula iruditzen zait. Ni kartzelan nengoen bitartean saiatzen nintzen seme-alabei esplikatzen zergatik nengoen ni kartzelan eta aita ihes eginda. Zergatia esplikatzen nien, gaizki sentitu ez zitezen. Uste dut balio izan ziela.

Ijurko. Gu biok, eta Euskal Herriko beste emakume asko, borroka baten transmititzaile izan gara. Ikusi besterik ez dago: kartzeletako atarietan, gehienbat, emakumeak egoten gara.

Ortiz. Karga hori guk eraman dugula esango nuke. Amek, arrebek, alabek, neska-lagunek... emakumeak eraman du zama, dudarik gabe. Gu izan gara paketeak prestatu, bisitak antolatu, deiak egin eta guztia kudeatzeaz arduratu garenak.

Ijurko. Uste dut hori guztia egin dugula borroka honetan parte aktiboa sentitu garelako. Bestela ez genuke egingo. Bestela haizea hartzera bidaliko genituzke denak. Zeren une batean, ni behintzat sentitu nintzen abandonatuta. «Hauek hartu dute erabakia, niri ezer esan gabe eta orain hemen utzi naute bakarrik». Nire senideekin haserre ere egon nintzen, eta Jokini, bereziki, asko sufriarazi nion. Nik badakit berak borroka oso presente duela, eta bere bizitzako egun guzti-guztiak emango dituela herri honen alde. Baina hortik ni bakarrik uztera... «Hau azala dutena hauek», pentsatzen nuen nire baitan. «Ni bakarrik utzi naute eta orain nola atera behar dut nik aurrera?». Denak desagertu zirenean oso gaizki pasa nuen. Barruan izugarrizko amorrazioa nuen eta Jokinekin ordaintzen nuen. Errudun bat behar nuen eta bera bakarrik nuen eskura.

Ortiz. Gauza horiek pasatzen dira. Beroaldian esaten dira eta egoeraren estutasunak berak bultzatuta. Baina ze kristo, horiexek izan dira gure bizipenak eta sentimenduak. Testuinguru horretan ez zitzaigun sentitzen genuen hori adierazteko aukerarik ematen eta guk geure burua zentsuratu egiten genuen, ez ginen horrelakoak esatera ausartzen gaizki hartuko zirelakoan.

Ijurko. «Gizon gizagaixoak, herri honen alde dena ematen ari dira eta zuek kritikatu egiten dituzue». Horrelakoak esango zizkigutenaren beldurrez, isildu egiten ginen eta ez genion geure buruari haserretzeko baimenik ematen. Urteotan gauza hauek ezin konpartitu ahal izatea gogorra izan da.

Ortiz. Kontraesan horiek asumitu egin behar izan ditugu. Atzera begiratzen duzu eta zeure buruari galdetzen diozu nola egin dituzun zenbait gauza. Are gehiago, nola jarraitzen duzun, gaur ere, zenbait gauza egiten. 

Ijurko. Nik inoiz jarri izan dut balantzan. Alderantziz izan balitz? Ni haien alboan egon naizen bezala, haiek egongo lirateke nire alboan? Nire bikotekideak erantzungo luke nik erantzun dudan gisan? Seme-alabak izango genituzkeen, ni izan banintz beste aldean zegoena? Egia zor, gizon zoragarriak izan dira ondoan izan ditugunak, daukaten guztia eman diote herri honi, baina denborarekin jabetzen zara kontraesanez beteta gaudela gu ere. Feminista bezala galdera asko egiten dizkiot neure buruari.

Ortiz. Gauza asko geuretzako gorde ditugu. Isilean eta bakarrik pasa ditugu.

Feminismoaz

Ijurko. Nik beti izan dut kontzientzia feminista, zehazki jakin gabe zer zen. Familia handi baten senide zaharrena izan naiz eta horrek zerikusia izango duela pentsatzen dut.

Ortiz. Nik ez dut kontzientzia hori izan berandu arte, egia esan. Nahikoa banuen egoerari erantzun beharrarekin. Ez nintzen asko arduratzen. Ez da kontrako jarrera nuenik, baina garai hartako gure borroketan ez geneukan feminismoa presente. Gero, urteak aurrera egin ahala kontzientzia piztu zitzaidan. Feminismora halabeharrak bultzatuta iritsi naizela esango nuke.

Maite Ortiz: «Gauza asko geuretzako gorde ditugu.  Isilean eta bakarrik pasa ditugu» 

Ijurko. ORTko militante izan nintzen bere garaian eta han ere feminismoaren arloan mugitu nintzen. Gero maila sindikalean ere jardun izan dut. Enpresetan lan egiteak emakumeen lan eskubideen alde borroka egitea zekarren. Hori izan da gure bizitza.

Ortiz. Eta bizitza horri esker egin dugu bidea feminismoraino. Pentsatzen dut asko ikasi dugula eta asko ahaldundu garela kartzelari eskerrak. 

Ijurko Emakumeen Mundu Martxan, 2020an Euskal Herriko V. nazioarteko ekintzari hasiera ematen Irun-Hendaiako zubian. ATARIA

Ijurko. Pello kartzelatik atera zenean ikusten nituen Maite eta biak elkarrekin eta bikote hasiberria ziruditen. Inbidia handia ematen zidaten.

Ortiz. Jende askok esan izan digu hori. Zorionez elkar asko maite izan dugu eta oraindik ere elkar asko maite dugu eta hori zorte izugarria da. 

Gotzone Ijurko: «Ez genion geure buruari  haserretzeko  baimenik  ematen» 

Ijurko. Guk ere bai, baina bolada txarrak ere pasa izan ditugu. Unerik txarrenetan senarra hartzen nuen guztiaren errudun. Zorionez gauzak denborarekin baretzen joaten dira eta buelta ematen diozu. 

Ortiz. Denborak gauza asko sendatzen ditu eta bikoteetan ere horrela gertatzen da. Elkarbizitza ez da erraza preso egon den pertsona batekin. Urteetan mundutik erabat aparte bizi izan dira eta kanpoko martxa zein den ez dakite. Kalera ateratzen direnean nabari zaie hori. Denbora bat behar izaten da egoera berrira egokitzeko. Nire kasuan, urte asko eman nituen bakarrik, gero bikotea etortzerakoan tarte bat behar izan nuen bizimodu berrira egiteko. 

Ijurko. Guri ere pasa zaigu alabarekin, baina bide batez, berari eskerrak mundu berriak ere zabaldu zaizkit. Neure buruan zalantza jartzea da feminismoarekin ikasi dudan gauzetako bat. Eta oraindik ere horretan jarraitzen dut. Gaur egun eztabaida asko daude feminismoaren barruan: prostituzioa dela, trans legea dela... Alabarekin askotan diskutitzen dut gai horien inguruan. Ni beti laguntzeko eta ikasteko prest nago, baina zenbait borroka dagoeneko ez ditut hain nireak sentitzen. Atzetik datozenak egin beharko dituzte.

Ortiz. Uste dut beste mentalitate bat dugula. Nik feminista gazteagoak entzuten ditut eta harrituta geratzen naiz, gauzak zeinen ezberdin ulertzen dituzten ikusita. Baina niri izugarri gustatzen zait hori, zoratzen egoten naiz neska gazteagoekin. Hor ikusten dut neure burua: entzuten eta alboan egoten. Begirada zabaltzeko balio dit mugimendu feministan parte hartzeak.

Ondorenaz

Ijurko. Gertatutako guztiak utzi du bere ondorena. Gorputzak badaki hori. Estres handia daukat. Estres traumatikoa dela esan didate eta pentsatzen dut tratamenduan jarri beharko dudala. Askotan gertatzen zait hitz egin nahi eta ezina. Nik oraindik belarrian irratia dudala hartzen dut lo. Behar dut zerbait entzun lo hartzeko, bestela burua bueltaka ibiltzen zait.

Ortiz. Urte batzuk beharko ditugu gauzak baretu daitezen. Lehen ere esan dut, ni zorionez oso pertsona lasaia naizela eta ez dizkiodala buelta asko ematen. Adibidez, biktima hitzarekin ez naiz identifikatuta sentitzen. Asko jota, egoera jakin eta garai konkretu baten biktima izan naizela esan dezaket.

Gotzone Ijurko: «Hori guztia egin dugu borroka honetan parte aktibo sentitu garelako» 

Ijurko. Aukeratu gabe, tokatu zaigun egoera baten biktima izan gara. Esate baterako dispertsioarena. Legezkoa ez den egoera bat tragatu behar izan dugu oso-osorik, guk nahi gabe.

Ortiz. Biktimak izango ginen, baina ez gara biktimismoan erori. Egoera hori onartu dugu, kontziente gara non eta zertarako gauden, eta aurre egin diogu. Uste dut hori dela gakoa.

Ijurko. Ez da erraza askotan bestearen larruan sartzea. Baina elkarbizitzan aurrera egin nahi badugu ezin diegu ondorengoei gorrotoa transmititu. Gorrotoarekin ez goaz inora.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!