Oroigarri onenaren bila

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 23a, 07:57

Iaz egiterik izan ez bagenuen ere, aurten berriro antolatu dugu Udako Argazki Lehiaketa. Eskualdeko herritarrek, irailaren 19a baino lehen bidali beharko dituzte udan zehar ateratako irudiak; irailaren 21ean hasiko da bozketa, eta urriaren 8an jakinaraziko ditugu saridunak.

Beste urte batez, Udako Argazki Lehiaketa jarri du martxan Tolosaldeko Ataria-k. Gaurtik hasi, eta irailaren 19ra bitarte, nahi adina argazki bidali ditzakete herritarrek, betiere, Tolosaldean bizi badira edo eskualdearekin lotura badute. Gainera, irudia bidaltzen duena izan beharko da argazkiaren jabea, eta beste inon argitaratu gabea izan beharko da. Argazkiak www.ataria.eus webgunean lehiaketarako egindako aplikazioaren bidez bidaliko dira, eta webgune berean egongo dira ikusgai, lehiaketarako sortuko dugun argazki galerian.

Webgunean ez ezik, Ataria-ko artxiboan ere gordeko dira irudiak, eta antolatzaileak beretzat gordeko du jasotako lanak publikatzeko eskubidea. Lehiaketa honetako parte-hartzaileak, bidalitako lanen jabe den neurrian, lanak erabiltzen eta jendaurrean erreproduzitzen utziko dio Ataria-ri, euskarri inprimatuan edo interneten, betiere, egilearen izena adieraziz.

Bestetik, bidali beharreko irudiek hainbat ezaugarri bete beharko dituzte, hala nola, 30x20 zentimetroko gutxieneko tamaina, koloretan zein zuri-beltzean izateko aukera, kalitate aldetik, gutxieneko bereizpena, eta 2021eko udako argazkiak izatea. Argazkiarekin batera, egile bakoitzak bere izen-abizenak, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa adierazi beharko ditu; Atarikidea izanez gero, izenarekin batera jarri beharko du bere harpide zenbakia.

Behin argazkiak jaso ondoren, irailaren 21ean hasiko da bozketa, arestian aipatutako webgunean; urriaren 6ra bitarte egongo da botoa emateko aukera. Argazki irabazleak eta horien egileak urriaren 8an jakinaraziko ditugu, Ataria astekarian, Ataria Irratian (107.6 fm) eta www.ataria.eus webgunean.

Sariei dagokienez, zorioneko hiru partaide izango dira. Epaimahaiaren saria jasotzen duenak, Opari Bonu Orlegia izango du; bi lagunentzako bi gaueko egonaldiaz gozatu ahal izango du, gosari eta guzti, Nekatur Nekazalturismo Elkartearen eskutik. www.ataria.eus -eko erabiltzaileen saria lortzen duenak, bi lagunentzako otordua irabaziko du, Bidania-Goiazko Bailara jatetxean. Azkenik, Atarikideen Saria ere izango da; produktu kosmetikoekin osatutako Lixoneren bi saski zozkatuko dira parte hartzen duten Atarikideen artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!