Kartzelatik pasa diren lagun asko ditut alboan, egunerokoan kartzela geure bizitzaren parte da. Askotarikoak diren arrazoi sozialak zein politikoak daude gure lagunen gatibutzaren oinarrian eta haietako bat bera ere ez dut ezagutu kartzelan birgizarteratu denik, kalean, askatasunean, bizitzan baino, laguntza handiarekin, familiaren babesarekin. Eta etortzeko daudenak ere kalean aske birgizarteratuko dira, inoiz abandonatu ez duten gizartean, hain justu, inoiz bizkar eman ez dien herrian, aske bizitzen eta ametsetan.
Kartzelak, estatuek eraikitzen dituzten beste hainbat egitura hierarkiko bezala, gure gizarte eremuan dauden botere harremanak erreproduzitu eta zabaltzeko dispositibo antolatu eta punitiboak dira, zigorra eta mendekua dute oinarri. Pelikuletako iruditeriaz harago kartzela eremu ilun, zigortzaile eta menperatzailea da, dependentziak dituena are eta dependenteago bihurtzen den eremua, zaurgarria dena are eta zaurgarriago bihurtzeraino. Drogazaleak droga erraz aurkitzen duen tokia, jatekoa lortzen zaila duten pertsonen bizibidea, negozioa… gauza asko gertatzen dira kartzelan, baina ez dira ikusten, ilunpean daudelako. Kartzelak genero arrakala modu gordinean erreproduzitu ez ezik, emakumeak modu berezi eta espezifikoan zigortzen ditu. Ez dago emakumeei zuzendutako espetxerik, gizonezkoentzat diren eremuetan, emakumeak kokatzen dira, beti gutxiago eta zigor bikoitza pairatuaz.
Kartzela guztiak ez dira berdinak, pertsona eta espazioak berdinak ez diren moduan. Baina kartzela politikak estatu politikak dira; hau da, kartzelak kudeatzeko botere judizial, mediatiko zein politikoak bat egiten dute eta gizarte errealitatearen neurriko espetxeak eraikitzen dira. Espainiar espetxe politikak espainiar errealitate sozial eta kulturalaren argazkia eskaintzen du...
Esadazu ze eskola eta kartzela eredu dituzun eta esango dizut zein gizarte argazkia duzun! Espazio itxi horietan gertatzen dena eta bertan garatzen diren praktikak (gradu progresioak, baldintzapeneko askatasuna, lan baldintzak…), zio eta helburuak dituzte, hori aurrera eramaten duten pertsonak horretarako trebatuak izan dira (funtzionarioak, psikologoak, asistenteak, poliziak, zerbitzuburuak...). Zaintza penitentziarioaz, zigorrak betetzeaz, arduratzen den epaileak, agintzen du. Eta zein kasualitatea, epaile hori euskal presoen kasuan Auzitegi Nazionalean kokatzen da.
Espainiako Estatuak garatzen duen espetxe politikaren logika Rafael Verak ondo deskribatu duen gerra testuinguruan aurrera eraman den politika zehatz bat da, mendekuan oinarritutakoa, pertsonak zigortzea helburu duena, gaizkilea makurrarazi, zigorraren bitartez.
Zigortu behar denean norbanakoa eta bere testuinguru soziala kontuan hartu behar da. Beste espetxe politika bat esaten dugunean, nire ustetan, zigorraren logikatik aldendu eta norbanakoak, haien bizitzak errekonozitu, baloratu eta zaurgarritasuna aitortzetik hasten da. Zigor politikak, arlo sozialean, bere horretan ez du inoiz delinkuentzia neutralizatzea lortu. Politikoan, berriz, dispertsio politikak esaterako ez ditu inoiz bere helburuak erdietsi. Hori bai, bietan min egitea zen helburua eta lortu dute. Hildakoak tartean. Noski hori errelatotik kanpo geratzen diren kontuak dira, bizitza denak ez dutelako berdin balio.
ETA erakunde armatuak hamar urte bere jarduera armatua utzi zuela berriki ospatu den garaiotan espetxeko politika berezia aplikatzen zaie oraindik euskal preso politikoei, legedi arruntak kontrakoa badio ere, euskal preso politikoei beste lege arau bat aplikatzen zaie, legearen interpretazio zehatzak egiten dira. Espejel epaileak berak bere curriculum gorespena egiteko euskal presoekiko gogorkeria azpimarratu du, epaile super izarra da horri esker. Hamarkadak igaro dituzte terrorista hutsak zirela eta legearen pisua aplikatzeko eskatzen eta hara nondik haien errelatoa bera sinetsi ezina bihurtu die Vera jaunak.
Kartzelak ez dauka bihotzik (Jule Goikoetxea). Kartzela giza kontenedore antolatua da. Gizakia apailatzeko espazio iluna izatetik uzteko ordea, beste kartzela politika bat behar da; pertsonak eta bizitzak erdigunean jarriko dituen politika sozial abangoardista baten altzoan eraiki beharko da. Pertsonak, subjektu politikoak direla onartzetik hasita, bizitza duin bat izateko eskubidea bermatuko dien trantsitu bat egiten lagunduaz, bizitzarako bide bat, horretarako baliabideak eta prozesuak eraikiz. Giza kontenedoreak sortu baino giza aukerak sortzeko erakunde resozializadoreak behar ditugu.