Karrozek bi orduko geldialdia egingo dute Zaldunitan

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko ots. 5a, 14:04

2020an ere, Inauerietako Karroza Batzordeak deituta, bi orduko geldialdia egin zuten ehunka herritarrek.

Inauterietako Karroza Batzordeko kideak haserre agertu dira udalak aurten izandako jokabidearekin; 12:00etatik 14:00etara ez dute ikuskizunik egingo.

Ohikoa den moduan, Tolosako Inauteriak ondo pasatzeko eta gozatzeko egunak izango dira tolosarrentzat. Guztiek, ordea, ez dauzkate pozik egoteko motiboak. Inauterietako Karroza Batzordeko kideak haserre agertu dira festa berezienen atarian, eta zenbait erabaki direla eta, bi orduko geldialdia egingo dute igandean, Zaldunita egunean. 12:00etatik 14:00etara izango da geldialdia. Tartean, elkarretaratzea egingo dute eta erabakiaren inguruko arrazoiak azaltzen dituen grabaketa jarriko dute, herritarrek entzuteko. 14:00etan,  berriro hasiko dira ikuskizunak.

Geldialdia egitearen arrazoi nagusietako bat da Bellota pabiloia (gaur egun karrozak gordetzen dituzte lekua) ez dela erabilgarri egongo datozen urteetan, eta beraz, ez daukatela karrozak gordetzeko lekurik bermatuta. «Ez da aurtengo kontua. Bi edo hiru urte igaro dira berri hau jaso genuenetik eta zenbait proposamen jarri dizkiogu mahai gainean udalari, hala nola, salgai edo alokagai zeuden pabiloien iragarkiak edo egitura sinple bat egitearen ideia. Hala ere, ez da inolako aurrerapenik egon. Elkarteko kideek baieztatu dutenez, udalak dagoeneko saldu du pabiloia, eta karrozak barruan dituzte, «erosleak oraindik pabiloian berrikuntzarik egiteko asmorik ez duelako».

Segurtasun lanak
Bestetik, aitortu dute aurtengo inauteriak aurrera eramatea «oso zaila» izaten ari dela. «Hasiera batean, udaletik esan ziguten kamioiak ezingo zirela atera, eta ondoren, kamioiak irtetekotan, Rondilla kalean ezingo zela karrozarik egon. Proposamen honek xantaia kutsu handia izan zuen, kamioiekin ateratzearen edo Rondilla kalean jartzearen artean aukeratzera behartu nahi gintuztelako». Alkatearekin bilera bat egin ondoren, Rondilla kalean bi karroza egotea lortu zutela esan dute, udaltzain buruak gehiago ez dituelako uzten. «Txosten tekniko bat eskatu dugu arrazoi guztiak ondo jakiteko baina ez dugu ezer jaso».

Iaz istripu bat izan zen, karroza batek auto bat jo zuelako, eta ondorioz, Udaltzaingotik karrozen joan-etorria Santa Luzia garabi enpresaren bitartez egiteko proposamena jaso zuten. «Gure ustez, bere lana errazteko izan zen, guri arazoak besterik ez dizkigu eman eta», adierazi dute. Oro har, Udaltzaingoaren jarrera ez zaie batere gustatu. «Beraiek proposatutako ideia bat garatu behar izan dugu, eta gero, Rondilla kaleko aferaren inguruan hitz egiteko bileretara etortzeko esan zaienean, ezezkoa jaso dugu». Gainera, istripuaren ondorioz, hirugarrenentzako aseguru bat kontratatzera eta ordaintzera behartu dituztela esan dute.

Honi lotuta, aurreko urteetan Udaltzaingoak izandako jarrera salatu dute. «Beti izan dute karrozen jaitsieran eta igoeran laguntzeko betebeharra, gu segurtasunez mugitu ahal izateko errepideak moztuz. Horren ordez, pabiloira etorri eta karrozak ateratzen hasi orduko alde egiten zuten, beste betebehar guztiak alde batera utziz eta trafikoaren koordinazioa karrozetako kideen esku utziz».

Txosten teknikorik ez
Elkartetik esan dutenez Rondilla kalearen eta karrozak mugitzeko moduaren inguruko aldaketak ustezko segurtasun txosten tekniko batean oinarritzen ziren; «askotan eskatu arren, ikusi ez dugun txosten batean», nabarmendu dute. «Gainera, txosten horren ustezko edukia aldatzen joan da bileraz bilera, udalak behin baino gehiagotan esan baitigu bere argudioak txosten horretan oinarritzen zirela, eta argudioak bilera batetik bestera aldatuz joan dira».

Lehenik, Rondilla kalean karrozak ez egotearen arrazoia Larrialdi Zerbitzuetako garraiobideek igaro ahal izatea zela esan zien udalak. Hala ere, San Frantzisko ibiltokian eta udalak antolatutako kontzertuetan ere arazo berdina aurreikusten du elkarteak. «Aurrerago, bere proposamena (azken karroza ia Araba etorbidean kokatzea) onartuko ez genuela ikusi zuenean, estrategia aldatu zuen udalak. Azkenean, erabakirik hartuko ez genuela ikusita, gaur egun dugun ibilbidea osatu zen. Argi geratu da segurtasun txostenik ez zegoela benetan eta negoziaketan abantaila moduan baliatzeko asmatu zuten kontua besterik ez zela».

Berrikuntzen ondorioz, joan-etorriak egiteko askatasun falta salatu du elkarteak. «Udalak eta garabi enpresak ezarritako ordutegira egokitu beharra daukagu. Zaldunitan eta Asteartitan ezingo gara nahi dugunean bueltatu, konboi batzuetan mugitu behar garelako».

Elkarlanerako borondatea
Elkartetik adierazi dute beti izan dutela udalarekin elkarlanean aritzeko «borondate osoa» eta askotan adierazi dutela hori. «Jarrera proaktiboa izan dugu, proposamenak eginez eta ezarritako neurriak betetzeko formula desberdinak bilatuz. Hau horrela, ez dugu uste udalaren aldetik jarrera bera jaso dugunik. Udalaren interesa da urtero inauteriak salbatzea, eta interes horren aldekoak diren ideia eta eskakizunak garatzeko laguntza jaso dugun arren, gainerako gure interesak ahaztu direla uste dugu».

Esan dutenez, elkartearen proposamena izan zen karrozetan argindarra jartzearen aldaketa. «Proposamen hau egitean, berehala jarri ziren lanean, argindarraren gainean kontrola izateak karrozen ordutegiaren gaineko erabateko kontrola ematen zien eta. Aldiz, karrozen epe luzerako egonkortasuna lortzeko ahaleginak alde batera gelditu dira, eta iruditzen zaigu, helburu hau lortze aldera, udalak inoiz ez duela lanerako prestutasun eta grina bera erakutsi».

Bestetik, karrozen segurtasun arazoei amaiera emateko,  pixkanakako berriztapen bat egiteko proposamena luzatu zien udalari. «Urtero karrozen diru laguntzetarako bideratutako kopuruaren zati bat erabili zezaketen horretarako. Ideia hau, ordea, aspaldi ahaztuta dute, bere interesekin bat ez zetorrelako, eta «ikusiko dugu» eta «aztertuko dugu» bezalako erantzunak besterik ez ditugu jaso».

Duela lau urte ere
2020ko Zaldunita egunean ere planto egin zuten ehunka herritarrek. Bi orduko eserialdia egin zuten orduan, Trianguloa plazan, karrozak ere inauterien parte zirela aldarrikatuz. Orduan onartu zuten arazo bat zegoela soinuarekin, baina ez zeuden ados udalak «inposatutako» arauekin. «Urteak dira karrozok mugak jasaten ditugula eta esan nahi duguna da inauteriek bere izaera galdu dutela», adierazi zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!