Tolosako udal gobernuak zenbait puntu argitu nahi izan ditu karrozen aferaren harira

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 6a, 19:11

Karrozen kokaleku eta gainerako jarraibideen harira argitaratu diren mezu batzuk ez zaizkio egokiak iruditu eta zenbait puntu argitu nahi izan ditu, betiere, Inauterietako Karroza Batzordeko kideek desadostasuna adierazteko eskubide osoa dutela azpimarratuz.

Inauterietako Karroza Batzordeak azken egunetan hartutako erabakia dela eta, Tolosako udal gobernuak adierazpen bat argitaratu berri du. Bertan, zenbait puntu argitu nahi izan ditu:

Bellota pabiloia

Udal gobernuak adierazi du karrozen elkartearekin lehen bilera uztailaren 3an egin zuela, kargua hartu eta bi astera. «Premiazkoa zen gai baten harira egin zen bilera hori: Bellota pabiloiaren jabe berriek alokairuarekin ez jarraitzeko erabakia zela eta, leku berria topatzeko beharra».

Urte batzuk dira, karrozak gorde ahal izateko, udala Usabal industrigunean kokatuta dagoen Bellota pabiloia alokatzen hasi zenetik. «83.490 euro ordaintzen ditu udalak urtero alokairuagatik, lizitazio bidez, eta inondik ere ez du eraikin horren jabetza izan», argitu nahi izan dute. 

Duela bi urtera arte eraikinaren jabea izan zen enpresak pabiloia beste enpresa bati saldu zion, eta 2023ko urrian amaitzen zen kontratua ez zuela berrituko adierazi zion udalari. «Hau ikusita, kargua hartu berritan, Kultura eta Jaietako zinegotziak, teknikarien laguntzaz, aukera berriak bilatzen aritu dira buru-belarri: eraikuntza-enpresekin harremanetan egon dira eta Tolosako, Anoetako eta Irurako industriaguneak banan bana bisitatu dituzte». 

Irailaren 3an, berriz, jabe berriekin alokairua beste urtebetez luzatzea adostu zuten udal ordezkariek. Aurtengo urrian amaituko da akordio hori. «Bilaketek ez dute fruiturik eman, eta gaur gaurkoz, ez dago karrozak gorde ahal izateko baldintzak -azalera, sarbide egokia eta arrazoizko prezioa- betetzen dituen pabiloirik alokagai Tolosa eta inguruetan; hala ere, bilaketa horrekin jarraitzen dugu egunerokoan», esan dute. 

Karrozen irteera eta garraioa

Udal gobernuaren iritziz, lege ikuspegitik -udal eskumenekoak ez direnak-, karrozak atera ahal izatea ez da erraza, ez dituztelako trafiko eskakizunak betetzen. «Ez dute zirkulaziorako baimenik, eta hutsune horretaz jakitun izanda, udalaren ahalegina izan da karrozak ateratzeko modua topatzea».

Horretarako Udaltzaingoak bide bat proposatu zuela azaldu du udal gobernuak: «karrozak garabien bidez garraiatzea erdiguneraino, udaltzainek gidatutako konboi berezietan. Autopropultsatuak diren karroza gutxi batzuk ere badira, eta horiek konboiaren parte izanda, lege babesa izango lukete. Hain zuzen, ibilbide hori izaten da unerik arriskutsuena, tamaina, egitura eta gidatzeko zailtasunagatik». Iaz gainera, istripua izan zen, auto bat jo baitzuen karroza batek, eta tamaina handiko beste karroza bat ez atzera ez aurrera geratu zen, matxura bat tarteko. «Istripuak saihestu eta arriskua murrizteko izango dute karrozek garabien laguntza», gaineratu dute. 

Lana egiteaz arduratuko diren profesionalekin txandak, ordutegiak eta ibilbideak zehaztu direla ere argitu du udal gobernuak: «bi konboi edo multzotan egingo dute ibilbidea, batzuk 09:00etan eta beste batzuk 10:00etan, 11:00etarako guztiak prest egon daitezen. Modu berean egingo da itzulerako bidea, Rondilla kalean izango diren bi karrozek izan ezik. Autopropultsatuak izanik, bialetik aterako dira, udaltzainek lagunduta, eta gainerako karrozak baino lehenago».

Honek, batetik, bidean egon daitezkeen pertsona eta autoen segurtasuna hobetuko duela uste dute, baita karrozetako partaideena ere, beraiek gidatu ordez, garabi enpresako profesionalek egingo dutelako. «Alkoholaren eraginpean ez dagoen norbaitek garraiatuko ditu karrozak, gainera, beti ez baita hala gertatu. Udalaren ustetan, urrats handia da, denon mesederako». 

Asegurua

Legeztatzeko eta balizko istripuren baten aurrean babes gehiago izateko bide horretan, bada hartu den bigarren neurri garrantzitsu bat: erantzukizun zibileko asegurua izatearena. «Herri askotan egiten da hau, eta Tolosako Inauterietan bertan ere badira adibide gehiago, kaldereroetako edota Aisialdi Taldeetako karrozak esaterako». Eragile gehiagori ere, besteak beste, txosnaguneari, eskatu die aurten asegurua. «Neurri hau ez da zerbaiten ondorio, ezerren aurreko babes baizik. Aseguru hori, gainera, udal teknikariek bilatu eta hitzartu dute».

Kokalekuak: Rondilla kalea

Karrozen kokalekuak zehazterakoan, udalak segurtasun irizpideei lehentasuna eman diela esan dute. «Udaltzaingoak urteak daramatza Rondilla kalean irizpide horiek betetzen ez direla azalduz. Batetik, jende pilaketak izaten dira, beste kale batzuk baino estuagoa delako; bestalde, eta garrantzitsuena dena, larrialdi kasuetan, ibilgailuek ezingo lukete bertatik pasa. San Frantzisko ibiltokiaren ezaugarriak erabat ezberdinak dira; zabalagoa izateaz gain, jendez lepo egon arren beste kale batzuetatik sarbidea izango lukete larrialdietako ibilgailuek: Zumalakarregi, Soldadu, Laskoain, Gernikako Arbola edo Samaniego».

Karrozen elkarteak Rondilla kalean bost karroza kokatzeko eskaera egin izan du, baina udal gobernuaren esanetan, kopuru horrek ez ditu Udaltzaingoaren segurtasun irizpideak betetzen. «Karrozen elkartearen eskakizunak aintzat hartuta, erdibideko aukera bat aztertzeko eskatu genuen, segurtasun irizpideen barruan ahal bezain beste karroza sartzeko. Rondilla kaleko puntu estrategikoetan bi karroza kokatzeko aukera begi onez ikusi zuen Udaltzaingoak. Hau da, alboan kale perpendikular bat dagoen lekuetan, Andia kalearen parean eta Atari eta Antonio Lekuona kaleen artean. Modu horretara, larrialdi baten kasuan karrozak kale horietara mugitu litezke. Autopropultsatutako karrozak izango dira bi hauek, garabi edo bestelako ibilgailuren baten beharra izan ez dezaten horretarako».

Udalak antolatutako kontzertu eta gainerako ekitaldietarako, hala nola, Plaza Berriko kontzertuetarako edo zezen plazako ikuskizunetarako, irizpide berdinak hartu behar izaten dira kontutan. «Hitzordu bakoitzak bere betebeharrak ditu, eta horrela betetzen ditu udalak».

Harremanaz eta teknikarien profesionaltasunaz

Udalak adierazi du bilera ugari egin dituela karrozen elkarteko bozeramaileekin. «Zinegotziak eta teknikariak egon izan dira bilera horietan. Urtarrilaren 22an, bilera irekia ere izan zen, alkatea bertan zela. 14 karrozatako ordezkariak bertaratu ziren, guztira 60 pertsona inguru. Ordura arteko urratsak eta hartutako erabaki hauen nondik norakoak azaldu ziren, eta ia inork ez zuen kontrako jarrerarik erakutsi».

Inauterien antolaketan udaleko sail askotako teknikariek parte hartzen dutela gogorarazi dute: «Hilabeteetako lana da horietako batzuren kasuan. Eragileekin egiten diren bilerez gain, barruko lan bilera, dei, mezu eta lan administratibo asko dago atzetik. Horregatik, ez dira inondik ere onargarriak udal langileen profesionaltasuna zalantzan jartzen duten mezuak».

Karrozen etorkizunaz

Azkenik, nabarmendu nahi izan dute norbanako, talde, elkarte eta bestelako eragile askoren parte hartzeari esker egiten direla Inauteriak. «Askotan errepikatu izan da mezua udaletik: ez dago festak bizitzeko eredu bakar bat, asko dira moduak. Eta horregatik, denei espazioa modu orekatuan eskaintzeko ahalegina egiten du udalak. Horregatik, argi eta garbi adierazi nahi du udalak neurriok ez doazela karrozen aurka, kontrakoa baizik: epe luzera begira modu egokian beren espazioa izan dezaten bermatu nahian hartutako neurriak dira».

Tolosako Udalak oso presente du karrozek, beste eragile askok bezala, inauterietan duten garrantzia. «Urteak dira karrozen elkartea sortu zela, eta urrats asko egin dira elkarlanean karrozen presentzia arautu eta bermatzeko. Udalak eskakizun eta proposamen ugari jaso izan ditu elkarteko kideen eskutik, eta horri ere dagokion balioa eman behar zaio. Bide horretan, azken urteetan egindako proposamen, esfortzu, lanketa, akats eta erabaki zuzenek, denek, balioko dute Tolosako Inauterien antolaketan hobetu eta pausoak aurrera emateko, denek izan dezaten lekua denon Inauterietan».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!